Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ez da ezustean iritsi. Euskal altzairugintzaren beheraldiaren zerrendan, kaltetuen arteko beste bat da Tubos Reunidos enpresa. Traparango Galindo kalean dagoen Productos Tubulares adarrak aldi baterako erregulazio dosierra aurkeztu berri die langileei. Inportazio merkeei eta energia kostuei ezin eutsi dabil lantegia, eta, egoera irauli bitarte, aldi baterako erregulazio dosierra aurkeztu die langileei. Galindoko plantak dituen 430 beharginetatik 398ri eragingo die neurriak; langile zerrendan dauden %92ri, alegia
Azken hilabeteetan lantegiaren lan zamak behera egin zuela nabari zuten langileek. Eta susmoa zuten hori ikusirik enpresak neurriak hartuko zituela, Antonio Rios UGT sindikatuko ordezkariaren arabera. “Gero eta eskaera gutxiago iristen ziren lantokira, eta bagenekien berandu baino lehen neurriak hartuko zituztela”. Baina ez zen produkzioaren beheraldia izan beharginen alarmak piztu zituen arrazoi bakarra. Amurrion (Araba) ere lantegia du Tubos Reunidos enpresak, eta soldatak jaitsi eta lanaldiak luzatzeko proposamena egin zien langileei han otsailean. Arabako zurrunbiloa berehala iritsi zen Bizkaiko meatzaldera. Eta langileek aurreikusi bezala, enpresak negoziazio mahaira deitu zituen Galindoko plantako beharginak.
“Behin-behineko” neurria
Han izan zuten egoeraren berri. 2015eko lehen bederatzi hilabeteetan enpresak 8,5 milioi euroren galerak izan dituela eta, erregulazio txostena irekitzeko asmoa aurkeztu zuen lantegiak. Eta bota zuten proposamen zehatza ere: 398 langileri lanaldia erdira “gehienez” murriztea. Urtebete iraungo luke neurriak. Aste batean bai, eta hurrenean ez; hala egingo lukete lan 323k, eta beste 75ek, egunero egin arren, lanaldia murritzagoa lukete. Datozen egunetan egingo dituzte bilerak langile batzordeak eta lantegiko zuzendaritzak, txostenaren nondik norakoak zehazteko. Baina ez dirudi neurrietan aldaketarik egingo denik, Riosen arabera. “Guk, sindikatuan, beti esan dugu erregulazio dosierra tresnarik egokiena dela beheraldi egoera hauei aurre egiteko. Betiere langileekin negoziatzen baldin bada”.
Behin-behineko neurria dela azpimarratu du Riosek behin eta berriz. Eta enpresaren eskaerak gora egin ahala, bertan behera utziko dutela neurria. “Enpresak duen arazoa ez dago lanaldi ala soldatei lotuta, eta horregatik, ez du zentzurik arlo horietan aldaketak egiteak. Euskal Herriko altzairugintzak duen arazo bera du Tubos Reunidosek. Behera egin dute produkzioak eta eskaerak. Horiek berreskuratu ahala, bertan behera utziko da hartutako neurria”. Azaldu du enpresak duen egoeran langile zerrenda guztia aktibo izateak kalte larriagoak ekarriko lituzkeela. “Lan karga gutxirekin langile guztiak aktibo egonez gero, galera handiagoak izango lituzke enpresak. Aurrezteko neurria da proposatu dutena, enpresaren jarduna eten gabe eta langileen lan baldintzak ukitu gabe”.
Enpresara itzultzea denbora kontua dela azpimarratu du UGT sindikatuko ordezkariak behin eta berriz, egoera behin-behinekoa dela. “Galindoko planta lehiakorra da, eta hala erakusten dute datuek ere”. Eskaeran dago Galindoko plantaren etorkizunaren gakoa. Eta nazioartean jarri du begirada Riosek; altzairugintzak duen egoera zailean, alegia.
Altzairugintzaren arazoa
Euskal Herrian gero eta zailtasun handiagoak ditu altzairugintzak eta sektoreko fabrika askok ateak itxi dituzte azken urtean; Arcelor Mittalek Sestaon duen ACB plantak, kasurako. Bi faktore nagusi aipatu ditu Riosek. Bat: Energiaren gehiegizko kostua. Eta bi: Txinak kostu azpiko altzairua inportatzea. “Txinak gainprodukzioa du altzairuan, eta produkzio kostuen azpitik ari da Europan saltzen. Horrek zuzenean eragiten digu guri”. Energiari dagokionez, Iberdrolak industriaren alde “ahalegina” egin beharko lukeela iradoki du. “Europako energia kosturik handienetakoa dugu hemen. Eta horrek industrian asko eragiten du. Iberdrolak, kasurako, puztu egiten ditu fakturak”.
Bizkaian, ezkerraldea eta meatzaldea dira altzairugintzaren beheraldiak gehien zigortu dituen eremuak. Eta egoera iraultzeko neurriak hartzea dagokie erakundeei, Riosen arabera. “Guztion arazoa da hau, eta Eusko Jaurlaritzak presioa egin behar du energiaren kostua jaisteko eta Europan konkurrentzia desleialeko produktuei mugak jartzeko”.