Edadea izango da

Igor Elordui Etxebarria

Bart gauean alabak galdetu dit: “Aita, noiz hiltzen gara pertsonak?”. Eta hozkirri batek zeharkatu nau goitik behera eta behetik gora. Bakoitza tokatzen zaionean, esan diot, batzuk lehenago hiltzen dira/gara, gaixotasunagatik ala istripu batengatik, eta beste batzuk zaharraren zaharrez hiltzen dira/gara. Aukeran hobe bigarrena, noski, (esan ez) pentsatu dut.

Edozelan ere, noiz hilko naizen jakin barik ere, jabetzen naiz, kasurik onenean, bizitzaren erdiak paseak izango ditudala honezkero eta edade batera heldu naizela. Ez da atzo gaueko kontua, jakina. Gabonek lehenago zeukaten lilura galtzen dutenean, senideekin egiten ditugun otorduetan jangelako mahaiaren bueltan berriro sekula beteko ez diren hutsuneak daudenean, bizitzan egin bako gauzez egindakoez baino damu gehiago izaten denean, lagunak faltatzen hasten direnean, lehenago sentitzen ez zenituen —edo oharkabean pasatzen ziren— minek atoan Google-era zaramatzatenean, kolonoskopia, gastroskopia, TAC eta halakoak zer diren badakizunean eta Interneten edozein gestio egin behar duzunean eta jaioteguna topatzeko hartara egokitutako laukitxo madarikatuan behera eta behera egin behar duzunean, orduan konturatzen zara edade batera ailegatu zarela.

Zenbat urte dauzkadan? Bada, Jose Saramagorekin akordatu naiz esaten zuenean: “Zer ardura dauka zenbat urte dauzkadan! Nahi eta sentitzen dudan edadea daukat. Pentsatzen dudana beldur barik oihuka dezakedan edadea. Gogoak ematen didana egin dezakedan edadea, porrotaren edota ezezaguna zaidanaren beldur izan barik”.

Zenbat urte dauzkadan? Zer axola du zenbat urte dauzkadan! Batzuentzat, gauza batzuetarako zaharra naiz; beste batzuentzat, aldiz, onenean nago. Orain inork ezin dit esan “gazteegia zara, ezingo duzu; zaharregia zara, ez dagokizu”. Badaukat edade bat gauzei patxada handiagoz begiratzekoa, baina hobetzen jarraitzeko asmoarekin. Badaukat edade bat zeinetan batzuetan maitasuna sugar zoroa den, hainbeste desira den pasio baten sutan itotzeko irrikan, eta beste batzuetan, ostera, inguru lasai bat den, ilunabarra hondartza batean bezala.

Zenbat urte dauzkadan? Ez daukat zenbaki batekin markatu beharrik; izan ere, nire desira beteek, nire garaipen xumeek, bidean isuritako malkoek eta nire ilusio zapuztuek pilatutako urteek baino askoz gehiago balio dute. Inporta duena sentitzen dudan edadea da. Eta daukadan edadea da bizitzeko behar dudana, libre eta beldur barik bizitzeko edadea.

Zenbat urte dauzkadan? Bada, norbaitek zenbat urte dauzkadan galdetzen badit, esango diot ez dakidala, alegia, bizitakoak 44 direla, baina horiek jada pasatu direla eta eduki-eduki, asko edo gutxi, bizitzeko aurretik geratzen zaizkidanak ditudala. Beste maisu handi batek, Benedettik, idatzi zuen bezala, gakoa da jarraitzea gazte izaten, zaharraren zaharrez hil arte. Ahal bada.