Ikuskizun guztiak batean

Kaleszena

Bilbo

Musika, antzerkia eta zirkua. Era guztietako ikuskizunek bat egingo dute egunotan Bilboko kaleetan, VI. Kaleszena jaialdiaren barruan. Atzo hasi zen jaialdia, eta etzi arte arte erakustaldiak izango dira Plaza Barrian, Zazpikaleetan, Ertzilla eta Garcia Rivero kaleetan, Arriaga plazan eta Plaza Biribilean. Aurten, hamabost antzezlan eta zuzeneko musika saio antolatu ditu Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak.

Plaza Barria izango da euskal dantzen eta musikaren topagunea aurten ere. Gaur, 21:30etik aurrera, Oreka TX taldeak, Kukai Dantza konpainiarekin eta Amaren Alabak taldearekin batera, Hostoak ikuskizuna eskainiko du. Txalapartaren erritmoan oinarritutako dantza, musika eta kantu emanaldia taularatuko dute.

Hortzmuga konpainiaren eskutik, bestalde, Zazpikaleetan bisita gidatuak antolatu dituzte. Ez dira ohiko bisita gidatuak izango, ordea, antzerki eran egindako bisitak baizik. Anfitrioiak izeneko proiektuaren bitartez, orainalditik iraganerako bidaia proposatuko die Hortzmugak bisitariei, eta hiribilduaren eta bertako bizilagunen historiaren berri emango diete ikusleei.

Oinez eta itsasontziz egingo dute ibilbidea, eta bilbotarren alderdi bereizgarrienak azaleratuko dituzte aktoreek. Bisita horiek gaurtik domekara bitartean egunero egingo dituzte, 11:30ean. Hamar euro balio dute, eta tokiak mugatuak direla iragarri dute antolatzaileek. San Anton elizatik aterako dira.

EGITARAUA

Gaur. Plaza Barrian: Kale antzerkia, 18:00etatik 20:30era, Circovito (Andaluzia, Espainia), Cie. Bris de Banane (Frantzia), Mr Jones (Holanda) eta Ganso & Cia (Euskal Herria) taldeen eskutik. 21:30ean, Oreka TX, Kukai dantza konpainia eta Amaren Alabak.

Bihar. Ertzilla eta Garcia Rivero kaleetan: 13:00etan, kaleko musika: A Magnifique Bande dos Homes sen Medo (Galiza). Plaza Biribilean eta Plaza Barrian, 18:30ean egingo du talde horrek emanaldia.

Etzi. Bisita gidatua, Hortzmugaren eskutik —gaur eta bihar ere egongo dira—.