Oinarriak

Hilabeteetako hausnarketaren ondoren, puntu hauek hartu ditu oinarri nagusitzat Laborek:

Baserritarren duintasuna. “Merkatu librearen izenean” elikaduraren “benetako jabeak” bitartekari transnazionalak dira; ekoizleak zein kontsumitzaileak “haien morroi” bihurtu dira. Menpekotasun hori “irauli” behar dela eta, “baserritarren duintasuna” berreskuratu nahi du Laborek. “Baserritarren bizimodua eta produkzio prozesu agroekologikoa defendatuz, gure lurrarekin adiskidetuko gara kontsumitzaileok”. Baina baserritarren egungo egoera prekarioa aintzat hartuta hori “ezinezkoa” dela eta, “harreman duinak” eraiki nahi ditu ekoizleekin.

Tokiko produktuak. “Irrazionala” da egungo elikadura sistema. Jakiak milaka kilometrora sortzen dira; batez beste, kontsumitzen diren lekutik 4.000-5.000 kilometrora. Euskal Herrian ekoitzitako produktuak atzerrira eramaten dira, eta hemen kontsumitzen direnak atzerritik datoz. “Eromen horrek hondamendira darama natura”. Hori aldatzeko, tokiko produktuak bultzatzeko apustua egin du Laborek. “Euskal Herriko edo inguruko ekoizpenak du lehentasun osoa”.

Elikadura, zerbitzu. Oinarrizko beharrizana izan arren, kapitalismoarentzat “negozio izugarria” bihurtu da elikadura. Horren erakusle da elikadura enpresa erraldoi gehienak banketxeen esku daudela. “Guk prezio justuan eskaini nahi dugu elikadura Bilbon”, dio Laborek; “prezio justua nekazarientzat, lan baldintza duinak lanetan ari direnentzat, eta, aldi berean, ahalik eta merkeena kontsumitzaileentzat”.

Salmenta zuzena. “Bitartekaririk gabeko zerbitzua” eskaini nahi du. “Elkarte baten bidez, nekazari eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena eskaintzea da helburua. Ekoitzi eta erosteko baldintzak multinazionalek ezarri ordez, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko aliantza sortu, eta baldintzak, baserritar, abeltzain, arrantzale eta kontsumitzaileen artean adostu nahi ditu.

Ekologikoa. Negozioa helburu izanik, pestizidak, hormonak eta gai kimikoak dituzte saltzen diren elikagai gehienek, osasunaren kaltetan. Halakorik ez dute ekologikoek. Beraz, kalitatezko elikaduraz ari denean, produktu ekologikoez ari da Labore.

Zerbitzu erakargarria. “Presaka bizi den jendarte honetan”, zerbitzu erakargarri eta erosoa eskaini nahi du, eta, horretarako, ordutegi zabala izango duen saltokia izan nahi du, ahalik eta ondoena komunikatutako gune batean.

Herritarrak eragile. Jarduera kolektiboak indarra duela eta, “kontsumo talde ahaltsua” osatu nahi du Bilbon, “norbanakoen erosteko ohitura aldaketak talde zabalean antolatuz”. “Gure kontsumo ohiturak aldatu eta berrituz gero, kontsumitzaileok izugarrizko ahalmena dugu elikadura zirkuituak aldarazteko”. Elkartuta lortutako indarrarekin “arrazoizko kontsumoa” bultzatu nahi du. Labore ez da denda soila izango; auzolanean arituko da, eta espazioa bazkide guztien elkargunea izatea nahi du.

Espazio fisiko berria. “Bilbon beste elikadura eredu bat bultzatzen dugunok, zerbitzu hurbila jasotzeaz gain, elkargune erakargarria eskainiko digun tokia eduki nahi dugu, bazkide guztientzat zabalik egongo dena, ordutegi erosoa eta ahalik eta kokagunerik egokiena izango duen espazioa”.

Etorkizuna gure esku. Azken 30 urteetan Euskal Herriko nekazaritza %70 gutxitu da, eta hedadura handiko supermerkatuak dira nagusi. Dependentzia horri aurre egiteko, elikadura burujabetza ezinbestekotzat du; “oinarri izugarri garrantzitsua da herri autoantolatuagoa egiteko, zeren bertoko elikadura erosiz eta zerbitzu propioa antolatuz, herri autoeratua eraikitzen ari gara”.

Bestelako gizarte bat. “Herri solidario eta aktiboaren oinarria norbanakoen jarrera aldaketa da, baina, ekinbidea benetan eragingarria izan dadin, jarrera horrek dimentsio kolektiboa izan behar du. Kolektiboki antolatutako kontsumitzaile eta ekoizleen arteko zerbitzua bihurtuz, gizartea eraldatzeko bide praktikoa egingo dela dio.

Lurra defendatzea. “Gure lurra defendatzea ez da kapritxoa”, dio Laborek. “Bertoko produktuen kontsumoa erraztea eta naturaren zikloak errespetatuz produzitzen den ekoizpena indartzea etorkizunaren aldeko apustu erabakigarriak dira”.