Uemara batu berri dira Igorre eta Gabiria udalerriak

Urteko bigarren batzar nagusia egin zuen hilaren 11n Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Zestoako bainuetxean (Gipuzkoa), eta beste bi udal onartu dituzte erakundean: Bizkaikoa bat, Igorre; Gipuzkoakoa bestea, Gabiria. Horiekin, 84 udal dira gaur egun Uemako kide; 245.000 biztanleko eremu euskalduna osatzen dute.

Azken bi urteetan, Bizkaiko sei herrik erabaki dute erakundeko kide izatea: Dima, Ea, Ziortza-Bolibar, Areatza, Larrabetzu eta gehitu berri den Igorre. Udalak emandako datuen arabera, 2013an %75,28 ziren euskaldunak Arratiako herrian, baina dezente jaitsi da portzentajea azken hamarkadan: hain zuzen, 2001etik 2011ra bitarte 5,4 puntu egin du behera euskararen ezagutzak. Erabilerari dagokionez ere jaitsi egin dira ehunekoak: %50,3 da gaur egun, eta %61,2 zen 2001ean.

Arratia eskualdeko herririk jendetsuena da Igorre: 4.108 biztanle ditu. Ainhoa Zuloaga udaleko euskara zinegotziaren arabera, garrantzitsua da udalerria Uemako kide izatea, eta udalean adostutako euskara planari indarra emango diola azpimarratu du.