Olaiaren erronka

Bizkaian bizi zaretenok beharbada ez zarete oraindik enteratu, baina ekimen bitxi bat jarri dute martxan Donostialdean, hondakinak bereizteko kontzientziatze kanpaia baten barruan. Proiektu aitzindaria izanik, helburua hauxe da: San Marko mankomunitatea osatzen duten hamar udalerrietako biztanleen artean birziklapena sustatzea.

Oro har biztanle guztiei zuzenduta egon arren, batik bat, gazte jendeari bideratua dagoela esango nuke. Bide bi darabiltzate horretarako. Lehenengoa, eskuko orrialde informatiboa, eta bigarrena, berorrekin lotuta dagoen halako Gran Hermano antzeko bat.

Lehenengoari dagokionez, 60 x 42 neurriko eskuorria duzue, lau dobletan tolestua. Orriaren alde batean, Olaia eta Aitor etxekideei buruzko komiki bat ageri da, non Olaiak pazientzia handiz irakasten dion Aitor despistatuari zer egin behar den hondakinekin. Utzikeria eta nagitasuna albora utzita, ohitura egokiak azpimarratzeaz batera, horien ondorio onak ere erakusten dira; adibidez, neskak mutilari oparitzen dion jantzi polar leuna plastikozko botilekin eginda dagoela jakiten dugunean. Orriaren beste aldean, berriz, zabor bakoitzak nora joan behar duen azaltzen da, informazio zehatz eta bisualean.

Komikiarekin loturiko gran hermano-ari buruz, zer esan? Kristalezko apartamendu bat da, Olaia eta Aitor etxekideen bizileku garden bihurtuko dena, hamaika eguneko txandetan, goizeko hamarretatik iluntzeko zortziak arte. Donostiako Gipuzkoa plazan dago orain, eta laster inguruetako lau herritara eramango dute. Teknologia berriei esker, bikotearen egunerokoa etxetik zuzenean jarraitzeko aukera izateaz gain, zeure iritzia ere eman ahal izango duzu, edo beraiekin berba egin, edo beste lekuko ezkutuekin txateatu.

Ez naiz hasiko hemen zaborren inguruko txapa sartzen. Denok dakigu basura arazo konplexua, larria eta konponbide luzekoa dela eta, beharbada, horrexegatik sorrarazten duela hainbeste su. Zaborra sortu, erraz sortzen da/dugu, eta, klaro, berez, hain erraz sortzen den/dugun gauza bat murriztu beharrak, besteak beste, zera eskatzen digu: borondate handia, sakrifizio apur bat eta epe luzera begiratzeko arnasa luzea. Eta, denok dakizuen legez, horiek ez dira inon saltzen.

Dena dela, zaborra ez da beti materiala izaten. Hainbat egitura, ideia, rol eta jokabide daude birziklatzeko premia dutenak.

Esate baterako, kanpaina honen muinari ezertxo ere kendu barik, gidoia eta pertsonaien rolak birziklatuko nituzke nik, izenburutik abiatuta: Olaiaren erronka izenekoa Olaiaren eta Aitorren erronka bilakatuko nuke, Olaia-nesken irudia ez dadin hain maistra perfektuena izan, ezta Aitor-mutilena hain alfer eta utzia ere.

Etorkizunera begira egindako birziklatze-hausnarketa txiki bat baino ez da, etxea Olaiarena eta Aitorrena, biena delako.

Gizartea eta Lurra diren legetxe.