Irala 2018an erdiguneari lotuko zaiola dio udalak

Irala 2018an erdiguneari lotuko zaiola dio udalak

Alaitz Armendariz

Bilboko Udalak Gordonizko zubitik Iralaraino doan eremua urbanizatzeko proiektua iragarri du. FEVEren trenbidea dagoen gune hori espazio publikoa izateko berreskuratuko dute, eta urtebetean zuhaitzez betetako etorbide bat egitea da udalaren asmoa. 35.000 metro karratuko eremu horrek Irala auzoa Bilbo erdigunera “hurbiltzea” espero dute horrela. Lanak 2018an bukatzea aurreikusten dute.

Etorbidean umeentzako jolasak izango dituen plaza bat egingo dute, eta baita pasealeku bat, bidegorri bat eta rokodromo bat ere. Udaleko iturriek adierazi dutenez, helburua hiriko auzoek erdialdeak “dagoeneko” baduen “jarduera eta lehiakortasun maila” edukitzea da.

Besteak beste, Gordoniz zubiaren behealdeko “segurtasuna eta irisgarritasuna” hobetzeko lanak egingo dituzte: zubia igaro ondoren dauden espaloiak zabalduko dituzte, eta zubira igotzeko eskailerak konpondu eta argiak jarriko dituzte. Horrez gain, Diaz Enparantza Doktorearen kaleko espaloiak zabalduko dituzte, baina “ahalik eta aparkaleku gehienekin”.

Trenbide zaharreko plataforma eta tunelean bi maila ezarriko dituzte. Batean bidegorria jarriko dute, Ametzolatik Iralara joateko, eta bestean pasealekua eta gazteentzako rokodromoa egongo dira. Gainera, auzoko bizilagunek hala eskatuta, Eskurtze plazako irispidea erraztuko dute, bertako azalera handituta. Udalak hamalau bilera egin ditu inguruko auzokideekin, herritarren iritzia kontuan hartzeko.