Barakaldo versus Bilbo

Eskualdeko senide handiak beste herrietan duen eraginak iritzi ezberdinak sortzen ditu. Batzuek garrantzi handiagoa aitortzen diote auziari; beste batzuek, batere ez. Herritarren jatorriaren arabera bereiz daitezke, batez ere. Gauzak horrela, barakaldarrek argi eta garbi utzi dute beren iritzia: "BEC Barakaldo da".

Juan Martinezek 62 urte ditu. Galiziarra da jatorriz, baina Barakaldon bizi da aspalditik, eta, aitortu duenez, berari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion Ezkerraldeko hirira heldu zenean. "Nik ere Bilbora nentorrela uste nuen, baina behin hemen bizita, niri ere Bilbo eta Barakaldo artean ezberdintzea gustatzen zait. Galiziatik galdetzen didatenean, Barakaldon bizi naizela esaten diet, ez Bilbon". BECen izendapenari buruz galdetuta, Barakaldokoa dela aitortzea eskatu du.

Amaia Ugalde ere aitorpen horren alde agertu da. 22 urteko ikasle horrek uste du gauza bakoitzari dagokion izenez deitu behar zaiola. Espainiako hainbat aireporturen adibidea jarri du, horietan, hiriburuaren izenaz gain, hiriaren izena jartzen baita: "Madrilen, Madrid-Barajas da aireportuaren izen ofiziala, eta Bartzelonan, Barcelona-El Prat". Halere, bitarteko aukera bat proposatu du: "Barakaldo eta Bilbo ahaztu eta pabiloiari Bizkaia Exhibition Centre jartzen badiogu? Izena BEC izango litzateke hala ere, ezta?".

Bilbon, izenaz konforme

Bilbon, berriz, izenarekin konforme daudela diote herritarrek. Argudio komertzialekin arrazoitu dute beren jarrera. Izan ere, gehienen ustez, Bilbo markak atzerrian daukan arrakastak erakargarriago egiten du erakustazoka edo dena delako azpiegitura.

Mari Carmen Ariasek garrantzia kendu dio gaiari. Eztabaidak ez duela funtsik dio, eta badaudela garrantzizkoagoak direnak. "Uler dezaket Barakaldokoak pixka bat minduta sentitu ahal izatea, baina ez nioke garrantzi gehiagorik emango. Nire ustez, atzerritik datozenek Bilbo dute buruan, ez Barakaldo, eta hori kontuan eduki behar da, batez ere mota horretako ekitaldiak antolatzen direnean".

Jon Uriarte, berriz, Marketin ikasketak egiten ari da, eta ez du dudarako zirrikiturik uzten. Argia da: "Mota horretako eztabaidak piztea sekulako lelokeria da. Modu horretan hasiko bagina, ziurrenik Madrilen dauden egituretako asko Mostolesen, Alcala de Henaresen edo Fuenlabradan daudela esan beharko genuke. Guztiek daukaten marka komun bakarra Madril da, eta hori da ustiatu beharreko ondasunik garrantzitsuena".

Rakel Iriondo bilbotarrak, berriz, bi aldeen artean akordio bat bilatzeko saioa egin dezatela eskatu du, eztabaida horrek bi aldeei kalte egiten dietela sinetsita. "Batzuen eta besteen iritziak elkartu eta hortik zer irten daitekeen aztertu beharko litzateke. Ni ez naiz horrelako gaietan sartzearen aldekoa, baina tira...", egin du gogoeta.