Pilota kontuak

Igor Elordui Etxebarria

Duela egun batzuk honela jarri zion izenburua kazetari batek euskal pilotari buruzko albiste labur bati Euskal Herriko egunkari batean —gazteleratik euskarara itzuli behar izan dut, baina zentzua igual-igual atzematen zaio—: “Gizonentzako pilotak Tolosako aukeraketan”. Eta modu honetara jarraitzen zuen laburrak: “Tolosako Beotibarren Irribarria-Rezusta eta Victor-Albisuren artean jokatuko den biharko partida, eskuz binakako txapelketaren final laurdenetako seigarren jardunaldiari hasiera emango diona, gizonen pilotekin jokatuko da, botere handidunak [botere idatzi zuen kazetariak eta hala jaso dut nik, euskaraz bestela idatziko genukeen arren]”.

Kazetaria, noski, ez da ari testosteronadun pilota batzuei buruz edo barrabilak zintzilik dituzten pilota batzuei buruz, baizik eta 106 gramoko pilotez, pisutsuak eta gogorrak, ironia fin erabiliz Mikel Garcia Idiakezek Argia-ko blogean argitu zuen bezala. Txiste erraza da, bai, baina pilotak behar dira gero gaur egun horrelako izenburua eta horrelako artikulua idazteko!

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi denez, kazetariari —eta kazetariak bezala “pentsatzen” dutenei, zeren, egon badaude— gomendatuko nieke, ika-mika semantikoetan sartu barik, bideo pare bat ikustea. Hain zuzen ere, etzi hasiko den emakumeen eskuz binakako txapelketa (Emakume Master Cup) baten harira egindako bi bideo labur dira. Batean, ederra benetan bideoa, gainera, emakumeak ikusten dira pilotan, pilota jotzen indarrez eta abilidadez; pilotari astintzeko horixe behar baita: indarra eta abilidadea, ez gizontasuna. Bestean, parte hartuko duen pilotarietako baten testigantza jasotzen da, Patri Espinarrena. Patrik dioenez, 8 urterekin hasi zen pilotan, baina urte hartan bertan utzi egin behar izan zuen, irakasleak, eskola zaharrekoa dio berak, profesionalen pilotekin eta tako barik jokatzen behartzen baitzuen.

Alabaina, ostera ere hasi zen, eta jarraitu, geroago, 17 urtera arte. Edade horrekin, baina, heldu zen momentu bat mutilekin eta pilotekin ezin eta atzera ere utzi egin behar izan zuena. Orain, baina, berriro dauka aukera pilotan aritzeko, besteak beste, mentalitate eta aurreiritzi batzuk baino errazagoa delako pilotak aldatzea. Horrela, delako Emakume Master Cup txapelketa 71-75 gramoko pilotekin jokatuko da, beren-beregi Otero pilotagileak egindakoak.

Ez dira kotoizko pilota arrosak. Nahiko nuke jakin zenbat gizon izango ginatekeen nahiko gizon, emakumeen pilota horiek laugarren koadrotik atzera botatzeko.

Pilota horiekin arituko dira txapelketan hirurogeita hamazazpi pilotari, Euskal Herrikoak —Hegoaldekoak eta Iparraldekoak— eta baita kanpokoak ere (Errioxakoak, Aragoikoak, Bartzelonakoak, Valentziakoak…). Zenbat arduratu(ko) ote dira kazetari hura eta beste hedabide batzuetako kazetariak horren berri izan eta emateaz?