Bat

Igor Elordui Etxebarria

Egun on Nafarroatik! Egun on Korrikatik! Gaurkoan zutabe honen izena ez litzateke izan behar Parajetik, baizik eta Furgonetatik. Atzo arratsaldean Otxandion hasi eta jada bete du egun bat euskararen aldeko lasterketa erraldoiak, edo, hobeto esanda, bete du gau bat. Bart, Otxandion hasi eta gero, eta, momentuz, Bizkaia atzean utzita, Araban sartu eta Gasteiz zeharkatu du ilundi eta gau partean Korrikak. Barikuarekin Trebiñun sartu da, eta goizaldean Arabako Mendialdean ibili ostean, egunsentiarekin batera, Nafarroan sartu da. Lerrook irakurtzen dituzunerako Lizarrarako bidean izango da, edo Lizarran bertan, edo Lizarra atzean utzita jada, Garesen, edo Mendigorrian, edo Artaxoan… Korrika ez baita gelditzen. Eta gu berarekin goaz. Txapela buruan (petoa soinean) eta ibili munduan.

Korrikaren furgonetan joan ahal izatea bizitzak eskaini digun oparirik ederrenetarikoa da. Ohorea da gu denontzat. Ardura bat ere bada, jakina: lekukoa ezin da galdu, Korrika ezin da gelditu, helmugara heldu behar da garaiz… Eta gogorra da, zer esanik ez: hamalau orduko txandak, orain gidari, orain esatari, orain korrikalari… Hamasei lagun gara, bi taldetan banatuta, genero, adin eta soslai desberdinetakoak. Euskal Herriari, euskarari eta Korrikari berari diogun maitasun infinituak bultzatzen gaitu, eta ez garen arren puntako kirolariak, esatariak, soinu-teknikariak, argazkilariak edota mekanikariak, ikusiko gaituzue zuen aldamenean korrika, furgoneta barrutik (eta batzuetan kanpotik) mikrofonotik aldarrika eta animoak ematen, argazkiak ateratzen eta bideoak grabatzen, matxurak konpontzen…

Eta guk ikusiko ditugu furgonetatik beste behin —hasi gara, honezkero— zuen aurpegietan poza, ilusioa, gogoa, barreak eta malkoak. Ikusiko ditugu umeak, gazteak, haurdunak, gurasoak ume-kotxeei tiraka, amamak eta aititak, makuludunak eta hankapaluak, kirolariak, parrandazaleak, dantzariak, bertsolariak bertsotan, trikitilariak gurdi gainean, suhiltzaileak bide bazterretan agur egiten kamioien sirena- hotsez, joaldunak korrikalarien erritmoan zintzarriei eraginez, gauez herri oso bat argi-suziekin pasilloa egiten, perkusionistak, albokariak, txalapartariak eta auskalo zenbat sorpresa berri. Ikusiko dugu, azken batean, mundu bat, kultura bat eta hizkuntza bat maite dituen herri bat. Bi urterik behin, jostorratzak hariarekin nola, lekuko baten atzetik korrika doazen milaka eta milaka korrikalarik josten duten herri bat.

Igaro da jada egun bat, edo hobeto esanda, gau bat. Falta dira beste bederatzi gau eta hamar egun Iruñera ailegatzeko. Korrikako kantak dioen bezala, hizkuntzaren malabaristak, akrobatak, trapezistak, herri honen ilusionistak… bidera atera gara, mundura atera gara, herriz herri igaroko gara. Izan bat!