Bihar irekiko dute behin-behineko Termibusa

Datozen hamazortzi hilabeteetan, Bilboko Termibus autobus geltokia gaur egungoaren ondoan dagoen gunean egongo da, oraingoaren azpian Termibus berria eraikitzeko lanak egin ditzaten. Lekualdaketa bihar goizaldean egingo dute. Sarbide eta irteerak orain artekoak izango dira: Gurtubay kaletik sartuko dira autobusak, eta Luis Briñas kaletik aterako.

Behin-behineko autobus geltokiak Termibusek orain arte izan dituen zerbitzu berak izango ditu, geltoki ondoan dagoen eraikinaren beheko eta lehen solairuetan. Barik txartelak kargatzeko aukera ere izango da. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, geltokia “24 orduz” egongo da zainduta, zaindari pribatu eta bideokameren bidez.

Bidaiarientzat aldaketaren bat ere ekarriko du neurriak: behin-behineko geltoki berrian Bizkaibusen 15 lineetariko 12 bakarrik hartu ahalko dira, espazio arazoengatik. Gainerako hirurak Kaputxinos kalean egongo dira, EITBren egoitzaren ondoan: Bilbo eta Ea lotzen dituen A3513 linea, Bilbotik Lekeitiora doan A3523 eta Bilbotik Galdakaorako A3930.