Enkarterriko txokoak ezagutzeko beta

Bizkaiko Enkarterri eskualdeak paraje ezin hobea du oinez zein bizikletaz ibilalditxoak egiteko. Hori sustatzeko xedearekin, Enkarterri Triatloi taldeak blog bat sortu du, bertan euren ibilbide gogokoenak argitaratzeko asmoz. Iker Gallastegi Enkarterri Triatloi taldeko kideak azaldu duenez, blogaren helburuetako bat Enkarterri eskualdea sustatzea da; hau da, bertako txoko ezezagunak gizartean ezagun egitea, eta jendeak horretaz gozatzea. “Mendi eta ibilbide piloa daude Enkarterrin, eta horiek gizarteratzeko bloga egitea bururatu zitzaigun. Izan ere, jende askok Enkarterri non dagoen ere ez daki”, gaineratu du Gallastegik. “Blogeko sarrera bat egiteko denbora behar den arren, gustura gaude emaitzarekin”, azaldu du.

Orain dela bost hilabete egin zuen jauzi sarera Enkarterri Triatloik, taldeari buruzko www.enkarterritriatloi.blogspot.com bloga martxan jartzean. Gero, ibilbideei buruzkoa sortu zuten, www.enkartribilbideak.blogspot.com deiturikoa. “Mendi ibilbideen aldetik, eskualdeak sekulako potentziala zuela ikusi genuen”. Hartara, triatletek ere erabiltzen dituzte blogean aurki daitezkeen bideak, entrenatzeko.

Gidari birtuala izango den triatleta, ibilbidea igarotzen den herriaren sarreratxo bat, egin beharreko distantzia eta bidea egiteko behar den denbora zehazten dute. Informazioa osatzeko, material grafikoz jantzita daude blogeko proposamenak; bideko puntu batzuetako argazkiak zein tokiak behar bezala kokatzeko mapa bat.

Orain arte, errepideko zein mendiko bizikletaz edo oinez egiteko hainbat proposamen argitaratu dituzte. “Gehienak edonork egiteko moduko ibilbideak dira”, nabarmendu du Gallastegik. Dena dela, bakoitzaren zailtasuna zehaztuta dago blogean bertan. Hauek dira, besteak beste, aurki daitezkeen ibilaldietako batzuk: Zallatik abiatu eta Alonsotegiko Azordoiaga auzoa igaroz, Pagasarrirako igoera, Illso mendirakoa, Sopuertako mendietako ibilbideak antzinako mehategien bideetatik zehar, La Brenatik (Zalla) altzifre motako zuhaitz arteko paseoa, edota Ilso (Gordexola) mendixkarako igoera.

Eusko Jaurlaritzaren www.ibilbideak.euskadi.net webgunearekin elkarlanean dabiltza triatleta taldekoak, eta gehien parte hartu duten ibiltariak izateagatik, Ibilbideak egitasmoko ibiltari nabarmenen aitorpenari saria ere jaso dute. Horrez gain, triatloi taldearen egitasmoa Kataluniara ere iritsi da, www.triatletasenred. com webgunearen bitartez. Sare sozialetan ere presentzia hartuz doa Bizkaiko taldea. “Twitterren, indar handiz hasi gara. Esaterako, bizikletarako betaurreko batzuk zozketatu berri ditugu; jendearen parte hartzea zabala izan da”, azaldu du Gallastegik.

Aurrera doan talde bat

2009an sortu zen, baina Balmatri zuen izena, Balmasedako hiru lagunek sortu baitzuten hasieran. Gero, taldera gehituz joan zen jendea, eta, 2011n, izena aldatu eta Enkarterri Triatloi bihurtu zen. Orduan, hamahiru triatleta federatu zeuden taldean. Egun, ordea, askoz ere gehiago dira; 2012an, 38 ziren. Eta, Gallastegik jakinarazi duenez, 2013rako erronka bat dute: 60 federatu izatera iristea. “Taldean emakume gutxi badaude ere, garrantzia hartuz doaz; %10 andreak dira”. 2012an, Bizkaiko duatloi zirkuituan lehenengo postua eskuratu zuten, taldeka. “Denboraldi honetan, hogei taldekidek eman dugu izena Bilboko triatloian. Maiatzean antolatu ohi da. Hori dugu, orain, helburu nagusia”, azaldu du triatletak. Uztailean, berriz, beste zortzi taldekide joango dira Gasteizko Ironmanean parte hartzera.