Auzoaren beharren alde?

Uribarri auzoko Matiko kaleko eraikin hutsari erabilera sozial eta kulturala ematen saiatu ziren joan den urteko ekainean auzoko gazteak. Auzokideen beharrak betetzeko asmoz, Patakon gaztetxea okupatu zuten, baina eraikinaren jabeek salaketa jarri, eta hilabete geroago Ertzaintzak hustu egin zuen gaztetxea. Urte hasieran, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak beste proiektu bat aurkeztu zuen, Patakon eraikina gazte ekintzaileentzako zentroa izateko, hain zuzen.

2012ko abenduan Irazabal familiak —Matiko kaleko 6. zenbakian dagoen eraikinaren jabeek— Bilboko Udalari eman zion eraikina. Baldintza bi jarri zituen: eraikinak gizarte zerbitzua eskaintzea 85 urtez eta Irazabal izena jartzea. 1960ko hamarkadan eraiki zuten, industria, komertzio eta bulego gisa erabiltzeko, baina “hainbat arrazoi” direla medio, ez du inolako erabilerarik izan eraiki zutenetik. 50 urte baino gehiago zeraman hutsik.

Lan Ekintzak egin du beharrizanen azterketa; zentroa arte, teknologia eta diseinuan erreferente izango dela erabaki dute. Sektore horiekin zerikusia duten proiektu berritzaileak eta software, bideo joko, e-business eta robotikari lotutako jarduerak egingo dira. Hil honetan hasiko dituzte eraberritze lanak, eta sei hilabeteko iraupena izango dute; guztira 500.000 euro inguruko aurrekontua izango dutela jakinarazi du udalak. Aurreikusitako faseen arabera, zentroa urte bukaeran jarriko dute martxan.

Bilbo Ekintzak diseinaturiko planaren arabera, eraikina ekintzaileentzat, ikasleentzat, ikertzaileentzat eta enpresentzat izango da. Sozietate publikoak bost proiektu aukeratu ditu: artearen digitalizazioa, puntako teknologiako softwarea, Interneteko enpresen sorkuntza, Bilbo Tech —teknologikoki aurreratuta dauden enpresa komunitatearen belaunaldia—; eta Makers —berrikuntza diseinu industrialean—.

Zentro berri horri esker Bilbok “hiri berritzaile” gisa duen proiekzioa indartuko dela adierazi du Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko kontseilari nagusiak, eta ez hirigintzan eta arkitekturan soilik, baita garapen ekonomikoan ere.

Auzokideen harridura

Harriduraz jaso zuten albistea auzokideek. Hala kontatu du Eire Larrea Uribarriko Gazte Asanbladako kideak, ez baitzuten uste udalak “horren azkar” bilatuko zuenik eraikin horretarako proiektua. “Inori ezer ere galdetu gabe pentsaturiko egitasmoa da; inposizio hutsa iruditzen zaigu”. Horrez gain, gazteei iruditu zaie ez duela zentzurik horrelako proiektu bat bideratzeak. Izan ere, duela gutxi antzeko proiektu bi bertan behera utzi dituzte Bilbon bertan, “ez zirelako ondo atera”. Udalari “oparia” ondo baino hobeto etorri zaiola uste du Larreak, eta “aurpegia zuritzeko” enplegua sustatzeko proiektua aurkeztu duela dio, baina nola doan ikusi arte itxaron beharko dela iruditzen zaio.

Egitasmoaren helburua bera “ideia ona” dela onartu du Larreak. Dena dela, euren ustez, aurkeztutako proiektuak ez du “inola ere” auzoko “errealitatearekin eta beharrizanekin” bat egiten. “Irazabal proiektua delakoa ‘hiriarentzako proiektua’ dela esan du Bilboko Udalak, baina ez dugu ikusten horrek Uribarrin lekua izan dezakeenik”.

Eurena gizarte mugimendu aberatsa izan duen auzoa dela azaldu du Larreak. Mugimendu asko, baina espazio gutxi: “Ez dago ekipamendurik, eta espazioa beti izan da arazo bat”. Auzoko elkarte zein eragileek luzaroan eskatu izan diote espazioren bat udalari, baina ez dute sekula erantzunik jaso.

Jabeek baldintzatzat eraikinak erabilera soziala izan zezan jarri zutenean, euren aukera izan zitekeela pentsatu zuten. “Badaukagu auzoaren beharrak asetzeko proiektua, eta guztiz bateragarria da jabeek eskatu dutenarekin”. Eraikinaren tamainak aukera asko ematen dituenez, gazte ekintzaileentzako egitasmoa auzokideen proiektuekin uztartzea proposatu zioten udalari, baina atzera bueltarik ez duen plana dela esan zieten.

“Guk ez diogu udalari esango euren proiektua bertan behera utz dezaten, edo eraikin osoa nahi dugula. Gure helburu nagusia ez da eraikin hori lortzea, baizik eta espazio bat lortzea; ez bada Patakon, beste bat”. Udalari auzokideekin esertzeko borondatea eta benetan beharrak beteko dituen espazio bat eskatzen diote. Espazioa auzokideek kudeatutakoa izan beharko litzatekeela nabarmendu du Larreak. “Eraikina udalarena izan arren, auzokideok kudea dezagula, guk ezagutzen baitugu hoberen auzoa eta beti lan egingo dugulako interes kolektiboaren bila”.

Erantzun bateratua

Auzokideen aldetik, babes handia jaso zuen Patakonek, eta hainbat lagun bildu ziren bertara, aldekotasuna erakustera. Izan ere, proiektua ez zen gazteentzat soilik, “auzo guztiarentzat irekia” baizik. “Jendeak babesa erakutsi zigun, auzoak behar zuena zelako, azken finean auzokideontzako espazio bat premiazkoa dugulako. Hori horrela, Patakonek eduki zuen ongietorria ikusita, ohartu gara badela momentua auzo perspektiban oinarrituta lan egiten hasteko”.

Uribarri Auzolanean filosofiarekin bat egin zuten, auzoko kolektibo eta mugimenduak elkartzeko sortutako markoaren barnean. Euren ikuspuntua helarazteko eta proiektu komun bat sustatzeko asmoz. Orain idazki bateratu bat prestatzen dabiltzala azaldu du Gazte Asanbladako kideak, “denen izenean udalera bidaltzeko”.

Auzoko hainbat eragileren artean asmoa udalari presioa eragitea dela azaldu du Larreak, udaleko ordezkariak auzokideekin eser daitezen. “Borondatea izan dezatela, eta benetako beharrei erantzun diezaietela”: hori da auzokideen eskakizuna. Auzotarren gehiengo zabalaren ikuspuntutik lortu nahi dute, ez soilik gazteenetik. “Helburua da elkarlanean eskari bat helaraztea udalari eta auzoari, eta ahalik eta jende eta kolektibo gehien elkartuta presioa eragin eta espazio bat lortzea”.