Ospakizunek argitutako gaua

Natalia Salazar Orbe

Bilbo hiribildu bihurtzeko gutuna 1300. urteko ekainaren 15ean sinatu zuen Diego Lopez Harokoak. 717 urte igaro dira orduz geroztik, eta Bizkaiko hiriburuak urtero ospatzen du urteurren berezi hori. Festa erraldoi eta ikusgarria prestatzen dute: argiek janzten dituzte hiriko eraikinik ospetsuenak, eta kaleak ekitaldiz betetzen dira. Gau Zuria da. Aurten ere, jaialdi handia prestatu dute iluntzetik gaueko ordu txikietara bitartean. 30 ekitaldi eta ikuskizun baino gehiago eskainiko dituzte; doan, aire zabalean.

Hirigunea dotore jantziko da. Apaingarri hoberenak soinean jarrita egingo die harrera bisitariei. 20:30ean hasita, hainbat eremutan gogoraraziko dute urteurrena: udaletxea, Martzana kaia, Zazpikaleak, Uribitarte, Guggenheim zein Itsasadarra Itsas Museoa, besteak beste. Hala, argien eta koloreen agertoki bihurtuko da Bilbo, antolatzaileek magikotzat jo duten gauean.

Gau horretan bakarrik ikusi ahalko dira espresuki ospakizun horretarako prestatu dituzten ikuskizunak. Argiztatuko dituzten eraikinek emango diote magikotasun kutsu hori. Irudi dinamikoen sekuentziak, argiz betetako lorategiak eta hiru dimentsioko irudien jolas parte hartzaileek ezustean harrapatuko dituzte bisitariak.

Bilboko itsasadarrak ere bat egingo du jaialdiarekin. Zubi Zuri zubia argia, kolorea eta soinua uztartuko dituen ikuskizunaren agertoki bilakatuko da. Areatzako aterpeei bizitza emango dio argiztatutako labirinto batek. Bestalde, Abandoibarra pasealekuan loreekin egindako instalazioak jarriko dituzte. Horrez gain, Udaletxeko zubian estropada berezi bat egingo dute.

Argia, argia eta argia. Horixe da Gau Zuriaren elementurik adierazgarriena. Argiz egindako baso bat loratuko dute Euskadi Plazan. Kolorea aldatzen duten argi koroek osatutako enbor eta ihiek osatuko dute baso hori. Handik gertu ere, Iberdrola dorrearen barruan, argia izango da protagonista. Argi instalazio bat, hain justu, musika klasikoaren emanaldi batek lagunduta. Abiatzear da adin guztietako ikus-entzuleentzako gau magikoa .

ARGIZTAPENA

Gau Zuriko ekitaldiak 20:30ean hasiko badira ere, 22:20ra arte itxaron beharko da eraikinak argiztatuta ikusteko. Udaletxean egin dute lehen hitzordua, eraikinaren 125. urteurrena dela aprobetxatuta.

Areatzako aterpeetan Argizko Sareak deritzon hari lumineszenteen labirintoa jarriko dute, arrantzarako hariak balira legez. Arrantzaleen mundua gogora ekartzeko saio hori portuetako ohiko soinuek girotuko dute. Besteak beste, porturatzen ari diren ontzien burrunba entzungo da.

Itsasoarekin lotutako tradizioek jarraipena izango dute itsasadarrean. Traineru estropadak dira errotuen dauden euskal tradizioetako batzuk. Hori baliatuta, hamabina metroko luzera duten bi traineru osatuko dituzte argiekin udaletxeko zubian. Traineru bakoitza modu mekanikoan mugituko da, eta, bien artean, estropada bat irudikatuko dute.

Gaueko olerkigintza saio bitxi batean murgilduko ditu bisitariak Uribitarten egingo duten ikuskizunak. Luma mekaniko batek mezu poetiko iragankorrak idatziko ditu laser argia baliatuta.

Argiak protagonista izango dituzten ekitaldietako batzuen adibideak besterik ez dira horiek. Hiriko hainbat gunek hartuko dituzte horrelako ikuskizun berezi eta bitxiak.

IKUS-ENTZUNEZKOAK

Azkuna zentroa ART-Izarrak bihurtuko da. Hau da, arte bizien erakusleiho eta laborategi. Oreka TX taldearen Jendartea azken lana taularatuko dute han, Thierry Biscaryren parte hartzearekin eta DJ bideo batekin batera. Dantzak lekua hartuko du Bilaka taldearen eskutik. Bestalde, Joseba Irazokiren musika esperimental eta abangoardiakoak bertikalean jarriko ditu, ekinean, dantzariak. Zirkuak ere izango du lekua agertoki horretan. Eta azkenaldian ezagun bihurtu den Huntza musika taldeak kontzertua emango du lekuan bertan.

Naxako geltokiaren etorkizuna aztergai dagoen honetan, trenari buruzko bideo-mapping saioa antolatu dute lekuan bertan. Tren geraleku batean dabiltzan bidaiarien joan-etorriak irudikatuta, irudiak proiektatuko dituzte, musikak eta dantzak lagunduta.

DANTZA

Itsasadarraren inguruan egingo dira saioetako asko. Martzana kaian, harreman pertsonalei buruzko Push-pull dantza ikuskizuna antolatu dute. 22:00etan hasita, bost saio egingo dituzte.

ANTZERKIA

XX. mendearen hasieran emakumeek soilik osatutako Madrilgo Lyceum Klubari buruzko antzerki emanaldia egingo dute Euskal Museoan. Pilar Zubiaurre, Zenobia Camprubi eta Carmen Baroja izan zituen bazkide. Emanaldi horretan, emakume aitzindari horiei eta haiek abiatutako egitasmoei balioa emango diete. Kultura eta hezkuntza unibertsala zituen helburu egitasmo horrek.

ELKARREKINTZA SAIOAK

Zenbait saiotan, ikus-entzuleen parte hartzea beharrezkoa izango da. Elkarrekintza hori baliatuta osatutako ekitaldiak izango dira. Bilboren adierazgarri diren lauzak protagonista ditu horietako batek. 6 x 6 metroko azalera duen lauza bat lurretik 40 zentimetrora kokatuko dute. Perimetro osoa argiztatuta izango du. Bisitariek lauzako marrazki geometrikoetako erliebeak zapaldu ahalko dituzte. Eta zapaltzen duten lekuaren arabera, argien eta soinuen sekuentzia bat aktibatuko da. Ingelesen landan antolatu dute.

Ipurtargien lorategiak ere antzeko planteamendua dakar. Ikusleekin elkarrekintzan aritzeko xedea duen argi labirinto bat da. Kez betetako airez beteko da EHUko Bizkaia aretoa. Ke horren barruan, laser argiek ikusleen ahotsen arabera erreakzionatuko dute, eta soinuaren frekuentziaren araberako irudiak aterako dituzte.

Dandelions argizko basoak hainbat neurritako txikoria-belar erraldoien 90 instalazioren artean ibiltzeko aukera eskainiko du. Jarduera horren bidez, birziklatzea eta energia aurreztea bultzatuko dute.

Bestalde, Bilboren ezagutzari buruzko jolas interaktiboa egingo dute Plaza Barrian. Ezagutzen al duzu Bilbo? galderari erantzun beharko diote parte hartzaileek. Bilbokoak ez diren eraikinak eta paisaiak alboratu beharko dituzte. Horixe da jolasaren gakoa.

IRAGANERA BEGIRA

Itsasadarra Itsas Museoaren inguruan egingo diren ekitaldiek oroimena izango dute ardatz. Itsasadarraren arabera… ekitaldian, esaterako, antzerki lana baliatuta, Bilboko itsasadarraren bizimodua kontatuko dute. Zubiak erabiliko dituzte horretarako.

Bestalde, Oroimena ekitaldiaren bidez ahaztutako historiak eta memoria ekarriko dituzte gogora. Soinuen, esperientzien ibilbidea, ibilbide bisuala eta bisitarien jakin-mina pizten duen ikuskizuna taularatuko dute. Argi, soinu eta sentsazioen performancea eramango ditu erreka ingurura. Ikus-entzuleak sorkuntzaren parte izango dira Ramon Sota kaian, Itsas Museoko dikean bertan.

KALE ANIMAZIOA

Gau Zuria egingo duten eremuaren ibilbide osoan, kale animazioa egongo da. Hain zuzen, antzerkiko eta kale animazioko konpainia ibiltariak batera eta bestera ibiliko dira 20:30etik 00:30era bitartean.

Biharkoan ez bada, nekez aurkituko dituzte bilbotarrek eta inguruko bizilagunek Gau Zuria ospakizunak eskaintzen dituen bezalako irudiak eta ikuskizunak. Zaila da jaialdi horretara gerturatzen diren bisitariak zenbatzea, hainbat agerlekutan biltzen baitira ikus-entzuleak. Hala ere, iaz egin zituzten kalkuluen arabera, 50.000 lagun baino gehiago elkartu ziren hiribilduaren urteurren jaialdian.