Bilbo, kulturaz blaituta

Aitziber Laskibar Lizarribar

Jaiegun hauetan kanporako planik egin ez duenak izango du non gozatu bertan ere. Bizkaiko hainbat herrik prestatu dituzte kultur eskaintzak, baina, ezbairik gabe, hiriburua izango da nagusi. 140 ekitaldiz osatutako programa bat aurkeztu dute Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Bertakoei eta batez ere turistei begirako programazio zabala: Basque Fest. Euskal kultura oinarri duen askotariko jaialdia. “Hiria agertoki handi bat bihurtuko da, eta kontzertuak, herri kirolen erakustaldiak, bisita antzeztuak, erromeriak eta erakusketak eskainiko dira, euskal gastronomiarekin eta kalitatezko produktuekin batera”, laburbildu dute antolatzaileek igandera arte egongo den eskaintza.

Musikaren alorrean, esaterako, lau gune izango dira protagonista: “Erro folklorikoa duten proposamen artistiko garaikideek” Plaza Barria hartuko dute. Bertan arituko dira, besteak beste, Gose, Aiko, Patxi Perez eta Euskal Folk Malandro & Co.

Travellin Brothers eta Gontzal Mendibilen emanaldiak izango dira nagusi Azkuna zentroan. Libe, The Great Barrier eta Mamba Beat ere arituko dira bertan. Bilborock talde berrien gune izango da, eta Kafe Antzokian Basque Rock City izeneko programazio berezia eskainiko dute.

Gune gehiago ere hartuko ditu musikak, halere; Indautxu aldean, Areatzan, Guggenheimen eta Bilbo Zaharrean DJak eta kalejirak izango dira, besteak beste.

Musika eta dantzak ez ezik, bestelako kultur jarduerek ere hartuko dituzte Bilboko kaleak: bisita antzeztuek, euskararen trenak, magoek eta beste. Zazpikaleetan, esaterako, Bilboren historia jolasean eta antzezlanen bidez erakutsiko da. “Bitxikeriak” ere agindu dituzte: “Bilbainadak eta topak”.

Areatza kirol tradizionalaren kokagune izango da. Herri kirolak, baserriko jokoak, pilota lantegiak eta 3D esperientziak eskainiko dira bertan.

Eta, nola ez, bisitariak erakarri nahian, “gastronomiarik bikainena, pintxorik gozoenak eta express dastatzeak” egingo dituzte. Helburua, “tradizioa eta berrikuntza” batzen dituzten zaporeekin parte hartzaileak harrapatzea. Euskal Herriko hainbat gazta mota, olioa, ardoa, txakolina, eta kontserbak dastatu eta erosteko aukera egongo da Areatzan.

Berezia eta berritzailea izango da Euskal Museoko eskaintza ere: Ibon Koteron albokariak eta bere taldeak musika tradizionala jotzen duten bitartean, txakolin dastatzeak egingo dira museoaren klaustroan.

Programazio guztia ikusi nahi izanez gero, begiratu webgune hau: www.basquefest.com