Noraezari irtenbidea emateko eskean

Noraezari irtenbidea emateko eskean

N. S. O.

Bilboko kaleek ibilgailuen gainetik pertsonei lehentasuna emateko lanean denbora gehien daramaten eragileetako bat da Biziz Bizi. Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren proposamena helburu hori lortzeko gai izango den zalantzan jarri du Rafa Ajangiz plataformako kideak. Ez du uste bidesariaren neurriak aurrera egingo duenik. Haren ustez, ondo legoke gauzatzea. “Auto gehiegi sartzen da Bilbon. Murriztu egin behar dira”. Eta kutsadura arazo larria dagoela ekarri du gogora. “Horixe dago Alfonso Gilek jasotako neurri horren eta beste batzuen atzean”. Udalak behin eta berriro baietz esan arren, Bilboko airearen kalitatea ez dela ona salatu du: “Airearen kalitateari buruzko kartelak jartzean beti jartzen dituzte Europa Parkean eta Mazarredon kokatutako estazioek neurtutakoak soilik. Maria Diaz de Haron dagoen hirugarrena ez dute aipatzen inoiz. Bertako neurketak gomendatutako mugetatik gora daudelako beti”. Konponbidea beharrezkoa dela deritzo: “Isuriek berotegi efektua sortzen dute, batetik. Bestetik, osasun arazoak arnas aparatuan”.

Bestalde, gogora ekarri du orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzen duen neurria aspaldi onartu arren ez dutela ezarri. Dena den, uste du “neurri bakanek” ez dutela eraginik izango.

Bizikletari dagokionez, jasotako neurriak “nahikoa orokorrak eta abstraktuak” direla uste du. Oinezkoentzako askoz gehiago aurreikusi dituzte. Ondo deritzo, baina iruditzen zaio badaudela zenbaitzuk herritarren egunerokoari begira eginda egon beharrean turistentzako eginda daudenak: “Kaleetan eta zubietan estalkiak jartzea aurreikusten duena, esaterako, merkataritzara begira proposatutakoa da. Oinezkoentzako bideetako seinaleak hobetzeko neurria turistei begira pentsatutakoa da. Besteok ez baitugu behar horrelakorik. Horretarako marrak margotuko dituzte zoruan, baina bizikletentzako ez dute egiten horrelakorik”. Semaforoen zikloak murriztea da beste proposamenetako bat. “Hala ere, jarraian esaten dute neurri hori aplikatuko luketela trafiko handiari eragozpenik egiten ez badio. Beraz, uste dute trafikoa ez dela eragotzi behar”.

Horrez gain, udalak eta bestelako erakundeek egiten dituzten azpiegituretan oso kontuan hartzeko gomendio batzuk eman ditu. Betiere, azken helburua bizikletei eta oinezkoei lehentasuna ematea bada. Besteak beste, igogailuak oinezkoentzako bideak errazteko elementu gisa bultzatzen ditu proposamenak. “Ondo dago, baina bizikletak ere sartu behar dira horietan. Baimenduta daude, baina ez daude horretarako pentsatuta, lekurik ez dagoelako”. Gauza bera gertatzen da garraio publikoarekin. “Metroaren hirugarren lerroan jarri dute leku bat bizikletentzat. Baina bi besterik ez dira sartzen. Beraz, ez dago eginda etorkizunean jendea bizikletaz ibiliko dela aurreikusita”.