Titietaraino gaude

Igor Elordui Etxebarria

Esaten da guraso zarenean bizitzaren ikuspegia aldatzen zaizula. Ar jaiotzea edo guraso ez izatea ez da oztopo, edo ez litzateke izan behar; baina eme jaio eta ama izatea ere ez denez ezeren garantia, ausartzen naiz aitortzera niri, alaba baten aita naizenetik, gizartearekiko eta inguruarekiko perspektiba eta sentiberatasuna aldatu zaizkidala. Aldatu baino, zuzenagoa iruditzen zait esatea areagotu egin zaizkidala. Jada ez nago potroetaraino bakarrik, titietaraino ere banago.

Gaur, Agata Deuna da. Ohiturari jarraituz, baserritar jantzita eta makilekin ibili dira atzoko egunez gure herri eta auzoetan, kantari, makinatxo bat koru eta neska-mutil kuadrilla. Bada, emetasunarekin zerikusi handia daukan jaia da Agata Deuna.

Emankortasunarekin lotuta, mitologian du oinarri, eta lurra esnaraztea da, antza, neguko solstizioaren ostean, makilakada erritmikoen eta jai osoaren jatorria. Geroago etorri ziren koplak eta errezoak, kristautasunarekin, elizak ospakizun eta elementu pagano guztiak bereganatu zituenean: historiaren arabera, Agata Sizilian jaio zen, 230. urtean. Quinciano hango gobernadoreak harekin ezkondu nahi izan zuen, baina hark, ordea, ezetz esan omen zion, eta, orduan, neskatoa kartzelan sartzeko eta torturatzeko agindu zuen. Bularrak moztu zizkioten Agatari, eta 251ko otsailaren 5ean hil egin zen. Horregatik da, gaur, Agata Deuna. Batetik, jada existitzen ez den Euskal Herri matriarkal eta animista baten arrastoa da, segurutik; bestetik, oraindik indarrean dagoen gizarte eredu matxista patriarkalaren adierazpen bortitza da. Paradoxikoki (edo ez) oraintsura arte herri batzuetan emakumeek ezin izaten zuten parte hartu.

Bateko zein besteko, esaerak dioen legez, gertakaririk txarrenek ere mutur on bat badutelako, pedagogia egiteko eta kontzientziak astintzeko baliatu beharko genuke Agata Deuna ere. Horretarako, eta mendeak geroago, zoritxarrez, oraindik munduan Quinciano asko daudela salatzeko. Baita inoiz matriarkala izan ei zen Euskal Herri honetan ere.

Titiak ebaki zizkioten Agatari. Titietaraino gaude gu. Titietaraino, emakumeak erailtzen, jipoitzen eta bortxatzen dituzten Quinciano-kriminalez. Titietaraino, emakumeen aldageletan kamerak jartzen dituzten Quinciano-perbertituez. Titietaraino, seme-alabak lehenago eta gurasoak geroago zaintzera emakumeak kondenatzen dituen Quinciano-heziketaz. Titietaraino, neskatoak panpinekin jolastera eta arrosa kolorez janztera behartzen dituen Quinciano-marketinaz. Titietaraino, emakumeak lirain eta eder egotera bultzatzen dituen Quinciano-modaz. Titietaraino, emakumea bigarren mailako izaki legez tratatzen duten Quinciano-erlijioez. Eta, finean, titietaraino, mutila mutil eta neska neska izatera obligatzen gaituen Quincianokeriaz.

Agata hil eta mendeak geroago, balio bezate Agata Deuneko makilakadek, lurra esnatzeko ez ezik, kontzientziak astintzeko.