Urdaibaiko erraiak, garbiago

Goizean goiz jarria zuen Euskal Espeleologoen Elkargoak deialdia Gautegiz Arteagan. Helburua, Ozamiz I kobazuloa garbitzea. Eta arrakasta izan zuen deialdiak, ingurumenarekiko duten konpromisoak bultzaturik, 30 boluntariotik gora batu baitziren zapatuan garbiketa jardunaldian.

Oraingoan, baina, espeleologoen ohiko materiala eta tresnak plastikozko mono-fundek eta usainaz babesteko maskarek ordezkatu zituzten. Aitzurrak, palak eta zabor poltsak eskuetan, hiru taldetan banatu, eta leizetik hondakinak ateratzen hasi ziren boluntarioak: merkurioa, xiringak, metalezko hondakinak...

Gernika-Lumoko Ades espeleologia taldeko kidea izanik, Gautegiz Arteagako kobazuloaren garbiketan parte hartu zuen Oier Gorosabelek, eta, azaldu duenez, lan "nazkagarria" izan arren, lana musutruk eginez ateratako zabor kiloak baino elkartasun kilo gehiago eraman zituzten espeleologoek Gautegiz Arteagara. "Umore onez ibili ginen. Lanerako gogo handiarekin geunden, eta kostata uzten genizkien pala eta aitzurrak errelebokoei", diote.

Ekinaren ekinez, euren kalkuluen arabera, gauerako bost tona inguru zabor pilatu zituzten Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dagoen kobazuloaren atarian. Eta hori guztia sailkatzea izan zen hiru taldeetako baten eginbeharra, gerora Gautegiz Arteagako Udalaren esku uzteko hondakinak Garbigunera eramateko lana. Gorosabelek azaldu duenez, ordea, den-dena ezin izan zuten sailkatu, hondakin asko berreskuratu ezinezkoak zirelako.

Bestalde, aurreikusi baino zarama gehiago zegoen Ozamiz Ien. Hala, txikia zirudien leizeak dimentsio askoz handiagoa zeukala begiztatu zuten. "Ustekabea izan da. Zundatzeen informazioak galeria txiki baten eta 50 metroko putzu baten berri ematen zuen. Hasierako plana galeria txiki hori garbitzea izan zen, gero putzuan behera jarraitzeko. Baina, galeria horren zorua garbitu ahala, gero eta beherago joan ginen, egun osoko jardunaren ostean galeriaren luzera osoan bost bat metro jaitsita". Horrela, asteburuan ikusitakoa aztertuz, leizeak itsasoagaz bat egiten duela uste dute espeleologoek, eta, horrenbestez, barruko hondakin pisutsuek itsasoa kutsatuz ere eragina izan dezaketela.

Zabortegiak

Gautegiz Arteagakoa bezala, zabortegi legez erabili izan dira urteetan kobazulo asko eta asko, eta horren inguruan kontzientziatzea ere izan du helburu espeleologoen zapatuko jardunak, "atentzioa deitzea" nolabait. Eta lortu ere egin dute, hein handi batean, asko izan baitziren zertan ari ziren galdezka hurreratu zitzaizkienak.

Azken finean, gisa horretako jardunaldiak zoritxarrez beharrezkoak direla azaldu du Ades taldeko kideak. Izan ere, beste koba batzuetan bezala, Ozamiz Iera urte luzeetan botatako zaborra ingurua kutsatzen ari da, bere oreka ekologikoa arriskuan jarriz, zabor hori kalteak ari baita eragiten "lurrazpiko medio sentikor eta baliotsuan, lurrazpiko urak kutsatuz". Hori guztia leizearen "oreka ekologiko hauskorra hondatzen" ari da, "kobazuloko faunan ere ondorio larriak eraginez".

Espeleologoen lan solidarioari esker, zapatuaz geroztik Urdaibaiko erraiek bost tona zabor gutxiago gordetzen dituzte beren barruan, baina oraindik ere badago zer garbitu Ozamiz Ien; Gorosabelen arabera, "zapatuan ateratakoaren beste, gutxienez". Guztia ateratzea lortu ez arren, boluntarioen lana eskertu du Ades taldeak: "Benetako elkartasuna halako lan desatseginetan nabaritzen da; eskerrik asko, denoi".