Analisia: Hamahiru hausnarketa memoriaz

Analisia: Hamahiru hausnarketa memoriaz

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bat: urteurren borobila izan du aurten 1936ko gerrak Euskal Herrian. 81 urtean memoria ahazkorragoa izango da?

Bi: memoria historikoa beti izan da arma politiko bat. Adibidez, oraindik ere, uztailaren 18aren bueltan jarraitzen dute langileek udako estra jasotzen. Joandako garai bateko fosila da edo erabat joan ez den garai baten sintoma?

Hiru: memoria berreskuratzeari buruzko bizipen pertsonal bat. Kazetaria 1936ko gerraz herritarren lekukotzak hartzen dabil, elkarrizketatu bat bere iloba alboan duela mintzo zaio. Bukaeran, hala aitortu du ilobak: “lehen aldia da amonari halakoak entzuten dizkiodala”. Entzun gabeko zenbat ahotsi emango zaie lur? Egia edo egiak azalaraztea beharrezkoa baldin bada, baliabide gehiago hartu beharko dira tokian tokiko herritarren lekukotzak hartzeko.

Lau: Lekukotzak hartu eta gutxira, 1936ko gerrako borrokalari baten hobi batean, hiru urteko haur batek haren amari galdera: “Zergatik daude hezur horiek hor?”. Isilune luze bat. Erantzunik gabeko beste galdera bat. Hezkuntza da herri baten oroimen historikoa eraiki eta deseraikitzeko armarik eraginkorrena. Hain zuzen, Madrilek zehazten du Hego Euskal Herriko ikastetxeetako edukiek jarraitu beharreko ildoa eta Espainiako Gobernuak ez du 1936ko gerran sakontzeko gogo handirik erakutsi.

Bost: heldu bat umeak ikusi dituen hezur beren aurrean. “Zerk egin du posible hezur horiek oraintxe arte hor jarraitzea?”. Okurritzen zaizkio erantzun posible ugari, baina beldurgarriak dira guztiak, eta nahiago izan du isilik geratu.

Sei: PPk ez du frankismoa salatzen. Nazio Batuen Erakundeak frankismoaren biktimekiko “utzikeria” leporatu dio Espainiako Gobernuari eta premiazko neurri batzuk lehenbailehen hartzeko eskatu dio “egiaren, memoriaren eta erreparazioaren” mesedetan. PPk 0 euro eman dizkio 2017ko Espainiako aurrekontuetan oroimen historikoaren lanketari. EAJk PP babestu du aurrekontuen eztabaidan.

Zazpi: akaso memoria ere zatika soilik berreskura litekeen bezala, ez dago memoriari buruzko gogoetak ere zatika egitea beste modurik.

Zortzi: Inor ez dute 1936ko krimenengatik zigortu. Kontrara, saritu ere egin zituzten, nolabait: 1936ko kolpe militarreko hainbat kide erakunde zibiletara lekualdatu zituzten funtzionario modura. Espainiako armada, kolpe militarra egin zuen bera, inolako aldaketarik egin gabe dago oraindik. Oinarri horiekin eraiki da, gaur egungo Demokrazia.

Bederatzi: Argentinako Auzitegi Nagusia ari da 1936ko gerra eta frankismoa ikertzen, Maria Servini epailea buru dela. 80 urteren ondoren. Esaten da justizia geldoa ez dela justizia. Soka horri segiz gero, esan daiteke soilik Argentinatik egiten den justizia ere ez dela erabateko justizia?

Hamar: Zaurian ez zirikatzeko, aspaldiko kontuak direla 1936koak eta iraganean arakatzeak ez duela merezi. Hori uste dute gaur egun politikari eta herritar askok. Baina ondo itxi den zauri bat nekez ireki eta odolustuko da berriz, ez bada sendatu gabe dagoela oraindik.

Hamaika: Wikipendiaren arabera, 200 lagun hil ziren Gernikan 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan.

Hamabi: Joseph Goebbels Hitlerren propaganda ministroak esana: “Mila bider errepikatzen den gezur bat egia bihurtzen da”. Alemanek bonbardatu zuten Gernika.

Hamahiru: Telefono dei bat. “Bai, nor da?”, hartu du nagusi dirudien andre batek. Beste aldetik erantzuna. “Kaixo, Ramon Portilla Acedoren senitartekoa zara?”. Isilunea. “Bai, banuen anaia bat Ramon izenekoa. Baina gerran hil zen, Artxanda inguruan”. Isilunea berriz. “Haren gorpua aurkitu dugu”. Isilunea berriro ere. Luzea. Luzeegia. Hasperen bat. 80 urte pasatu dira.