Askatasun aldarrikapenaren urteurrena gogoan

Galdakaoko auzo den herria da Usansolo, baina udalerri burujabe izan nahi du. Banatzeko hainbat ahalegin egin dituzte; azkena iazko martxoaren 30ean hasi zuten, Usansolo Herria plataformaren sorrerarekin. Udal hauteskundeetara aurkeztu ziren, eta Usansoloko herritarren babesarekin, bi zinegotzi dituzte Galdakaoko Udalean. Horrela bada, herri mugimenduaren berpizteak lehen urteurrena beteko duen honetan, hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

Jai giroan hasiko dituzte ospakizunak. Unkina plazan hasi, eta herri osoa zeharkatuko du fanfarearen kalejirak, 19:00etan hasita. Ekitaldi nagusia, berriz, 20:00etan hasiko da, Meatzetako frontoian. Askotariko elementuak izango ditu. Batetik, bertsolarien saioa eta zuzeneko musika izango dira. Eta, bestetik, aldarrikapenerako tartea ere hartuko dute. Bizkaian burujabetza lortu duten azken bi herrien babesa eta sostengua jasoko dute ekitaldi horretan: Iurretako eta Ziortza Bolibarko herritarrena. Usansolon bertan aurretik egondako batzordeetako kideek ere euren oroitzapenak eta ekarpenak plazaratuko dituzte. Ordu eta erdiren buruan, afariak eta erromeriak hartuko diote lekukoa ekitaldi nagusiari.