Baikorrago, osasuntsuago

Norbere osasun egoera ez da soilik jasotzen duen arreta medikoaren araberakoa; kutsadurak, elikadurak, gizarte ongizateak eta egoera psikiko zein emozionalak ere eragina dute. Eta krisia faktoreok aldatzen ari da. “Esaterako, abagune zailetako babes soziala: langabezia sari egonkorra ez edukitzeak segurtasunik eza dakar oinarrizko beharrizanak betetzean”. Mario Fernandez Osaldeko kide eta osasun publikoko adituak jarri du adibidea. Jose Antonio Gonzalez psikoterapeutarekin batera, krisiak osasunean duen inpaktuari buruzko hitzaldia eman zuen joan den astean Basurtuko Udaltegian (Bilbo), auzo elkarteak antolatuta. Ondorio batera iritsi ziren: krisian egonda ere, hobe da edalontzia erdi beteta ikustea.

Oro har, osasun publikoko datuek okerrera egiten dute krisi garaietan. “Osasunaren parte txiki bat baino ez baitago genetikan”, azaldu du Fernandezek. Joan Benach Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko adituaren tesia aipatu du, osasunak klasearekin duen lotura gogoratzeko: “Bizimodu osasungarria mantentzea zailagoa da pobrezia egoeran daudenentzat: haiek dauzkate aukera gehiago okerrago elikatzeko, gehiago erretzeko eta edateko, gizentasun handiagoa izateko, kirol gutxiago egiteko…”.

Berezko lotura hori areagotu egiten da egoera sozioekonomikoak txarrera egitean. Suizidio tasan antzematen da argien, Fernandezen arabera: langabezia tasak gora egiten duen puntu bakoitzeko, %0,8 igotzen da bere buruaz beste egiten dutenen kopurua. “Grezian, hiru urtean %40 igo dira suizidioak; Europako tasa baxuenetik altuenera pasatu dira”.

Baina suizidioetara heldu gabe ere, segurtasunik gabeko egoera ekonomikoek sortzen duten kezka iraunkorrak eta estresak bestelako ondorioak dituzte: infekzioek, tentsio arterialak, bihotzekoek, arazo kardiobaskularrek eta depresioek gora egiten dute. Baita diabetesak ere, “karbohidratoak okerrago toleratzen direlako”. Langabeziak behera egiteak lan istripuak ere gutxitzea dakarren arren, tasa igo egiten da: “Lanean ari direnen prekarietateak eta segurtasunik ezak istripu eta gaixotasun gehiago eragiten dituzte”.

Krisietan heriotza tasa igotzen dela ondorioztatu du Fernandezek. Horren seinale jo du 1991n Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin eta hurrengo urteetan izandako joera: “Hilkortasun orokorra %30 igo zen, eta bizi-itxaropena, nabarmen jaitsi: 64 urtetik 58ra gizonengan, eta 74tik 71ra emakumeengan”.

Finlandian, bestela

“Baina hilkortasunaren eta krisiaren arteko lotura babes sozialak baldintzatua da”, ohartarazi du. Hain justu, SESBeko krisia Finlandiara heldu zela azaldu du, baina ondorio erabat desberdinak izan zituela gaineratu: “Sistema publikoa bere horretan mantendu zuten; beraz, delinkuentzia jaitsi egin zen, eta langabezia igo arren, herritarrek kirola egiteko aprobetxatu zuten denbora”.

Horregatik uste du Jose Antonio Gonzalezek krisia aukera gisa uler daitekeela, “mundu hobea egiteko”. Asvasam buru osasunaren aldeko elkarteko kide da, eta adimen emozionalean aditua. Hartara, baikortasuna berreskuratu beharra nabarmendu du.

Izan ere, krisia herritarren egoera emozionala “suntsitzen” ari dela uste du. Sufrimendua antzeman du, eta beldurra, batez ere gazteen artean, “ez dutelako etorkizunik ikusten”. Arazoak esparru ekonomikoa gainditu du: “Langabezian hiru urte daramatenek diote problema ez dela dirua, baizik eta buruestimua galtzen ari direla eta lotsa ematen diela laguntza eskatzeak”. Sentipen hori, gainera, kolektibo bihurtu da: “Itxaropen gabezian sartuta gaude, nolabaiteko depresio sozial batean, eta estututa gauzka, baina gezurra da: denontzako baliabideak egon badaude, baina justizia falta da, berdintasuna. Gizarte bidezkoagoa zoriontsuago ere izango da”.

Krisiari eskerrak ematea

Hala, inguruko ezkortasun horren aurrean harresi bat eraikitzeaz mintzatu da. “Pentsamendu positiboak osasunean eragiten du: bizitza luzeagoa eta hobea dakar”. Baina nola izan daiteke baikorrago abagune honetan? Krisia aldi baterako testuinguru batean kokatuz, norberarenganako konfiantza indartuz… “Eta barre eginez, egunero pixka bat, arrazoirik eduki gabe ere”.

Egoera zailen irakaspenei ere begiratu die, “alde positiboei”. Herritarrak agertzen ari diren elkartasunari eta eskuzabaltasunari erreparatzeko eskatu du: “Egun batean eskerrak emango dizkiogu krisiari, balio izan duelako gizartea kontura dadin arrapaladan eta inkontzienteki egin dugun bizitza aldatu behar dugula. Kontzientziak piztu behar ditugu, eta pertsona bakoitza aldatu”. Bat etorri da Fernandez: “Gaixotzen gaituen egoera hau alda dezake gizarteak”.