Aldundiak 27 lanposturako deialdia onetsi du, zortzi arlotan banatuta

Aldundiak 27 lanposturako deialdia onetsi du, zortzi arlotan banatuta

Peru Azpillaga

Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat lanpostu publikorentzako deialdia jarri du martxan. Denera, 27 lanpostu eskainiko ditu 2017ko lan eskaintza publikoaren lehen fase batean. Asteartean onetsi zuen erakundeak fase hori.

Lanpostuei dagokienez, hainbat arlotan banatu dituzte: finantzen ikuskatzailetzarako 11 aurreikusi dituzte; lau hartuko dituzte psikologia arloan; bi euskarazko itzultzaile gisa; beste bi euskara, ingelesa eta gaztelania itzultzaileentzat; lanpostu bana hizkuntza normalizaziorako eta industria ingeniaritzako teknikarientzat; Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial izateko lanpostu bat, eta, azkenik, bost lanpostu aniztasun kognitiboa duten pertsonentzako zerbitzuetan. Hala, ateratako lanpostuen kopurua bat dator Aldundiak aurreikusitako berritze-tasarekin.

27 lanpostu horiez gain, barne sustapenerako beste hamar eskainiko dituzte. Hala aurreikusi dute. Azken lanpostu horiek Aldundiaren Giza Baliabideen Planekoak dira. Lau alorretan banatu dituzte: lau lanpostu liburutegi laguntzaile gisa; bi basogintzako langilezainentzat; hiru mekanikari gidari moduan aritzeko, eta telefonista lanpostu bat.

Bost lanpostu berri

Berritasunak iragarri ditu Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak: “Lehenengo aldiz deituko dira aniztasun kognitiboa duten pertsonentzat gordetako zerbitzuetako langileen kategoriako plazak”. Guztira, bost izango dira arlo horretan eskainitako lanpostuak, eta deialdia aparteko txanda batean egingo dute.

Horren harira, Aldundiak jakinarazi du jada lanean daudela hautapen prozesu horretarako probak egokitzeko. Bengoetxearen esanetan, egokitzapen horiek espresuki egingo dira aniztasun kognitiboa duten pertsonak berdintasunezko egoeran sar daitezen.

Bigarren fasea, udazkenean

Horrez gain, Aldundiak beste fase baten berri ere eman du, bigarren. Hain zuzen ere, udazkenerako aurreikusi dute. Denera, 100 lanpustu publiko inguruko deialdia egitea espero dute. Bigarren fase hori baliatuta, langileak egonkortu nahi dituela iragarri du administrazioak.