Batzuk

Igor Elordui Etxebarria

Elurra ari zuen 1980ko azaroaren 29ko larunbat gau hartan. Negu parteko larunbat gau arrunta, itxuraz. Baina, batere arrunta ez dena, gaueko hamarretan Euskal Herriko kanpai gehienek batera jo zuten, ozen. Zerbait iragartzen ari ziren. Zerbait handia. Oñatiko Unibertsitateko ateetatik abiatu zen Korrikari, lehen Korrikari, hasiera eman zion kanpai-hotsen durundiak. Irudika dezaket negu gorriko gau beltz batean Korrika argitu zeneko momentu hura: bihotz-taupaden din-dana, oihuen danbada, urratsen danga. Badoa.

Eta badator. Azaroan hasi zen eta abenduan amaitu zen lehen Korrika hura, hortaz, Oñatitik Bilbora. Datorren martitzenean beteko dira, bete ere, hogeita hamasei urte lehenengo Korrika hura abiatu zenetik. Harrezkero, udaberrian ospatzen da, baina lehenengo Korrikari egiten zaion keinu-lez edo, azaroan aurkezten du AEK-k bi urterik behin egiten den Korrikaren edizio bakoitza. Kontagailua hasi da martxan, eta 125 egun barru hasiko da hurrengoa, 20. Korrika. Martxoaren 30etik apirilaren 9ra egingo da, Otxandiotik Iruñera. Batzuk da leloa eta mezua laburbiltzen duen berba —Bat egitera. Zuk egitera. Euskaraz—, eta omenduak, hain zuzen ere, hain edizio-zenbaki borobilean, Korrikaren sortzaileak izango dira.

Batzuk dira jada, bai, euskahalduna, baina jalgi hadi berriz. Eman euskara elkarri, ez baikara esne-mamitan bizi. Maitatu, ikasi eta ari, euskalakari, euskara gosez gara eta. Ez da betelana, betegarri baizik, euskaraz bizi nahi dugunon herrira ongietorria egitea.

Oilarrak kukurruku egin orduko heldu hitzari, lekukoari, herriari… Afrikatik etorri zarela? Bada, zu ere bai! Eta lasai, ez dok hamairu, geroa lantzen segitzen dugu. Lan eta lan, harik eta mundu bat euskarara bildu arte, Big Beñat.

Zein ederra zu eta ni euskaraz, bion arteko perkusioan. Ez al da gozamena Euskal Herria Korrika ikustea? Jalgi hadi, beraz, diotsut, ostera ere, hirekin asko izan gaitezke eta! Aide, bada, lagun, denok maite dugu gure herria euskaraz. Zer den Korrika? Uso bat lasterkari, hori da Korrika, hori da euskaraz Euskal Herria. Ez da kopla hutsa, Korrika eta kitto eta Euskal Herriak AEK. Euskara neurea bezala zeurea da; egin korri, errepidea dago oskorri. Bertsotan esango dizut: herri bat hizkuntza bat. Edo, bestela esanda, euskaraz eta kitto!, korrika baino, hegan.

Eta ez ahaztu, arren, AEKelarrea, euskararen alternatiba herritarra. Hogei Korrikaren ostean, hasierara bueltatu gara: Esan bai euskarari.

“Bat Korrika, bi Korrika milaka korrikari, euskal herri guztietan denok bai euskarari”, dio lehenengo Korrikarako Xabier Amurizak egin zituen bertso musikatuen hasierak.

“Eguzkiak sor lezake, milaka argi suzi”, dio azkenak. Horixe egin zuten Korrikaren aitzindari haiek duela hogeita hamasei urteko azaroko gau ilun hartan: milaka argi suzi piztu.