“Edozein baldintzatan surf egiteko gai da surflari onena”

“Nire helburua munduko txapelduna izatea da”. Azken urteetan Eunate Agirre (Bilbo, 1982) surflariari egin dizkioten elkarrizketa guztietan, hori izan da ohiko titulua. Hori izan baita sopeloztarraren helmuga, ilusioa, ametsa. Bada, bi urtean jarraian Munduko Txapelketan bigarren izatea lortu ostean, Agirrek 2011. urtean bere ametsa betetzea lortu zuen: “Bodyboard profesionala izateko erabakia hartzea oso zaila izan zen; oso gutxik egin dute hori gurean, eta are gutxiago emakume izanda. Aitzindari sentitu naiz. Eta txapela lortu nuenean, hartutako erabakia zuzena izan zela sentitu nuen”.

Txapela lortzeaz gain, surflari gazteak tsunami mediatiko bati ere aurre egin behar izan zion duela urtebete: hedabideetan elkarrizketak, omenaldiak, jendeak kaletik ezagutzea… Oraindik ere ondo gogoratzen du: “Zoramena izan zen, kaosa. San Mamesen ohorezko sakea egin nuen, Bilbao Basketen omenalditxoa… Maila pertsonalean eta profesionalean oso betea sentitu nintzen. Jende askoren esker ona jaso nuen”.

Baina, zer gertatzen da ametsak betetzen direnean? Zer dator horren ostean? Beste amets bat? “Txapela lortzeak ere hain ona ez den aldea izan du. Izan ere, zure helburu gorena lortu duzu, baina gero zer dator? Lehiatzera bultzatzen zaituen motibazio hori galtzen duzu, ilusioa gal dezakezu… Hori dela eta, aurtengoa urte konplikatu samarra izan dut lehiatzerako orduan. Batzuetan, ia-ia atzera bueltatzeko gogoak izan ditut”.

Dena dela, lan txukun-txukuna egin du Agirrek bukatu berri den urtean. Hirugarren postua eskuratu du Munduko Txapelketan. Eta gainera, zailtasunak ere izan ditu, hainbat lesio direla eta. Horien eraginez, Venezuelako proba ezin izan zuen jokatu: “Proba hori jokatuz gero, bigarren postua ziurtatua nuen. Dena den, pozik nago egindako lanarekin, teknikoki sasoian nagoela erakutsi dut, eta nahiz eta kontzentrazio askorik ez izan, emaitza onak lortu ditut”. Gustura agertu da.

Lehiarako prest

Zailtasunak zailtasun, sopeloztarrak indarberrituta eta titulua berriro eskuratzeko gogoekin hasi du urte berria: “Hurrengo denboraldia hasteko irrikan nago, garaikur gehiago irabazteko ilusioa dut”. Hurrengo lehia gertu dauka. Gabonetan ozta-ozta izan du atseden hartzeko astia. Urtarrilaren 11n Hawaiira joango da Munduko Txapelketa prestatzen hastera. Eta gero Portugalera, Brasilera, Puerto Ricora… Surf oholaz gain, maleta ere beti aldean baitu Agirrek: “Hasi nintzenean, hainbeste bidaiatzea oso gogorra zen niretzat. Bidaiatzeko ezinbestekoa da beste pertsona batzuetara irekitzea, eta niri hasieran kostatzen zitzaidan. Egun, zaila egiten zaidana ez bidaiatzea da. Gazte-gaztetatik ohitu naiz bizimodu honetara, eta ikaragarri gustatzen zait”.

Bizimodu horri esker, surflariak mundu osoko paradisuak ezagutu ditu; hondartza ikaragarriak, leku exotikoak, irla galduak… Baina, oraindik ere, Sopelako Atxabiribil-Arrietara hondartza da harentzat berezietan bereziena: “Leku eder eta harrigarrietara bidaiatzen dut, baina hau nire hondartza kuttuna da, oraindik ere. Hondartza honek uretan jaiotzen ikusi ninduen, nire lehen urratsak hemen egin nituen. Euskadira etortzen naizenean, egiten dudan lehenengo gauza hondartza honetara etortzea izaten da”. Hantxe egin du hitzordua Bizkaiko Hitza-rekin ere. Beharrezkoa du, besterik ezean, itsasoari begira egotea.

Surfean aritzeko hondartza ezin hobea da, batzuetan Agirreren entrenamenduentzat txikiegi izan arren: “Hala ere, surflaririk onena da edozein baldintzatan surf egiteko gai dena. Eta hondartza honek behar dudana eskaintzen dit: olatuak, egunero”.

Gazte-gaztetatik

Bilbon jaiotakoa den arren, Agirrek Sopelan igarotzen zuen uda partea, eta han bere lehenengo harremana izan zuen hasieran zaletasun eta gero ogibide izan duen jardunarekin. “Kuadrilla nuen Sopelan, eta egunero hondartzara jaisten ginen. Sasoi hartan, bodyboarda modan zegoen, eta egunero jendea ikusten nuen horretan, eta, niri kirola beti gustatu zaidanez…”.

Punta-puntako surflariak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen, eta, 14 urte zituenean, lehiatzeko proposamena heldu zitzaion David Bustamante surflariaren eskutik. “Marka baten pean proba batean aritzeko eskaini zidan. Uretan ondo pasatzen nuen, bai eta itsasotik kanpo ere: olatuak hartzeaz gain, txapelketak esan nahi zuen lagunekin asteburu oso bat hondartzan igaroko nuela”. 18 urterekin, Europako Txapelketako proba batean aritzeko proposamena heldu zitzaion Donostian, eta, zezenari adarretatik heldu, eta aurkeztu egin zen Agirre: “Hirugarren postua lortu nuen. Niretzat, hori pizgarri bat izan zen”.

Egun, sopeloztarrak etorkizunari baikortasunez eusten dio. Bere burua surfari lotuta ikusten du, baina beste proiektu batzuk ere baditu esku artean, dokumentalak grabatzea, adibidez. Hori bai, nahitaez itsasoari lotuta jarraituko duela uste du Agirrek: “Ez naizenean uretara sartzen, nire umorea aldatu egiten da. Ia-ia medikazioa bezalakoa da. Itsasora sartu, eta orduan lasai sentitzen naiz”.