Guay

Igor Elordui Etxebarria

Hauxe pasa den zapatuko BERRIAn argitaratu zen Zaldieroaren De Rerum Natura zinta: landa batean jesarrita daude, lasai antzean, Gorentasuna eta Yoda. Gorentasunak diotso Yodari “Atzo euspañolez ari ziren gazte batzuk ikusi nituen kalean…”. “Euskañolez?” galdetzen dio Yodak; “Ez, ez: Euspañolez. Euskañolaren eboluzio are garatuago bat! %10a euskara zen (gutxi gorabehera!)”, erantzuten dio Gorentasunak.

Egunotan Euskaltelen udako kanpainako iragarkia ematen ari dira ETB1en (euskaraz) eta ETB2n (gaztelaniaz). GUAY-FI oporretan da kanpainaren leloa, eta, hitz-jokoak argi iradokitzen duen moduan, xedea da oso modu guayan jakinaraztea konpainia laranjarekin kontratua edukiz gero oporretan wifia eduki dezakezula, zoazen lekura zoazela, mugikorretarako aplikazio baten bidez.

Spota nerabeei zuzenduta dago (edo hobe esanda, nerabeak amua dira eta nerabeen gurasoei zuzenduta dago) eta, horrexegatik, nerabeak dira protagonistak. Gurasoei egiten diete berba spotean, preseski. Iragarki landua, estetikoki akatsik gabekoa, marketinaren ikuspegitik zuzena… baina, ai, erdarazko bertsioan gaztetxoek gurasoei “los aitas“, eta aitona-amonei “los aitonas” esaten diete. Badakit kalean horrela esaten dela eta Euskalteleko kanpainaren arduradunak horixe bera ihardetsiko lidake. Edozelan ere, erraza zen, ba, ondo egitea; nahikoa zen “aita y ama” eta “aitona y amona” esatea. Nik ikasleei, halakoak botatzen dituztenean, egiten diedan txantxa da esatea Euskal Herria guraso gayz beterik dagoela (“son los aitas de“, “han venido los aitas de“…).

Baina txantxatik harago, Boli-Dorreko euspañolaren euskarazko %10 horrek ez ninduke gehiegi kezkatuko ez balitz, kasu honetan bezala, okerreko erabilera egiten dela; hizkuntzaren erabilera sexista, heteropatriarkala eta espainola ezkutatzen duela (nire lagun batek esan zidan bezala, ikuskera españomatxista); eta, gainera, hizkuntza batetik besterako joan-etorria egin dezakeela, alegia, euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara, boomerang batek bezala.

Argi gera bedi, ez da garbizaletasun (edo garbizalekeria) kontu bat. Nire etxean leihoa bentanie, sardexka tenedorea eta dilistak lentejak dira eta ez naute horrenbeste kezkatzen euskañolaren osea, eske eta pues guztiek.

Dena dela, tentazioari ezin eutsi, hemen tartetxo bat eskaini gura diot hain gurea eta hain jatorra den ba(da) oso modu guayan gaztelaniazko pues-arekin ordezkatzen hasi den euskaldun peto andanari: Zergatik egiten duzue?

Baina ez, ez naiz ari horretaz. Zaldieroaren euspañolari buruz ari naiz, eta bereziki, euskarazko berbak gaztelaniaren zentrifugagailuan sartu eta gero, txarto, oker eta desegoki erabiltzeari buruz; “los aitas” esatea bezain asaldagarriak izan daitezkeenak edota, beste barik, guaykeria nardagarriak.

Eta amaitzeko, irakurle,

eskerrik, muxus eta agurrak.