Ainhoa Larrabe Arnaiz
Logikara bueltatzea dela; haur eta gazteek, tokian tokiko ikastetxeetan, tokian tokiko produktuak jatea zentzudunena dela, eta, beste inondik eramatea baino hobe dela eskolako sukaldean elikagaiak prestatzea. Gero eta gehiago dira eskola jangeletako ereduak zalantzan jarri eta bestelako kudeaketa bat eskatzen ari diren Bizkaiko ikastetxeak. Eusko Jaurlaritzaren esku dago zerbitzua gaur egun, eta aldaketa eskariak pilatzen ari zaizkio erakundeari: Durangaldeko bederatzi ikastetxek ere egina dute eskaera formala. Erantzunaren zain daude oraindik, baina ez, horregatik, geldi. Indar gehiago bildu nahi dutela azaldu du Eli Agirre Berton Bertokoa egitasmoko kideak. “Hau ez da ikastetxeetara mugatzen den auzia, gizarte osoaren heziketarako balio dezake. Abiapuntua dira eskoletako jangelak”. Aldarrikapen jaialdia egingo dute Abadiñon ekainaren 10ean, eta gizarte eragile eta sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.
Iaz sortu zuten Berton Bertokoa egitasmoa hezkuntza komunitateko kideek, eta, ordutik, hazi besterik ez da egin. Gaur gaurkoz, Durangaldeko bederatzi ikastetxe biltzen dira proiektuan: Durangoko Landako eta Zabalarra, Iurretako Maiztegi, Abadiñoko Traña-Matiena eta Zelaieta, Zaldibar, Berriz, Atxondo eta Elorrioko eskolak. Orotara, 3.000 haur biltzen dituzte zentroek, eta jangela eredua alda dezala eskatu diote Jaurlaritzari bederatzi zentroetako Eskola Kontseiluek, guraso elkarteekin eta beste hainbat eragilerekin batera.
Ikastetxe bakoitzari orain arteko eredua ala bestelakoa garatzeko aukera ematea nahi dute egitasmoko kideek. Betiere, aukera guztiei babes instituzional eta ekonomiko bera eman, eta sukaldeko zein jangeletako langileen lan baldintzak errespetatuz. Argi dio Agirrek: beraiek ez dutela nahi jangelaren kudeaketa beraien esku geratzea. “Gaur egun, Jaurlaritzaren ereduaren alternatiba gehienek gurasoen gain uzten dute erantzukizuna”.
Esperientzia eredugarriak diren arren, bestelakoa da Durangaldeko hezkuntza komunitatearen eskabidea. “Ez dugu nahi eskoletako jantokien ardura gure gain erortzea. Zer gertatuko litzateke gaur posible bada eta bihar ez? Jaurlaritzak eredu osoa aldatzea nahi dugu guk: jangelen izaera bera aldatzea eta haurren hezkuntza prozesuan sartzea eskatzen dugu”. Haurrek ikastetxeetan igarotzen duten denboraren laurden bat bazkalorduan eta bazkaldu osteko denbora tartean pasatzen dute: hau da, bi ordu baino gehiago. “Zerbitzu hutsa baino gehiago da jangeletakoa, heziketa prozesuaren parte da”.
Gune hezitzaileak
Alde horretatik aipatu du Agirrek EHIGE guraso elkarteak eta Mugarik Gabeko Albaitariek abiatutako Gure platera, gure aukera egitasmoa ere. Ikastetxeetako jantokiak “osasuntsuak, bertakoak eta justuak” eskatzeaz gain, eskola jantokiak “sukaldaritza zerbitzu” izateari utz diezaiola eta “espazio integral eta integratzaile” bihur dadila eskatzen dute eragileek, eta, diotenez, proposamen horrek, gaur egun dagoen eredua goitik behera aldatzea eskatzen du halabeharrez.
Hain zuzen, jantokien beste eredu posible bat martxan jartzeko bidea erakusten duten bi proiektu daude Gure platera, gure aukera egitasmoaren atzean: Gernika-Lumoko Allende Salazar eta Markina-Xemeingo Bekobenta. 2015ean jantokien kudeaketa aztertzeko Jaurlaritzak babestutako proiektu pilotuak dira, bi-biak.
Bestelako erabakia hartu zuen Larrabetzuko eskolak: Jaurlaritzak 2000. urtean ezarritako araudia baztertu zuen, zeinaren arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jantokiak eredu bakarrean bidez kudeatu behar diren: hau da, lau urtean behin, jangela zerbitzua emateko catering enpresen artean lehiaketa publikoa egin, eta zerbitzua nork emango duen erabaki behar du ikastetxeak. Erabaki horren ondorioz, sukaldeak kentzen ari dira hainbat eskolatan. Durangaldeko ikastetxeak ere badira horren adibide, eta, Agirrek azaldu duenez, Berton Bertokoa egitasmoan dauden bederatzi ikastetxeetatik bostek baino ez dute sukaldea.
Gaur egungo kudeaketa ereduaren aurretik, eredu propioa zuen eskola bakoitzak, eta tokian tokiko guraso elkarteak arduratzen ziren jangelaz —gehienetan eskolan bertan prestatzen zuten janaria—. Langile eta gurasoek eskatuta hartu zuen zerbitzua Jaurlaritzak, 2000n, eta catering bidezko eredua ezarri zuen: gaur egun, kudeaketa zuzena izenez ezagutzen dena, alegia.
Araua bertan behera uztea eskatzen ari dira Durangaldean. “2000. urtean Jaurlaritzak onartutako araudia aldatu behar dugu. Kudeaketan aukera ezberdinak aintzat hartzea beharrezkoa da. Izan ere, gaur egun baldintzak onartu ezean, Jaurlaritzaren kudeaketatik kanpo geratzen zara; ondorioz, ez dituzu diru laguntzak jasotzen”. Egunero jangelan bazkaltzen duen ikasle baten menuaren prezioa 4,60 euro da —garraioa ere ordaintzen badu, 3,30 euro—, eta Jaurlaritzaren diru laguntza dute familiek.
Catering enpresek ez dute elikadura ziurtatzen Agirreren ustez. “Gaur egun, ez dago bermatuta haurren jatekoaren kalitatea, ezta jatorria ere”. Horregatik dio, eskolak tokian tokiko eta sasoiko lehengaiekin hornitzea logikoa dela. “Catering enpresei ere eskatu diegu produktuak nondik datozen argitzeko”. Gogora ekarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeek kontratatutako zortzi enpresak 18,4 milioiko isuna jaso dutela oinarrizko arauak urratu eta “merkatua banatzeagatik”.
Aldarrikapen jaia
Ikasturtea bukatu arte aurrerantzean ere gaiari buruzko informazioa zabalduko dutela azaldu du Agirrek, eta aldarrikapenerako jaia ere egingo dute Abadiñon, ekainaren 10ean. “Urtebete da egitasmoa abiatu genuela, eta atxikimenduak biltzen aritu gara ordutik; norabide berean kokatuko dugu ikasturte bukaerako jaia ere”. Tailerrak, herri bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte.