Ez

Nerea Ibarzabal

Udalekuetan gaztetxoekin lantzeko, generoarekin zerikusia duten ariketak eta jolasak bilatzen aritu naiz. Interneten aurkitu ditut batzuk, eta Ernai-ren urrats feminista barne-lanketarako materialetan beste zenbait. Espero baino zerrenda luzeagoa atera zait azkenerako, neskekin, mutilekin eta elkarrekin lantzeko ariketa interesgarriz osatua.

Ezetz esaten ikastea —eta horregatik gaizki ez sentitzea— da jolas horietako baten helburua; nesken artean landu beharrekoa bereziki; ezetza ezetza dela aldarrikatzen dugu, baina maiz geu gara geure buruari ezetz hori ukatzen diogunak. Jolasean, hori sentitu izan dugun egoerak papertxotan idatzi eta horien inguruan hausnartuko genuke, gero borobilean jarrita, banaka oihu egiten amaitzeko: EZ!

Justu ariketa hau transkribatzen nabilela, justu une horretan, bekain bat altxatuta ‘ea zu zertarako gai zaren’ diostan patuaren erronka bat balitz bezala, mezu bat jaso dut mugikorrean: “X eguneko X bertso-saioan neska bat behar dugu, animatuko zinateke?”. Oholtza gaineko bizipenen flashback uholde batek harrapatu nau, eta oroitu ditut guztiz lekuz kanpo sentitu izan naizen saio arraroak, neska eta gaztea sentitu izan naizen saioak, bertsolari sentitu aurretik; jaietako eraso sexistei buruzko gaia egokituko zaidala hasieratik dakidan saioak, edo agurrean aldarri hori egiteko beharra sentituko dudala dakidanak. Nik ezetz erantzunez gero, kopiatu/itsatsi eginda beste edozein neska gazteri bidaliko dioten mezua da, emakume guztien ordezkari garenez, ordezkagarriak ere bagarelako.

Oroitzen saiatu naiz —alferrik— gutxienez beste bi bertsolari emakumerekin kantatu dudan azken aldia, martxotik haratagoko hilabeteetan edo saio ez-berezituetan; oroitu dut behin bertso munduko emakumeen artean honelako saioei boikota egingo geniela esan genuela, umorez, eta pentsatu dut ea gutako inork bete ote duen bere hitza; oroitu dut honela sentitu izan naizela aitortu nuela behin, eta gizonezko batek, bere asmorik onenarekin, hori ez zela horrela esan zidala, eta ni isildu egin nintzela.

Baina, egia esan, beti ez naiz arraro sentitu eta… baliteke azkenean ondo pasatzea. Baliteke ni entzutearren deitzea, eta ez neska naizelako soilik. Agian ni naiz aski autoestimu ez duena, beti bezala. Aukera hauei uko egiten badiet, beharbada ez didate berriro deituko eta… berez ez nintzateke kexatu behar.

Ea udalekuak laster iristen diren.