Lur azpiko ontziak moldatu dituzte Bilboko bi kaletan

2009an jarri zituzten lehen aldiz papera eta errefusa banatzeko lur azpiko zaborrontziak Bilboko Ledesma eta Portuko Markesaren kaleetan. Lur azpian hondakinak biltegiratu, eta, espazioa aurrezteko, konprimitu egiten zuen ezarritako sistemak. Baina probak huts egin duela adierazi du Bilboko Udalak, hondakinak konprimitzean arazoak sortzen direlako eta zaborra buxatu egiten delako. Horrek zaildu egiten du hondakinen bilketa. Beraz, ez dute zaborraren banaketa egingo aurrerantzean. Errefusa soilik jasoko dute bi kale horietan dauden lur azpiko ontziek.