“50.000 bezero galdu behar ditu Iberdrolak Garoña ez zabaltzeko”

“50.000 bezero galdu behar ditu Iberdrolak Garoña ez zabaltzeko”

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Munduari utzi ahal zaion herentziarik txarrena” dira zentral nuklearrak, Patxi Alañaren ustez (Ubide, 1961). Garoña berriz zabaldu ez dadin, buru-belarri dabil, eta nabarmendu du herritarren esku dagoela hori egia bihurtzea.

Garoña berriz zabaltzen badute, Iberdrolako bezeroak izateari utziko diozuela iragarri duzue. Zergatik?

Adibidez, zu denda batera bazoaz ogia erostera eta ikusten baduzu ogi horrek tripako mina ematen dizula, hau da, produktu txarra ematen dizutela, beste okin batengana joango zara, baldin badakizu ogi txarra izan dela minaren arrazoia. Esan nahi dut: Lemoizen garaian, adibidez, jende asko mobilizatu zen, baina garai hartan monopolioa zegoen, eta ezin ginen beste leku batera joan. Orain, egoera aldatu da, zorionez. Badaukagu aukera nahi dugun enpresara joateko. Eta, Fukushima eta Txernobilen gertatutakoa ikusi ondoren, ezin dugu halako enpresa bat mantendu. Txernobilen 200.000 pertsona hil dira, malformazioekin geratu dira beste milaka, eta, ikerketa baten arabera, beste milioi bat pertsona hilko dira datozen hogei urteetan. Datuak ikaragarriak dira.

Fukushima eta Garoña ezin direla konparatu esaten dute batzuek.

Ezin direla konparatu? Eredu bereko zentralak dira biak: General Electricek egindako eredu bera dute. Belgikako Gobernuaren Batzorde Nuklearrak erabaki du horrelako bi ixtea, hain zuzen, Fukushima bezalakoak direlako, egonkortasun gutxikoak. Bai, konparagarriak dira.

Zergatik ez dute itxi nahi Garoña?

Interesak daude tartean. Ez dugu ahaztu behar Iberdrolak 47 milioi euro eman zizkiola Gaztela eta Leongo PPri parke eoliko batzuk baimentzeagatik. Garoñan segurtasunerako beharrezko neurri guztiak hartuko balira, ehun milioi euroko inbertsioa egin beharko luke Iberdrolak. Baina %10 inbertituko duela esan du, eta Gobernuaren Batzorde Nuklearrak onartu egingo du.

Garoña berriz zabaltzeko aukera handiak daudela uste duzu?

Zentralari gutxieneko neurriak exijituko balitzaizkio, gutxieneko aseguru bat, hondakinak betiko pagatzea eta biltegiaren eraikuntza elektrikak berak ordaintzea eta ez gobernuak, ez litzateke errentagarria izango. Dauden zentralen bizitza beste 15-17 urte luzatzea da egin duten jokaldia. Garoñak produzitzen duena gutxi da; baina erabiltzen ari dira gainontzeko guztien bizitza luzatzeko. Hori da Iberdrolaren helburu nagusia. Ez du beste zentzurik, Garoña hiru urtez itxita izatea dirutza baita. Beti eskatuko du dirutza, gainera. Txernobilen, adibidez, estalkia berritzeko, sei mila milioi euro gastatu berri dituzte, eta ez da nahiko. Estalkiak arrakalak ditu, eta beste bat jarri behar dute… 30 urte barru berriz izango ditu isuriak, eta berriz beharko dira beste horrenbeste milioi. Zentral nuklearrak dira munduari utzi ahal diogun herentzia okerrena. Fukushiman bost urte daramatzate Ozeano Barea kutsatzen, isurketekin. Ez dakite nola desegin zentrala, ezin delako. Hor sartuko balute pertsona bat, hamar minutuan hilda legoke. Robotekin ari dira probak egiten, baina ordubete besterik ez dute irauten barruan, dagoen kutsadura itzelagatik. Eragin dituen hildakoen zenbatekoa jakitea ere ezinezkoa da, minbizia eragiten baitu; baina, hainbat ikerketaren arabera, ofizialki esaten den baino milaka hildako gehiago eragin ditu. Datuak izugarriak dira: 900.000 hildako izan daitezke.

Garoñan istripu bat gertatuko balitz, zer gertatuko litzateke Bizkaian?

Bizkaian edaten dugun ura bi urtegitatik dator nagusiki: Orduntetik eta Gasteiz ondotik. Bai bat eta bai bestea Garoñatik 35 bat kilometrora daude. Isuriren bat egongo balitz eta euria egin, kutsatuta geratuko lirateke jarraian, eta Bizkaiko txorrotetatik irteten den urak erradioaktibitatea izango luke. Kutsadura hori hor geratzen da, gainera; ezin da kendu. Orduan, zer egingo genuke? Ura botiletan erosi, aspertu arte. Gainera, Garoña Ebroren hasieran dago. Ebrotik Errioxa osoak edaten du, Araba erdiak, Nafarroa osoak, Aragoik, Kataluniak… Pentsa zer gertatuko litzatekeen Errioxako ardoarekin. Nork erosiko luke? Bilbo ere 60 kilometrora dago. Hodei batek berehala ekarriko luke kutsadura, haizeak handik joko balu.

Zer egin daiteke arrisku horren aurrean?

Denok egin dezakegu zerbait. Adibidez, oraindik ez baduzue Iberdrolaren kontratua eten, horixe egin dezakezue egoitza guztietan. Badaude Goiener eta Som Energia, adibidez, prezio bera dutenak eta ez dutenak energia nuklearrik saltzen; kooperatiba txikiagoak ere badaude. Oraingoz, 5.000 pertsonak utzi diogu Iberdrolaren bezero izateari Euskal Herrian; eta lortuko bagenu 10.000-20.000 izatea, Iberdrolak hobeto aztertuko luke bere jarrera.

Atxikimenduak biltzeari ekin diozue. Zenbat eta nolakoak batu dituzue?

Erakundeak 25 bat dira. EH Bildu, Bizkaiko Podemos, Ezker Anitza, Equo eta Udalberri alderdiak; LAB, Steilas, CCOO eta CGT sindikatuak; talde ekologistak eta bestelako erakundeak. Bestalde, 300 bat pertsonaren sinadurak jaso ditugu. Garoña zabalduz gero, portabilitatea egitekoa da konpromisoa, baina batzuek ez itxarotea erabaki dute, eta pausoa ematen ari dira jada. Oso erraza da kontratua etetea eta portabilitatea egitea.

Zer lortzeko asmoz?

Iberdrolak 50.000 bezero galtzea nahikoa litzateke Garoña gelditzeko. Urtebetean 50.000 izanda, elur bola bilakatu daiteke, eta ehun mila izan litezke hurrengo urteetan. Iberdrolak hori ikusiko balu, berehala aldatuko luke asmoa. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, udalek… denek jarraitzen dute Iberdrolarekin. Udal batzuk hasi dira gaia mugitzen, baina ez Jaurlaritza ez aldundiak. Eta Iberdrolaren bigarren akziodun nagusia Kutxabank da. Zergatik ez dio presio egiten EAJk? Urkulluk hitz egin behar luke Galanekin serio: “Begira, guk Iberdrola defendatuko dugu, baina Garoña ezin da zabaldu. Gure atzeko belaunaldi guztiak daude jokoan. Ez diegu utzi nahi Fukushima eta Txernobilekoaren moduko herentzia”.

Hainbat eragilek eman diote atxikimendua kanpainari. Elkarlan gehiago espero duzue gaiaren inguruan?

Lanean jarraituko dute. Bakoitzak hartu du konpromisoa bere afiliatuei informazioa bidaltzeko, hitzaldiak bultzatzeko, eta euren sareen bidez gaia bultzatzeko. Jendea kontzientziatzea da helburua. Gure esku dago. Denok daukagu aukera. 50.000 pertsona behar ditugu. Kontuak eta biderketak arin egingo lituzke Iberdrolak, eta elur bolaren efektuaren beldur izango litzateke. Horixe egin behar dugu: 50.000 bezero galdu behar ditu Iberdrolak Garoña ez zabaltzeko.

Informazio gehiago bildu edo portabilitatea egiteko: www.garoña-rekinmoztu.net