Autzaganeko saihesbideko lanak 2018ko martxoan bukatuko dituzte

Autzaganeko saihesbideko lanak 2018ko martxoan bukatuko dituzte

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ez dira hasierako asmoak bete. Lau urte dira Bizkaiko Foru Aldundiak Autzaganeko saihesbidea egiteko egitasmoa aurkeztu zuenetik. Urtebeteko epean A-8 autobidea eta N-634 errepidea lotzeko obrak bukatuta egotea zen diputazioak zuen hasierako asmoa. Baina uste baino buruhauste gehiago eragin ditu azpiegiturak. Urdinbideko tunelaren eraikuntza izan da lanen korapilo nagusia. Autzaganeko mendatea zeharkatzen du tunel horrek, eta hori eraikitzeko hainbat arazo izan dituzte azken urteetan. Ekonomikoak, batetik, eta ingurumen arazoak, bestetik. Baina lortu dute zuloa irekitzea. Joan den astean bota zuten 703 metroko luzera duen Urdinbideko tunelaren azken pareta. Eta saihesbideko lanak bukatzeko data ere iragarri du Unai Rementeria ahaldun nagusiak: 2018ko martxoa. “Epeak betetzen ari gara. Zornotza eta Muxika arteko obrak 2018ko martxoa inguruan amaituko dira”.

Joan den urteko maiatzean hartu zuen Rementeriak ahaldun nagusi kargua. Eta aurreko legegintzalditik zetorkion Autzaganeko saihesbidearen egitasmoa amaitzea zen agintearen hasierako hilabeteetan izan zuen erronketako bat. Berez 2015erako bukatuta izan behar zuen azpiegitura 2018an bukatzeko agindua eman zuen Rementeriak. Eta horregatik dio, esandakoa betetzen ari dela diputazioa.

Soka luzeko azpiegitura

Foru aldundiari buruhausteak eman izan dizkion azpiegitura da Autzaganekoa. 2012ko urtarrilean aurkeztu zuen proiektua Jose Luis Bilbao orduko Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak. 63 milioi eurotan esleitu zituen lanak, eta 30 hilabeteko epea jarri zion eraikuntzari. Berez, 2015 urte hasierarako bukatuta egotea espero zuen diputazioak. Baina ezustekoa izan zuen obrak gutxira. Lanak egiten aritu zen ABEE Aldi Baterako Enpresen Elkarteak lanak gelditu zituen hasi eta gutxira, ezusteko geo-teknikoak, geologikoak eta hidrologikoak agertu zirela argudiatuta. Tunelak zeharkatzen zituen lurpeko akuiferoak indusketa lanak zaildu eta kostuak handitzen zituela argudiatuta, bertan behera utzi zituzten Autzaganeko lanak.

Aldundiak eten egin zuen azpiegitura egiteko ABEErekin egindako kontratua, eta 4,2 milioi euroko isuna ere jarri zion enpresari, epeak eta agindutakoak bete ez izanagatik. Diputazioaren arabera, lanak esleitzean “argi” adierazi zen arazo hidrologiko, geografiko edo geotermikoek sortutako gastuak enpresen gain geratuko zirela. Enpresari kalkulu okerrak egin izana leporatu zion orduan. 2015eko irailean esleitu zituen aldundiak Urdinbideko tunela eraikitzeko lanak berriz. Eta 25 hilabeteko epean saihesbideko obrak bukatuta izango zirela iragarri zuen Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatuak.

Kritikak eta kezkak

Azken urteetan kritika ugari jaso ditu Autzaganeko azpiegiturak. Foru aldundia”gardentasunik gabe” aritu dela salatu du behin eta berriz oposizioak. Bereziki, obraren gainkostuak eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioez beraien kezka azaldu dute behin eta berriz EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta PPk batzar nagusietan. Pradalesen arabera, tunelaren eraikuntzan izan diren arazoek ez dute azpiegituraren kostua handituko. Eta proiektuaren inbertsio osoa hasieran aurreikusitako 70 milioien bueltan ibiliko dela adierazi du Pradalesek.

Guztira, 3,6 kilometroko luzera du Autzaganeko saihesbideak. Eta mendatea zeharkatzeko eraiki duten tunelari esker Bizkaiko errepide sarearen segurtasuna, loturak eta bizi kalitatea hobetuko direla uste du Rementeriak. “Egunero Zornotza Etxanoko erdigunetik igarotzen diren 1.500 ibilgailu ez dira bertatik pasatuko. Hortaz, ongi etorria izan dadila inbertsio hau trafiko istripuak saihestu eta bizkaitarron lotura eta bizi kalitatea hobetzen baldin baditu”.

Tutu bikoitzekoa da Urdinbideko tunela. Eta errail bi ditu galtzada bakoitzean. Hori guztia egokitu eta sarbideak eraikitzea da, besteak beste, datozen hilabeteetan izango duten lan nagusia. Epeak betez gero, 2018. urteko martxoan irekiko dute errepide berria.