Euskara bultzatzeko hamaika ekitaldi, han eta hemen

N. S. O.

Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen bateratua ardatz izango duen ekitaldia Bilbon egingo dute, bihar. Guggenheim museoa izango da horren lekuko. Bestalde, 7 Katu gaztetxeak Nerea Ibarzabal, Malen Amenabar eta Imanol Uria jarriko ditu aurrez aurre gaur, bertso afari batean. 21:30ean hasiko dute saioa. Hiriburutik harago ere, herri guztiek ospatuko dute Euskararen Eguna.

Arrigorriagan Nahia eta Neo antzezlana taularatuko dute, igandean. Lehenago berotuko dituzte motorrak: gaur, Oihan Vegak DJ emanaldia eskainiko du udaletxeko plazan.

Bihar izango dute egun handia Ermuan. Eguerdian hasi eta iluntzera bitarteko jarduerak antolatu ditu Euskaltzaleen Sareak. Trikipoteoa, bazkari autogestionatua eta umeen jolasak prestatu dituzte. 200 kriseilu airera askatuta emango diete bukaera ekitaldiei. Bestalde, musika izango dute protagonista nagusia Galdakaon. Musika Eskolako ikasleek eta II. Euskal Play Back lehiaketak osatuko dute biharko ekitaldi nagusia. Goizean goiz, Berbodromoarekin abiatuko dute eguna. Eta, bukatzeko, gaztaina erreak banatuta berotuko dituzte barruak eta euskara sustatzeko grina.

Kostaldetik barrualdera eta ekialdetik mendebaldera, herriz herri dabil euskararen aldeko aldarria egunotan. Gautegiz Arteagan grafiti tailer bat baliatuko dute adierazpen artistikoa hizkuntza normalizazioaren eta partaidetzaren alde erabiltzeko. Euskaraokeak jarriko dio doinua aldarrikapenez betetako egunari. Eskualdean bertan, Gernika-Lumoko 27 denda, elkarte, erakunde eta enpresak Bai Euskarari ziurtagiria jasoko dute gaur. Eta biharko Ahotik Airera jarduera prestatu dute.

Bizarra Lepoan elkarteak herritarren iritzia jaso gura du Getxon. Etzi ekingo dio lan horri. Dantza kalejirak eta musika saioek girotuko dituzte herriko kaleak. Arratiara salto eginez, euskaraz bizi gura duela aldarrikatuko du gaur Lemoak. Atxetako plazan egin dute festa girorako hitzordua.

Hamaika ekitaldi izango dira han eta hemen: disko festa eta txokolate jatea, esaterako, Lemoizen, etzi. Lezamak Taberna Ibiltaria eta Kherauren kontzertua antolatu ditu, besteak beste. Plentziak eta Gorlizek hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkarrekin: kasurako, omenaldia euskaldunak sortu eta hezi dituztenei.

Ezkerraldera begiratuta, Portugaleteko Santa Klara kulturguneari izen berria jarriko diote: Euskaldun Berri aretoa. Bestetik, tailerrak, kalejira zein herri kirolak prestatu dituzte Santurtzin. Eta denek ala denek izango dute protagonista bera: euskara.