“Gaitza da gure moduko klubak goiko postuetan egotea”

“Gaitza da gure moduko klubak goiko postuetan egotea”

Eider Mugartegi

Gutxik ezagutuko dituzte Isuntza arraun elkartearen gorabeherak Santi Zumaran Larrinagak (Lekeitio 1950) bezain ondo. 38 urte darama Lekeitioko arraun elkartearen lema eramaten. Elkartea sortu eta urtebetera sartu zen lantaldean, eta handik urtebetera, Jesus Mari Plaza —Isuntzaren lehenengo lehendakaria izan zena— ordezkatu zuen karguan.

Zelan sortu zen Isuntza arraun elkartea?

Valerio Basozabal algortarra lekeitiar batekin ezkondu zen, eta bere bidez lortu genuen lehenengo batela, Getxok emanda. Hortik hasi zen, geldi-geldi, elkartea aurrera egiten. Orioko Miralles ere etortzen zen, eta hasieretan hor ibili zen lanean Julian Arrate ere. Abila da jendea konbentzitzen, eta berak nahastu ninduen. Gero, berak ontzia utzi zuen, eta hemen nago ni oraindik.

Nola ekarri zenuten lehenengo batela?

Getxotik ekarri zen kamioian. Orduan ez zegoen furgonetarik. Estropadetara joateko ere trainerillak eta batelak kamioian eramaten genituen. Orain, karroak eta guzti dituzu, baina orduan ez zegoen horrelakorik. Getxokoaren ondoren, beste batel bat erosi genuen Plentzian, eta, gero, apurka-apurka gehiago erosiz joan ginen. Gaur egun, pila bat material daukagu.

Hasieran, diru nahikorik ere ez zenuten edukiko…

Gauzak aldatuz joan dira. Orain dela 32 urte, udalak miloi bi edo hiru milioi pezeta ematen zigun, eta gaur egun ez gara heltzen erdiaren erdira ere. Orduan, kirol asko ere ez ziren egoten, gaur egun talde asko daude, eta denen artean banatu behar da.

Nondik lortzen duzue laguntza orduan?

Babesleak bilatzen ditugu, eta beste erakunde batzuen diru laguntzak ere egoten dira beharrizanetarako. Aurten, Cikautxo kooperatibari milaka esker eman behar dizkiogu. Haiekin hitzarmen bat sinatu genuen, eta oso pozik gaude. Neskei ere laguntza handia eman diete. Gaur egun, gauzak dauden moduan egonda, gaitza izaten da babesleak edo laguntzak lortzea.

Estropadak eta txapelketak ere aldatu egingo ziren urte hauetan guztietan.

Lehen ere berdin egoten ziren, baina ez zen ligarik egiten. Gonbidapenez parte hartzen zenuen estropadetan. Taldeak ere lehengo antzera daude. Tolosako talde berri bat dabil, Itsas Lapurrak, baina beste berririk ez dago. Orain ligak daudenez, klubek A eta B traineruak izaten dituzte, baina batelek berdin jarraitzen dute. Bateletako estropadak egiten dira hasteko, gero trainerillenak, eta, gero, trainerua.

Nesken taldea ere sortu da Lea-Artibain.

Hori pozgarria izan da. Isuntzako zuzendaritza guztia oso pozik gaude. Bizkai guztian lehenengo nesken trainerua Lekeition egon zen. Cabo da Cruzekin eta Hondarribiarekin lehiatzen genuen. Bi urtez mantendu zen, eta gero desagertu egin zen. Lekeitio, Elantxobe eta Gernikako neskekin bat eginda osatu genuen trainerua. Gainera, ondo ibiltzen zen. Sasoi hartan Cabo da Cruzi irabazi egiten genion; horrek ere esan nahi du zerbait.

Aurten berriz hasi zarete.

Ondarroak eta Isuntzak bat egin dugu, eta Lea Artibai izena jarri diogu traineruari. Lehenengo urtea izateko, pozik eta gogo handiarekin dabiltza, eta horrek giroa ondu eta elkar ezagutzea eragingo du. Ez da erraza, baina ahalegina egingo dugu.

Zelako taldea osatu du Isuntzak aurten?

Senior, kadete, txiki eta kimuak batuta, 114 gaude. Zuzendaritza mailan, berriz, 13 edo 14 lagun ari gara lanean. Lehen pila bat gazte edukitzen genituen, baina, futbola hasi zenetik, arraunera baino lehen futbolera joaten dira gazteak. Urte moteltxoak izan ditugu; iaz eta aurten, ordea, oso pozik gaude. Ume pila bat daukagu, eta berriro etortzeko asmoa dutenak ere badira. Hori da, azken finean, klubaren etorkizuna. Beste klub batzuk diruarekin funtzionatzen dute. Horregatik, gaitza da gure moduko klubak goiko postuetan egotea. Arraunlari on bat badaukazu, eraman egiten dute.

Alde horretatik, aldatu egin dira gauzak. Arrauna profesionalizatu egin dela esan daiteke?

Lehen ez zen egoten horrelakorik. Herriko trainerua egoten zen, eta agian inguruko herrietako baten bat etortzen zen, baina ez zen fitxaketarik egoten. Denok dakigu zer dagoen egun. Guk gure harrobiarekin egiten dugu lan. Seniorretan, 29 arraunlari ditugu, eta, hiru izan ezik, beste guztiak dira hemengoak.

40 urte hauetan Isuntzak momentu onak eta txarrak biziko zituen. Zeintzuk oroitzen dituzu?

Lehenengotan, beti atzean ibiltzen ginen, eta, gero, geldi-geldi gorantz joan gara. Urte askotan puntako trainerua izan gara. Euskal Herri mailan, bederatzi, hamar, hamaika edo hamabigarren postuetan ibili gara. TKEn ere egon gara, hiru urte egin genituen maila horretan, eta Kontxan ere egon ginen 1986 eta 1999 urteetan. TKEn geundela hasi ziren taldeak fitxaketak egiten. Ondorioz, gure moduko klubak behera joan ginen. Jaitsi ginenean, Trintxerperekin batera, KAEn ere ligak egitea bultzatu genuen. Ez zutela balio gonbidapenek, gaur egun beste formatu batzuk egin behar zirela aldarrikatu genuen. Beti egon gara txanda onean. Gora igarotzeko kanporaketak ere egin ditugu, baina ez dugu lortu. Goian egotea eta puntan ibiltzea garrantzitsua da, ea aurten ere hor egoten garen.

Nola uste duzu ibiliko dela taldea denboraldi honetan?

Bateletan ondo ibili gara. Bizkaiko txapeldun gelditu ziren umeak, Euskadiko hirugarren eta Espainiako hirugarren. Gaztetxoak dira gure fruitua, horiek dira etorkizuna, eta hortik jokatu behar dugu. Haiek gustura ibiltzea nahi dugu. Bestalde, trainerua ere ondo ibiliko dela uste dut. Talde batzuk KAE1ean ere fitxaketak egiten hasi dira, eta zazpi edo zortzi traineru borrokan ibiliko garela uste dut. Gure asmoa lehenengo txandan egotea izango da. Ez da izango erraza, baina ahalegina egingo dugu.

40. urteurrena ospatzen duzue aurten.

Urte asko dira. Ospakizunak izan genituen joan den asteburuan, baina orain ligari begira jarri gara. Santurtzin hasiko dugu traineruen liga domekan.

Azpiegitura aldetik zelan konpontzen zarete?

Azpiegitura onak ditugu. Inork pentsatu baino lan gehiago dago hor. Hasi ginenean, batelak eta trainerillak portuan edukitzen genituen, Garabillako bodega batean. Gero, hortik Itsasoko Gizarte Institutuaren azpira igaro ginen. Ontziak ez zitzaizkigun kabitzen, eta Zita ostatuan sartu ginen. Itxita zegoen, baina atea ireki, sartu eta trainerua gorde genuen bertan. Bi urtez egon ginen horrela. Urte eta pikura, salaketa bat heldu zitzaidan etxean indarrez sartzeagatik, eta orduan Lekeitioko alkatea zen Jabier Txakartegirekin joan behar izan nintzen Bilbora eta Gasteizera. Bertan behera gelditu zen kontua azkenean, baina arduratuta egon nintzen. Trainerua atera eta gero, leku bila hasi ginen. Hostal azpian dagoen lokala udalarena zen, eta han egin zen kluba.