Mundua eskuz begiratuta

Mundua eskuz begiratuta

Natalia Salazar Orbe

Brontzearen hotzak, atzamar punten berotasunaren kontrako norgehiagokan, aurrean duen elementuaren zertzeladak ematen dizkio bisitariari. Begiak itxi, eta eskuak baliatu, artelanaren formak eta esanahia barneratzeko eginahaletan. Itsu-itsuan. Aurrean dagoenak hitz egingo duen zain. Eta hark dioena norberak ulertuko duen zalantzarekin. Eskuz ukitutakoak errealitatearekin zer-nolako lotura duen aurkitzeko irrikaz. Gizon garai eta argal bat, eskuan kate bat duena, txakur bati lotuta. Miguel Detrellen Hombre con perro eskultura. Ikusi eta Ukitu erakusketa ibiltariak dituen lanetako bat da. Bilboko Ondare aretoan egongo da hilaren 15era arte. Ikusmen arazoak dituzten pertsonek egindako lanak eta arazo hori duten pertsonentzat pentsatu eta egindakoak jaso dituzte bertan. ONCE erakundeak duela 25 urte sortu zuen Museo Tiflologikoko 18 lanek eta 14 elementu tiflologikok osatzen dute erakusketa.

Los novios eskultura ere eraman du Detrellek Ondare aretora. Material bera erabilita irudikatu du artistak bikote bat, lepotik helduta. Txikitatik ekin zion marrazkigintzari Detrellek. Bederatzi urterekin, ordea, itsu geratu zen, eta eskulturarako teknika propioa garatu behar izan zuen. Haren figurak meheak dira. Buru borobilduetan ez die inongo aurpegi ezaugarririk gaineratu. Hala ere, artistak pertsonaiengan jartzen duen sentiberatasun handiari esker, sumatu egiten dira.

Protagonista ezezagunen ondoan, eraikin ezagunek osatzen dute ONCEk Bilbora eraman duen erakusketaren laginaren atal handi bat. Shah Jahak mausoleo bat eraikitzeko agindu zuen hildako emaztearen omenez. Taj Mahal 1632 eta 1648 artean eraiki zuten, Indian. Eraikin horren erreplika eratu dute itsuek ikusteko moduan, eta Ondare aretoan jaso. Erliebeei esker, begiz ikusi ezin dena eskuz ulertzeko aukera ematen du maketak. Materialaren testurak eta hura lantzeko erabili duten teknikak erraz ulertarazten diote bisitariari eraikinaren forma oktogonala. Gain-gainean duen kupula handiaren leuntasunari jarraituz, jauregiaren leiho eta grabatuen formak antzemango ditu ukimenak. Apurka, barrutik abiatutako azterketak kanpoalderantz bideratzen du eskuen ikuskaritza. Beste lau kupula txikiagok eta kanpoaldeko lau zutabe mehek osatu eta inguratzen duten egitura nagusiraino daramatzate atzamarrak.

Koranak deskribatzen dituen paradisuen ereduari jarraituz eraikitzeko eskatu zuen Jahak. Eta erreplikak ere oinarri horri jarraitu dio. Munduko txoko urrutietako monumentuak gertutik ezagutzeko aukera dute, era horretan, ikusmen arazoak dituzten pertsonek. Alhambrako Lehoien Patioaren eta Jauregi Arabiarren irudikapen orokorra egiteko modua ere izango dute erakusketaren bitartez.

Ikusmen arazoak dituzten pertsonek egindako koadroek eta argazkiek osatzen dute lagina. Kolore biziak, forma markatuak zein zehaztugabeagoak; denetarik ageri da artelanotan. Atzean duten historiek erakargarriago egiten dituzte. Braille sistemaren garapena ere kontatzen du Ikusi eta ukitu erakusketak.

Enpatia eta laguntza

Artelanak erakusteaz gain, mezu bat zabaldu gura du erakusketak: itsuek eta ikusmen edo antzeko arazoak dituztenek aurrera egin dezaketela bizitzan, eta gauza asko lor ditzaketela. Hori ikusarazteko film labur bat dago aretoan bertan. Diego haurra du protagonista. Irakasleak loreen koloreei buruzko idazlan bat egiteko agindu die. Diegok ez daki koloreak zer diren ere. Lagun batek arrasto batzuk emango dizkio: “Bitxiloreak horiak dira, larrosak, gorriak….”. Horrekin, amak kontatutako ipuin batekin eta txorien txorrotxioa entzunda irudikatu du loreen koloreari buruzko azalpena. Eta gai izango da eskolan bere proiektuaren berri emateko.

Babes eta laguntza txiki horrekin bai baitago aukerarik mundua eskuz edota bestelako zentzumenez ikusteko.