Kattalin Barber
Zer jan, hura izan. Azken urteetan gero eta gehiago entzuten den esaera da, elikadurari buruzko kezka areagotu egin baita. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio egoki jateari, eta eskola jantokietara iritsi da eztabaida. Durangaldean, esaterako, bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko elkartu da guraso talde bat: zazpi ikastetxetako guraso elkarteek indarrak batzea erabaki dute Berton Bertokoa izendaturiko egitasmoan. Lehen urratsa egin dute, eta manifestu bat sinatu dute eskola jantokietako jakien kalitatea hobetzeko asmoz. “Umeak eskubidea du ganorazko elikadura izateko, eta hortik abiatu da gure eskakizuna”, adierazi du Alex Azpiri egitasmoaren kideak eta Atxondoko eskolako ordezkariak. Jantokietan euren seme-alaben elikadura osasuntsua, bertakoa eta sasoikoa izatea eskatzen dute.
Eskualde osora zabalik
Durangoko Landako eta Zabalarra, Iurretako Maiztegi, Abadiñoko Traña-Matiena eta Zelaieta, eta Atxondo eta Elorrioko eskolek bat egin dute Berton Bertokoa egitasmoan. Azpirik azaldu duenez, atxikimenduen bila arituko dira hemendik aurrera, “eragin esparrua hedatzeko”. Eskualdeko gainontzeko ikastetxeentzat ere “ateak zabalik” dituztela nabarmendu du: “Proiektua eskualde mailakoa izatea gustatuko litzaiguke; finean, zenbat eta eskola gehiago batu, orduan eta indar handiagoa lortuko dugu”.
Zelaieta eskolako ordezkari Atxarte Agirrek argi du zer bultzatu nahi duten: ikastetxeetan eskaintzen den jakien kalitatea hobetzea. “Ez dugu nahi gure gain hartzea jantokien kudeaketa, eredua hobetzea baizik. Eta horretarako, uste dugu aukerarik onena bertakoa eta sasoikoa kontsumitzea dela, eta jaki horiek guztiak bertan presta daitezela eskatzen dugu”, nabarmendu du. Haurrak ondo hazi eta garatzeko ezinbestekotzat jotzen dute elikadura zaintzea, eta, jakiek berezko propietateak gal ez ditzaten, sukaldean bertan prestatzea galdegin dute.
Proiektuak, gainera, umeen elikaduran eragiteaz gain, inguruan ere onurak ekarriko lituzkeela seguru daude: eskualdeko ekonomia indartuko lukeela, eta nekazaritza eta baserriko bizimodua bultzatuko lukeela, besteak beste. “Horretaz gain, baserriak bizirik irautea bermatzen lagunduko genuke, eta gure ohitura eta jakituria mantendu”, gaineratu du. Sustatzaile ari diren gurasoek beti eman diote garrantzi handia umeek jaten dutenari, baita garapen iraunkorraren ereduari eta elikadura subiranotasunari ere.
Jaurlaritzaren zeregina
Berton Bertokoa egitasmoko kideek badakite, hala ere, ez dela haien ardura eskoletako jantoki eredua aldatzea, Eusko Jaurlaritzarena baizik. Aldarrikapena egin eta kezka azaleratzea nahi dute, eta ahal den neurrian, “gizartean eragin”.
Eskola jantokien kudeaketa catering enpresa handien menpe dago Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan, eta berriki 18,4 milioiko isuna jarri diete zortzi enpresari, Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera lehiaren oinarrizko arauak urratu eta “merkatua banatu” zutelako eskoletako jantokien zerbitzuan. Auzia, gainera, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurara ailegatu da, eta bertan izan dute hizpide eskoletako jangelen auzia. Adostu zutenaren arabera, eskola bakoitzak bere jangela eredua aukeratu ahal izango du aurrerantzean. “Umeen elikadura negozio bihurtu da catering enpresekin; umeen elikaduraren merkantilizazioa gertatu da, baina argi izpiren bat ikusten hasi gara”, iritzi dio Azpirik. Puri-purian dago gaia, eta egitasmoaren kideen aburuz, “mugimenduak egon daitezke hemendik aurrera”.
Bi mila ume inguru
Gaur egun, Durangaldeko zazpi eskola horietan 2.000 ume inguruk bazkaltzen dute egunero jantokietan. “Pentsa ezazu zer-nolako eragina izango lukeen gure eskualdean 2.000 menu horiek bertako produktuekin eginak izateak; bada, menu horiek guztiek, beste era batera kudeatuta, eskualdeko ekonomia indartuko lukete, eta lanpostuak sortuko lirateke”, hausnartu du Maiztegi ikastetxeko ordezkari Egoitz Ortiz de Zaratek. Eskolaz eskola egoera desberdina da, baina helburu bera dute guztiek: eskoletan bertan kozinatzea, gertuko eta garaiko produktuak erabiliz.
Atxondoko eskolak, adibidez, ez du sukalderik. Catering enpresa batek eramaten du jatekoa prestatuta. Beste eskola batzuetan, enpresak jakiak eramaten ditu, eta bertan prestatzen dituzte. Hala egiten dute, esate baterako, Iurretan. Azkenik, bada eskolaren bat non enpresak janaria erdi prestatuta eramaten dien, egoitzako sukaldean azken beroaldia eman, eta ondoren zerbitzatzen duten. Edozein kasutan, lehengaiak kanpotik jasotzen dituzte eskola guztietan.
Agirrek azaldu duen moduan, hainbat guraso 2015-2016 ikasturtearen hasieran biltzen hasi ziren, gaiarekin kezkatuta, eta gutxika-gutxika gorpuztu zuten haien asmoa. “Nola erein dituzte gure seme-alabek jantokietan jaten dituzten produktuak? Zer-nolako baldintzetan? Nondik datoz? Ongarri kimikoak erabili dituzte?”. Hausnarketa dator galderen ondoren, eta oraindik hastapenetan dauden arren, kezka aldarri bihurtu da dagoeneko. Sindikatu, kultur eragile eta elkarteen babesa bilatuko dute orain, eta bide horretan, elkarlanean arituko dira. Ekainean, gainera, egitasmoa zabaltzeko eta ezagutzera emateko jaia antolatuko dute proiektuaren sustatzaile izan diren eskola horietakoren batean. Finean, konpromisoa hartua dute Durangaldeko zazpi ikastetxe horiek, elikaduran hezteko eta eskualdean eragiteko ere baliatu nahi dituztelako jantokiak.