Herritarrak ikasle eta irakasle

Herritarrak ikasle eta irakasle

Natalia Salazar Orbe

Teknologia berriek egunerokoa asko erraztu badute ere, harremanak hoztu egin diren froga bat baino gehiago aurki daiteke nonahi. Bi lagun elkarren ondoan eserita, sakelako bana eskuan dutela eta elkarri aurpegira begiratu ere egin gabe ikustea ez da fenomeno bitxitzat hartzen egun. Herri askotan galdu egin dira komunitatearen kontzeptua eta auzotarrekiko gertuko harremana ere. Egoera hori aldatzeko asmoz, irakaskuntza, ikasteko gogoa eta komunitatea uztartzen dituen ikas-komunitate hezitzaile baten proiektua darabilte Leioan: Herrigune. Asteburuan kalean izan dira, euren proiektua ezagutzera ematen.

2001ean ekin zioten lanari, Leioako Udalarekin batera. Hastapen haietan, umeak hartu zituzten ardatz, haientzako herri aproposa eraiki guran. Aurrerago jabetu ziren haurrentzako aproposa zena helduentzako ere hala izango zela, eta herri osoari erreparatzeari ekin zioten. Hezkuntza baliatu dute horretarako. Ez, ordea, araututako hezkuntza: herritik herritarrentzako sortua baizik. Espazio komuna ikas-ingurune gisan proposatzen duen egitasmoa jorratu dute.

Joan den asteburuan presentzia handia hartu zuen proiektuak Artatzako Bulebarrean. Uztailera bitartean antolatuko dituzten Irakale eta lantaldeen berri bertatik bertara jasotzeko aukera izan zuten gerturatu ziren herritarrek: gastronomia, arkeologia, Leioa jasangarria, zientzia, Arboretum, indarkeria sinbolikoa, astronomia, zeinu hizkuntza, konponketak, eskulanak, frantsesa, ingelesa… Aukera zabala dute leioaztarrek ikasi eta jakintza partekatzeko. Irakale taldeetan ikaskuntza prozesua kalera ateratzen da, eta herritar orori ikasteko zein irakasteko aukera eskaintzen zaio.

“Zer ikasi nahiko zenuke?” eta “Zein jakintza gustatuko litzaizuke partekatzea?” Bi galdera horiek planteatzen dizkie herritarrei Herrigunek. Harrera ona izan badute ere, lan nekeza egin behar izan dutela azaldu du proiektua kudeatzen duen Solasgune enpresako Peru Calabazak. “Txindurri lana izan da. Jendeak oso antolatuta dauka bere bizimodua, eta, sarri, parte hartzeko gogoa izan arren, gero ez dute astirik aurkitzen”. Jendeak komunitate jardueretan inplikatzeko dituen gero eta zailtasun handiagoak gertu-gertutik bizi dituzte, beraz.

Baina lortu dute bidea egitea. Leioaztarren Ezagutzen Sareak jartzen du lehen harria. Bertan bat egiten duten herritarrek zer ikasi nahiko luketen hausnartzen dute. Gairen bat sakondu nahi izanez gero, Irakaleak sortzen dira. Leioaztarren Ezagutzen Sarean 200 lagun inguru ari dira.

Erraz ulertzeko moduko adibide baten bidez azaldu du Calabazak sare horrek sor ditzakeen harremanak. “Bakailaoa pil-pilean zelan prestatu jakin nahi duten askok Google-ra joko lukete, errezetarik onenaren bila. Hala ere, baliteke zure gaineko bizilagunak Bizkaiko bakailaorik gozoena prestatzea. Eta zurekin batera prestatzeko prest egon liteke. Ikasteko beste modu bat da”.

Ikasteaz gain, jendea ezagutzeko eta aurrera begira beste gauza batzuk elkarrekin egiteko bidea ere zabal dezake lehen hitzordu horrek. “Askoz aberasgarriagoa da arratsalde bat zure bizilagunarekin ematea bakailaoa prestatzen, Internet bidez ikasi duzuna zure etxean bakarrik egitea baino”.

Herri idealaren bila

Etorkizuneko Leioa irudikatzen lagun dezakeen proiektuaren parte dira, bestalde, lantaldeak. Oinezkoen Pausora martxa irailean egiten dute. Herritarrek egiten duten ibilbide bat da. “Herritarrak elkarrekin egotea da xedea; baita kaleen diagnosia egitea ere. Herritarrek iradoki ditzakete zeintzuk hobekuntza egin daitezkeen herrian. Eta udalak urteko iradokizun guztiei erantzuteko konpromisoa du”.

Gauza txiki asko aldatu dituzte Herrigunek egin duen ibilbide luzean. Atera daitekeen ondorio garbia ondokoa da: “Gauzak beste era batera egin daitezkeela”.

Egiten duten lan handienetakoa da herriko eragile guztiak harremanetan jartzen ahalegintzea. Herritar asko eta asko norbere bizitzan murgilduta dauden garaiotan haize kontra ari direla irudi daiteke. “Badago ezertarako astirik ez duen jendea. Beste batzuek, ordea, gogo biziz hartzen dute proiektuan parte hartzeko eskaera. Eta hori oso aberasgarria da”.

Proiektuan parte hartzera deitu dute. Informazio gehiago:

www.herrigune.org