Aisialdian euskara bultzatuko dute, ikusi eta ikasiz

Datorren astelehenean, Ikusi eta Ikasi programa hasiko dute Bilbon berriz ere; 3 eta 12 urte arteko ume eta gaztetxoek aisialdian euskaraz hitz egitea helburu duen programa, alegia. Martxoaren 17ra arte hainbat ekitaldi antolatu dituzte Begoña eta Deustuko udaltegietan, Indautxuko Karmen aretoan, Bilborock aretoan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbaran ikastetxe publikoetan.

Aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzeko helburuagaz Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak antolatu dituen 30 ekitaldiak astelehenean hasiko dituzte, Jolasen Txokoagaz. Umeentzako “erakusketa dinamiko” gisa aurkeztu dute ekitaldi hori, eta jostailuak, jokoak, ipuinak, filmak, musika eta bideo jokoak erabiliko dituzte han.

Begoñako udaltegian egingo dute ekitaldi hori astelehenean, 17:30etik 19:30era. Datorren barikuan eta zapatuan, berriz, Deustuko udaltegian egingo dute.

Euskaraz ez dakiten gurasoentzat, besteak beste, laguntza eta orientazio tailer bat ere emango du udalak aurten, seme-alabei etxeko lanetan lagundu ahal izateko. Gainera, sukaldeko errezeten tailer praktiko bat ere prestatu dute, familia eremuan euskararen transmisioa bultzatzeko.