Martxoak 3

Igor Elordui Etxebarria

Bitxia da gero bizitzan nola batzuetan nahasten eta saretzen diren bizipenak, oroitzapenak, datak… Nola hasieran zer ikusirik ez daukan esperientzia batetik abiatuta betiko iltzatuta geratzen den oroimenean beste zerbait. Adibidez, laster batean etorriko da, hil honen 30ean, 20. Korrika hasteko eguna, baina gaurko datari erreparatuta, lau Korrika eta, beraz, zortzi urte atzera egin du nire oroimenak, nire gogoak. Bada, 2009ko Korrika 16 hartan Korrika Kulturalean estreinatu genuen Bidaia intimoak dokumentalarekin akordatu naiz. Jon Maiak zuzendu zuen filmean lau pertsonak euskarara egiten duten bidaia —bidaia intimo hura— kontatzen da.

Horietako bat Jesus Mari Soraluze da. Ermuan jaioa 1950ean, bederatzi urte geroago familiak Ermua utzi eta Gasteizera joan behar izan zuen lan kontuengatik. Gasteizen Jesus Marik euskara galdu egin zuen, baina lortu zuen heldutan berreskuratzea gerora Abetxukoko ikastolako guraso saiatua ere izan zenak. Haatik, euskarak baino gehiago bestelako batek lotu ditu Korrika, Jesus Mari eta martxoak 3 hau betiko nire buruan. Dokumentalaren pasarte batean Jesus Mari ageri da 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren biktimen oroimenezko monolitoaren aurrean. Filmaren zati horretan entzuten da egun hartako Poliziaren grabazioa:

—”Aurrera, Charlie. Txanda”.

—”Badirudi San Francisco inguruan dagoela jenderik gehien. Zer egingo dugu? Txanda”.

—”Jendea baldin badago, eman egurra. Txanda”.

—”Baina egin kontu sakristian sartuko direla. Txanda”.

—”Kontua da ez daukagula oraindik horretarako agindurik… Hala ere, gauzak dauden bezala egonda, sar daiteke. Txanda”.

—”Bueno, zuk badiozu…”.

—”Ados?”.

—”Ados. Txanda. Goazen ba…”.

Eliza barruan zen Jesus Mari. Bost hildako eta ehunka zauritu egon ziren, tartean, berak dioen bezala, hilabeteak geroago hil zen bere lankide bat. Greba egun bat zen, eta milaka langile zeuden batzar batera joanda, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan. Borrak, gas negar-eragileak, tiroak… “Inoiz eman den jipoirik handiena”, harro agertu ziren mila tiro baino gehiago bota zituzten poliziak. Ez da sekula ezer ikertu. Ez da sekula inor epaitu. Berrogeita bat urte, gaur, justiziarik gabe.

Bidaia intimoak-ek estreinatu zuen Korrikaren, alegia, 16. Korrikaren abestia, Betagarri talde gasteiztarrak egin zuen. Baita, urte batzuk lehenago, martxoaren 3ko gertakariei buruzko kanta. Honen letra ere gogora datorkit, bata besteari kateatuta: “Hotza hezurretan, gorrotoa zainetan zenuen egun horietan oinarrizko eskubideen alde zinen borroketan langileen duintasun eza eskuratu nahian eman zituen zure urteak eta zure bizitza. Elizetan abesten zenuten internazionala kaleetan oihukatzen zenuten greba orokorra! Langileen borroka eta indarra, sumatzen zen giroan, hiria zuek bihurtu zenuten borroka adibidea. Martxoak hiru, martxoa ilun, martxoa beltza, egun iluna, egun kuttuna, Gasteizko herriaren gogoan”.