“Afrikara itsasoz bidaia egitearen modukoa da azken diskoa”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Afrikari eskainitako Otago lana dakar besapean Eugen Bidegain musikariak (Ondarroa, 1968). Autoekoitzitako bere seigarren lana plataforma digitaletan Gabonetan kaleratu bazen ere, martxoan argitaratu du fisikoki. Ordubete inguruko lanak musikaren bitartez bidaia bat egitera gonbidatzen du entzulea.

Diskoa Afrikari eskainitakoa da. Zer dela eta?

Egia esan, bi arrazoirengatik eskaini nahi izan diot diskoa Afrikari. Iaz, udan, telebista ikusten ari nintzela, erabat harritu ninduen albiste bat ikusi nuen. Poliziak hamar-hamabi urte inguruko ume bat hil zuen, odol hotzean, Boko Haram-eko kidea zela argudiatuta. Albistea bera basakeria bat iruditu zitzaidan. Baina, egia esan, albistea zelan eman zuten ikusteak harritu ninduen gehien: edozein axolagabekeriari buruz ari balira modura eman zutela iruditu zitzaidan. Irudi haiek, nolabait, nire barrua astindu zuten. Irudiak oraindik buruan nituela, etxeko pianoaren aurrean jarri, eta Afrikaren inguruan konposatzen hasi nintzen.

Bigarren arrazoi bat ere aipatu duzu. Zein?

Musikaren irakaskuntza eta kultur aniztasuna deritzon doktore tesia idazten aritu naiz, eta bertan, batez ere, Marokoko ikasleekin aritu naiz beharrean. Diskoan horietako baten ahotsa txertatzea erabaki dut. Hain zuzen ere, pianoko musika girotzeko Omayma El Bakaliren ahotsa sartu dut azken disko honetan, eta, beragaz batera, Assanatou Niangena ere gehitu dut. Ahotsez gain, Afrikan han-hemenka grabatu ditudan soinuak ere txertatu ditut.

Nondik dator diskoaren izenburua?

Joseph Conraden eleberri batetik dator. Conrad marinela izan zen, eta, bere bidaietako batean, Kongon zehar ere ibili zen. Haren memoriak agertzen diren liburu batean, ez du Otago izenik aipatzen, baina, adituek diotenez, horixe zen bidaiarako erabili zuen ontziaren izena. Gero, gainera, Conradek idatzitako beste liburu batean ere Otagon bidaiatu zuela diote, eta, hain justu, hortik dator Afrikaren metafora. Liburu horretan, ontziko marinelak banan-banan hiltzen hasten dira, madarikazio batek jota. Analogia hori Afrikako egoerarekin lotu nahi izan dut. Nire ustez, egun Afrikari ere gauza bera gertatzen ari zaio: pixkanaka hiltzen ari dela.

Diskoko zortzi kantak zuk ondu dituzu?

Bai, hori da. Oraingo honetan, gainera, ez dut beste instrumenturik sartu. Hau da, piano bakar bategaz grabatu dut seigarren disko osoa, estreinakoz.

Noiz grabatu zenuen?

Udan hasi, eta Gabonak bitartean egin nuen prozesu osoa. Nahiko espontaneoa izan zen. Kanta guztiak, gainera, inprobisatzeak izan dira, eta, beraz, gutxi moldatu behar izan nituen. Denbora gehiena grabatzen pasatu nuen; hortaz, konposatzen denbora gutxi egin nuen. Kanta batzuetan, gainera, inprobisatzea dela agerian geratu da. Egia esan, atzera ere saiatuz gero, ez litzaidake modu horretara geratuko. Eskerrak momentu horretan grabatzen nenbilela!

Eta non grabatu duzu?

Dena goitik behera etxean egiteko aukera izan dut, eta, aurreko diskoetan egin modura, bertan grabatu dut.

Lanaren emaitzagaz gustura geratu zara?

Horrelako kasuetan soinua izaten da arazorik handiena, eta, etxean egindako grabaketa dela kontuan hartuta, nahikoa ondo dagoela esango nuke. Lana hobetu daiteke, noski, baina, horretarako, aurrekontu handiagoa beharko nuke.

Diskoa non lor daiteke?

Spotify, iTunes, Amazon, Google Play eta Deezer moduko plataforma digitalez gain, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean eta Ondarroako Idiakez liburu dendan, Mamu tabernan eta Kurike egunkari dendan ere eros daiteke.

Zelako diskoa da?

Afrikara eta beste toki batzuetara itsasoz bidaia egitearen modukoa da azken disko hau, nire ustez. Musika Europako biztanle batek eginikoa da, baina hara eramateko gaitasuna du.

Aurretik kaleratu dituzun bost lanen aldean, zer du desberdina honek?

Orain arte grabatu ditudan diskoetan, gauza berriak probatzen aritu naiz. Inoiz ez legez, piano bakarra sartu dut oraingoan. Disko guztietan beti sartu dut pianoa, baina, kasu honetan, disko osoa piano hutsagaz grabatzea erabaki dut.

Diskoa kaleratu ondoren, kontzertua eman zenuen Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Zer moduzko esperientzia izan da?

Hango arduradunek kontzertu bat ematea proposatu zidaten, eta ni, pozarren. Azken diskoko kantuez gain, aurreko lanetako beste hainbat pieza ere eskaini nituen. Kontzertu horri begira, gainera, zerbait berezi egin behar nuela bururatu zitzaidan, eta etxean ditudan hainbat piano eraman nituen diskoaren estreinaldirako.

Zer dela eta?

Etxean hainbat piano ditut, eta horiek batuta esperientzia zelakoa zen jakin nahi nuen.

Merezi izan zuen?

Eraman nituen piano guztiekin soinu ederra lortu nuela uste dut. Kontzertura etorri zirenak, behintzat, gustura ikusi nituen.

Zenbat piano eraman zenituen?

Dozena bat inguru eraman nituela uste dut. Piano digitalek programatutako akordeak aldatzeko aukera ematen dute, eta efektua taula gainean beste musikari batzuekin egotearen modukoa da.

Hainbeste piano batu eta gero, esperientzia errepikatzeko gogoz zaude?

Emaitzarekin oso gustura geratu nintzen, baina ez dut uste horrelakorik gehiago errepikatuko dudanik.

Zergatik ez?

Hori guztia norberak bakarrik egiteko astunegia da. Bost ordu behar izan nuen dena muntatzeko; horrez gain, beste bi ordu soinu probak egiten pasatu nituen.

Badaukazu beste kontzerturik aurreikusita?

Ez daukat ezer lotuta. Bilatzen nabil nire kontura, eta edozein eskaintzatarako ateak irekiak ditut, baina merkatuan horrelako kontzertuentzako leku gutxi dago, zoritxarrez. Orain momentuan, pop-rock estiloko eskaintza dago bakarrik, eta bestelako musikaren eskaintza oso urria da, eta, hori, nire ustez, atzerapena da. Beste musika mota batzuen eskaririk ez dagoela ez dut sinesten.

Aurrera begira, beste zerbait baduzu buruan?

Orain momentuan, beste disko bat erdi prestatuta daukat, ia argitaratzeko moduan, baina bi behar hain denbora gutxian argitaratzeak ez du zentzu handirik. Nire asmoa, ahal bada, hurrengo diskoan soprano baten ahotsa sartzea da, melodiarekin batera abesten; hori probatu nahiko nuke, behintzat. Ahotsagaz edo ahots barik, udazkenerako hurrengo lana kaleratzeko moduan egongo dela uste dut.