Gutun irekia…

Igor Elordui Etxebarria

Gutun irekia… lagun ez (guztiz) euskaldunei. Deseroso sentitzen zaretelako gazteleraz egitera behartzen nauzuenean. Lotsatu egiten zaretelako euskaraz txarto egiten duzuenean. Jakin dezazuen zein pozik irakurtzen ditudan zuen hanka sartzeak Wathsappen euskaraz idazten duzuenean, zein harro egoten naizen nirekin euskaraz egiten saiatzen zaretenean.

Tira, agian txorrada bat irudituko zaizue, baina detaile txiki-handi horiek, egiten dituzuen ahalegin txiki-handi horiek ondo sentiarazten naute. Nire lanari balioa ematen diote, nire izateari balioa ematen diote, euskarari balioa ematen diote.

Batzuetan, oraindik eta hemen, entzun behar dugu euskarak ez duela ezertarako balio, denok dakigula gaztelera, eta, gainera, ingelesa baliagarriagoa eta beharrezkoagoa dela. Batzuetan entzun behar izaten dugu, hori ere bai, euskarak diskriminatu egiten duela. Eta bai, diskriminatzen du, jakina diskriminatzen duela; diskriminatzen du gaztelerak, frantsesak edota ingelesak diskriminatzen duten bezala gazteleraz, frantsesez edota ingelesez ez dakiena .

Ni, nire lanagatik, egunero jartzen naiz euskaraz ez dakien eta lagunekin, seme-alabekin, ilobekin eta abarrekin hitz egiteko ikasi behar duen horren azalean; oposizio bat gainditzeko edota lan finkoa edo hobea lortzeko ikasi behar duen horren azalean; behinola berea zen hizkuntza ostera berreskuratu behar duen horren azalean; lehenago inoiz berea izan ez arren, orain euskara bere sentitzen duen eta ikasi behar duen horren azalean.

Kontziente naiz badirela ideologia eta hizkuntza adiskidetasunaren gainetik jartzen dituzten euskaldunak (gutxi, zorionez) —bidenabar diotsuet, nik neuk ez dudala hori horrela ulertzen, ez baitut adiskidetasuna parametro ideologiko edota linguistikoen arabera kontzebitzen eta, gainera, uste dudalako ez diotela batere mesederik egiten defendatu nahi duten horri—. Baina egia borobila da EUSKARAREN HERRIAN euskalduna dela euskaraz egin ezin duena, ez nahi duen lekuan, ez nahi duenean, ez nahi duenarekin. Eta hizkuntza batek horretarako balio behar du, bada, batez ere: komunikatzeko!

Euskara izan da pertsegitua, zokoratua, usurpatua bere funtzioetan; eta ez frankismoaren garaian, ez Frantziako Bosgarren Errepublikaren garaian, baizik eta askoz lehenagotik. Eta hala ere, euskarak, agian Europako hizkuntzarik zaharrenak, iraun du, egokitu da, modernizatu da…

Baina euskara da, gaur egun ere, desagertzeko arriskuan dagoen halako espezie bitxi eta berezi bat urtero dozenaka hizkuntza desagertzen diren mundu honetan.

Eta gakoa ez denez kentzea edo murriztea, baizik eta gehitzea, hau da, gazteleraz, frantsesez, ingelesez zein EUSKARAZ EGIN AHAL IZATEA edonon, edonorekin, edozein testuingurutan… eskerrik asko egiten dituzuen esfortzu txiki-handi horiengatik, balioa ematen diotelako lan bati, izate bati, hizkuntza bati… eta adiskidetasunari.