Idoia Mendia (PSE-EE ): Herrialde “plurala”, konstituziopean

Idoia Mendia (PSE-EE ): Herrialde “plurala”, konstituziopean

A. Larrabe Arnaiz

Bizkaiko zerrendaburua eta lehendakarigaia da Idoia Mendia (Bilbo, 1965). Eta Euskadiko Alderdi Sozialistako idazkari nagusia ere bada 2014. urtetik. Patxi Lopez lehendakari zenean Herri Administrazio eta Justizia sailburu eta gobernuko bozeramailea izan zen Mendia. Orduko legegintzaldian sozialistek bultzatutako politiken lepotik agindu du Iñigo Urkulluk azken urteetan, sozialisten lehendakarigaiaren iritziz. “PSE-EEren errentetatik bizi da lehendakaria. Lau urtez gobernuan egon ginenean eginda utzi genionetik bizi da, eta baita orain eskatzen diogunagatik ere”. Bizkaiko Foru Aldundian eta hainbat udaletan jeltzaleekin batera agintzen dute sozialistek, gaur-gaurkoz.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatusari dagokionez, “haustura” proposatzen duen edozein ekinbide baztertzen dute sozialistek, eta “abertzale eta ez abertzaleen” herria aldarrikatu du Mendiak hauteskunde kanpainan. Argi azaldu du, behin eta berriz, bide subiranistei aurre egin eta EAEko autogobernua “hobetzearen” aldeko apustua egiten dutela sozialistek. Marra gorria jarri diote horri, hala ere; erabakitzeko eskubidea jasotzearen aurka azaldu baita Mendia. Eta Espainiako Konstituzioa jarri du lanerako ardatz. Mendiaren arabera, hura aldatzea izan beharko litzateke egin beharreko lehen urratsa. Autogobernu handiagoaren alde daude sozialistak, baina subiranotasunari aurre egiteko indar nagusi gisa aurkeztu dira sozialistak kanpainan.

Euskara, “traba”

Estatusari buruzko eztabaidak alde batera utzi eta gizarte gaiak lehen planora ekartzearen aldeko mezuak izan dira Mendiaren ahotan egunotan. Hezkuntza sistema etorkizunaren oinarri izatea, osasunerako eskubidea unibertsala izatea, berdintasunaren agenda zehaztea, gazteei aukerak ematea etorkizuna izan dezaten… Baina, ezbairik gabe, euskararen inguruan eginiko bideoa izan da PSE-EEren kanpainan zeresan gehien eman duena.

Enplegu publikoetarako euskara eskakizun sistema diskriminatzailetzat jo du Mendiak.”Inon ez da gertatzen euskaraz ez jakiteagatik sartzen ez uztea. Inon ez, leku batean izan ezik: administrazioan”. Egoera hori salatu du hautagai sozialistak. “Administraziorako sarbideak berbera izan behar du guztientzat, eta ez euskaldunen barruti esklusiboa”.

Herrialde “plural, integratzaile eta kosmopolita” aldarrikatu du Mendiak. Eta herritar guztiek eskubide berak izatearen alde agertu da.