Picassoren obra ikusgai izango da Durangon, hilaren 30etik aurrera

Picassoren obra ikusgai izango da Durangon, hilaren 30etik aurrera

A. L. A.

Egunkarietan agertutako 1936ko gerrako argazki eta albisteak oinarri hartuta margotu zuen Pablo Picasso artistak Gernika margolana, eta ikusitakoa oihal erraldoi batean islatu zuen, gerora. Hainbat adituren arabera, Durangoko 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketako irudiak ere izan zituen margolariak begi bistan Gernika obra margotzen hasterako. Gerren krudeltasunaren ikurra bihurtu da Picassoren lana, eta, Durangoko bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, margolariaren lanak jarriko dituzte ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan, hilaren 30etik maiatzaren 1era bitarte. Grabatu bi, margolariak idatzitako poema bat eta Gernika obraren hiru faksimil erakutsiko dituzte, zehazki.

Francoren ametsak eta gezurrak grabatua da ikusgai izango den lanetako bat, Garazi Arrizabalaga Arte eta Historia Museoko koordinatzailearen esanetan. Gernika margolana Espainiako Gobernu Errepublikanoaren enkarguz osatu zuen Picassok, 1937an Parisko nazioarteko arte erakusketan jartzeko. Eskaeraren aurretik egin zituen margolariak Durangon jarriko dituzten bi grabatuak. “Grabatu bakoitzak biñeten antza duten bederatzi kuadrotxo ditu. Asmoa zen laukitxo bakoitza moztu eta postalak sortzea, gerora saldu eta Errepublikaren aldeko dirua lortzeko”.

Erakusketa hezitzailea

Francoren aurkako kritika egiten dute lanek. “Munstroa balitz bezala agertzen da Franco, etengabe irrigarri utziz”. Grabatuetako lau biñeta egin gabe utzi zituela azaldu Arrizabalagak. “Gernika margotzen hasi eta bukatu ondoren margotu zituen gainontzeko laurak”. Bestelako itxura dute azken horiek, horregatik. “Ez diote, aurrekoek bezala, Francori kritika egiten. Gernika margoko estiloarekin osatu zituen, eta gerraren ankerkeria erakutsi nahi dute, nolabait”.

Gernika margolanerako egindako hiru faksimil ere izango dira ikusgai, eta baita Josep Renauren grabatu bat ere. “Errepublikako ministroa izan zen Renau, eta hark eskatu zion Picassori margolana egin zedila”. Arrizabalagak azaldu du Joan Miro margolariaren obra bat ere izango dela erakusketan. “Picassok postalak egin zituen, baina Mirok zigiluak egin zituen Errepublika garaian. Zigilu horien marrazkiak izango dira ikusgai”.

Erakusketa hezitzailea izatea nahi dutela azaldu du museoko koordinatzaileak, eta era pedagogikoan antolatuko dute erakusketa horregatik. “Zerbait berria ikasita aterako da ikuslea museotik”. Aleluia bat ere jarriko dute erakusketan. “Komikiaren aitzindariak dira aleluiak, eta 1936ko gerrako gertakariak era errazean azaltzen ditu”.