Erakartzea da erronka

Erakartzea da erronka

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hasi da zenbakien dantza. Eta badirudi, urtez urte, markak haustea dela Bizkaiko turismoari jarri zaion helburua. Norabide horretan doazen adierazpenak egin zituen Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak joan den astean: “Aurtengo joerari eutsiz gero, 2015. urtean hautsitako marka gainditu dezakegu; turismoaren aldeko apustua egin dugu Bizkaiko garapen ekonomikoaren giltzarria izan dadin”. Ekainean, 123.685 bisitari iritsi ziren Bizkaira, Eustaten azken azterketaren arabera; joan den urteko kopuruarekin alderatuta, %7,7 egin du gora. Datu hori Bizkaia osoarentzat da “onuragarria”, Pradalesen arabera. Azken urteetan, lehen mailako sektore bihurtu da turismoa lurraldean eta erakundeetatik ere gero eta saio gehiago egiten da bisitariak erakartzeko.

2015ean Bizkaia izan zen, Euskal Herrira gerturatutakoen artean, bidaiari gehien jaso zituen lurraldea; guztira, 1.290.988 bisitari izan zituen urte osoan zehar. Eta aurtengo lehen sei hilabeteetan 603.524 bidaiari jaso ditu lurraldeak Eustaten arabera, iaz lehenengo erdialdean jasotakoak baino %9,5 gehiago. Orain arteko joera hori ikusita, udako oporren sasoian, gorakada nabarmena izango du Bizkaiko turismoak. Eta horregatik uste du diputatuak, orain arteko marka guztiak hautsiko direla aurten.

Bisitatu beharreko tokien zerrendan, tokia hartuz joan da Bizkaia. Izan ere, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeak aintzat hartuz gero, bisitari kopuruari dagokionean gorakada nabarmenena izan duen lurraldea da. Goranzko joera horrekin bat dator bidaiarien kopuru zehatza ere. Izan ere, bisitari gehien jaso zuen lurraldea ere izan da Bizkaia, Ipar Euskal Herriak gertutik jarraitzen dion arren. Hain zuzen, zonaldeka aztertuta, Lapurdiko kostaldea da, Gaindegiaren arabera, Euskal Herrian bidaiari kopuru handiena jasotzen duen ingurua. Eta bigarren postuan dago Bilbo. Iaz, 813.352 bisitari izan zituen urte osoan zehar.

Bizkaiko kostaldea

Guggenheim Bilbao Museoak ere nabaritu zuen iazko igoera hori. Bisitei dagokionean, bere historiako bigarren urterik jendetsuena izan zuen museoak iazkoa; ateak ireki zituenean soilik izan du bisitari kopuru gehiago, 1998an, alegia. Iaz, 1.103.211 bisitarik egin zuten Frank Gehry arkitektoak Bilbon eraikitako museora. Eta jarduera horren ondorioz, 362,9 milioi euroko gastu zuzena egin zen Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Hala adierazi berri dute museoaren iturri ofizialek.

Hiriburuak nabari du gehien turismoaren eragina. Baina Bilbo ez da izan sektorearen gorakada nabaritu duen udalerri bakarra. Bizkaiko kostaldean ere nabarmen egin du gora azken urtean. Eta gero eta azpiegitura eta baliabide gehiago jartzen da udalerrietan bidaiariak erakartzeko. Bermeon, adibidez, Gaztelugatxera joateko Bermibus izeneko autobusa egokitu zuten Aste Santuko oporretan, ermitak jasotzen zituen bisitariei erraztasunak emateko. Game of Thrones telesailaren zazpigarren denboraldiko eszenak bertan grabatuko dituztela plazaratu dute orain. Eta horrek areagotu egingo ditu bidaiarien joan etorriak.

Getxo, Portugalete eta Santurtziko udalek ere bat egin dute bisitariak erakartzeko saioan. Bote Tours izeneko ekimena jarri berri dute hiru udalerriek martxan. Txalupa bidez hiru herriak eta Abrako badia ezagutzeko egitasmoa da aurkeztu dutena, eta, eskaintza turistikoa “hobetzeaz” gain, kostaldeko herrien “aberastasun ekonomikoa” bultzatzea du helburu, alkateen arabera. Joan den larunbatean egin zuten lehen saioa, eta urria bitarte izango dute martxan.

Urdaibaiko zonaldeak ere bisitari ugari jasotzen du. Eta uda sasoian turismoak inguruko herrietan duen eragina “mugatzeko” neurriak hartu behar direla azaldu zuten herritarrek Gernikako Astra kultur fabrikan ekainean egindako topaketa batzuetan.

Lurraldea antolatzeko ardatzak berritu nahi ditu Jaurlaritzak. Eta hainbat herritan lan saioak antolatu ditu gaiaz aritzeko. Horietako bat izan da Gernikakoa. Eta sektorearen eta lurralde antolaketaren artean dagoen loturaren isla da, besteak beste, Astrako jardunaldietan herritarrak turismoaren eraginaz aritu izana.

Enplegua eta baldintzak

Aberastasuna ala ekonomian duen eragina dira turismoaz aritzean gehien aipatzen diren elementuak. Eta sektorearen ondorioz sortzen den enplegua azpimarratzen da kasu gehienetan. Gaindegiak ere egina du turismoaren eta lanpostuen loturari buruzko azterketa. Kaleratutako datuen arabera, iaz 1.726 lanpostu sortu ziren turismoaren ondorioz Bizkaian. Eta langabeziari buruz kaleratu diren azken datuen arabera, aurtengo ekainean nabarmen egin du behera langabeen kopuruak azken hilabeteetan. Zehazki, 1.846 langabe gutxiago zenbatu dituzte Bizkaian maiatzetik ekainera bitarte.

Langabeziaren jaitsiera datuek alde iluna dutela salatu dute sindikatuek, ordea, behin eta berriz. ELA eta LABen arabera, egiten diren kontratu berri ia guztiak aldi baterakoak dira—hamar kontratutik bederatzi dira aldi batekoak—. Eta kontratu mota horien soldata kontratu mugagabea dutenena baino %35 txikiagoa dela nabarmendu du LABek. Horregatik, langabeziaren beherako joera nabarmendu ordez, prekarietatean dute fokua jarrita sindikatuek. Eta udako opor sasoian argitaratzen diren enpleguen azterketei, ez diete baikortasun zantzu gehiegirik ematen, horregatik.

Ikasturte berriarekin batera argitaratuko dituzte datozen hilabeteetako datu zehatzak. Eta eremukako balorazioak egingo dituzte orduan. Bien bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak argi jarria du erronka: urtez urte, markak haustea.