Txerrikietatik haratago

San Martin

Ermua

Egitarau zabalarekin dator San Martin eguna Ermura. Gaur bertan gazta dastatzea antolatu du Lobiano elkarte gastronomikoak, 19:15ean, kulturgunean. Bihar, 23. San Martin azoka egingo dute. 11:00etan emango diote hasiera. Kalejira trikitilari, txistulari eta gaiteroekin egingo dute, eta umeentzako jolasak egongo dira, besteak beste.

Abere erakusketa ere egingo dute Valdespina parkean, eta idiak egongo dira probalekuan. Horrez gain, eskulangileen postuak izango dira Santiago plazan. 10:00etatik 12:30era, bestetik, euskal musika tresnen erakusketa izango da Lobianon.

12:00etarako baserritar jantzien lehiaketa antolatu dute plazako oholtza gainean. Haurrek elizpean izango dute eskulanak egiteko txokoa, 14:00 arte.

15:00etan, atseden hartzeko eta indartzeko tartea izango dute bertaratzen direnek: baba jana prestatu dute. Menuaren barruan, babak, postrea eta edaria izango dute. Guztira, 15 euro.

Musika eta dantza giroa Luhartz taldeak jarriko du 18:00etan, Orbe Kardinalaren plazan. Ostean, kalejira izango da. Bukatzeko, larrain dantza egingo dute, 19:30ean.

Herriz herri

Beste hainbat herritan ere ospatuko dute egunotan San Martin. Zamudion ere makina bat ekitaldi prestatu dituzte. Gaurkoa mozorro eguna da. 20:00etan, kantu poteoa egingo dute, eta, 23:00etan, kontzertuak: Mandoilek, Lin Ton Taun eta Trikizio.

Bihar, kuadrillen arteko porrusalda lehiaketa eta talo tailerra egingo dituzte. 23:00etan, Txapelpunk eta Kaotiko taldeen kontzertuak izango dira. Oihan Vega DJak emango dio bukaera gauari.

Domekan ere musika saioak izango dira: Erramun Martikorena, Estitxu Pinatxo, Magali Zubillaga eta Pier Paul Berzaitz ariko dira Karrejuko karpan, 18:00etatik aurrera.

Bi horietan ez ezik, ez da jai girorik ere falta izango, besteak beste, Getxoko Algorta auzoan, Foruan, Aulestin eta Bermeon. Bermeon, adibidez, 10. Odoloste Txapelketa egingo dute domekan, San Martin azokaren barruan. Lamera plazan izango da 11:00etatik aurrera.