Bizkaia

2.546

Bilboko suhiltzaileek iaz egindako esku hartzeak. Bilboko suhiltzaileek 2.546 gertakaritan esku hartu zuten 2011n. Horietatik, %32,64 edukiontzien, etxebizitzen eta higiezinen suteak izan ziren; %39,59, salbamendu lanak; eta %27,7, sorospen teknikoko jarduerak.

%42

Elorrion, babes ofizialeko etxeetatik tasatuak direnak. Datozen zortzi urteetan Elorrion eraikiko diren etxebizitza babestuetatik %42 tasatuak izango dira.

TAO eta 200 autorentzako aparkalekua, Miribillan

BILBO. Miribillan TAO zerbitzua jarri eta 200 edo 300 autorentzako aparkalekua jartzeko asmoa iragarri du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Bizilagunek salatu dute arazoak dituztela inguru horretan aparkatzeko. Hasteko, TAO zerbitzua jarriko du udalak, eta, gero, finantzaketa daukatenean, aparkalekua egingo dute.

ROCK ETA HEAVY GAUAK GAUR ETA BIHAR

Rock eta heavy doinuek beteko dituzte gaur eta bihar Barakaldo inguruak, Edaska Rock klubak antolatutako kontzertuen bitartez. Madrilgo Steel Horse —irudian— taldearen emanaldia izango da gaur. Judas Priest, Iron Maiden, Black Sabbath eta Accept taldeen ildo edo estiloari jarraitzen dio talde horrek. Aurretik, Barakaldoko Seven Black Roses taldeak ekingo dio gauari, 21:00etan. Sarrerak zortzi euro balio du. Bestalde, bihar Bizkaiko lau talderen ikuskizuna egongo da: Dementzia, Eskean, Striknina eta Napalm igoko dira agertokira. 20:00etan hasiko dira kontzertuak, eta sarrerak hiru euro balio du.

Taberna baten bila

Antena aldatu zigutenetik, bospasei kate baino ez ditugu ikusten ondo, beste zenbait txarto, eta dezente dira ez ditugunak ikusten. Azken horien artean, ETBren kate guztiak. Ez da desgrazia handiegia, baina, Aste Santuko egun gatzipakoetan, poz berezia ematen dit Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliak, eta hori txoritxoaren katean ematen dute hain zuzen, nik ikusten ez dudan horretan. Kalera jaitsi, beraz, eta ziklismo-dosia emango didan tabernara abiatzen naiz, Somerara. Ez dut etapa guztietan egiten, interesgarrienetan baizik, eta azkena, larunbatekoa, interesgarria da, bertan erabakiko delako guztia, Oñatiko erlojuaren kontrakoan.

Baina joan naiz, eta taberna itxita. Badaezpada, Herriko Tabernara hurbildu naiz. Itxita hori ere. Plaza Barrian badago beste taberna bat, ziklismoa izaten duena telebistan. Baina, horreur: pertsiana jaitsita. Tronpeten erritmopean, prozesio bat pasatu da nire ondotik, eta iruditu zait kaputxadunak barreka ari zaizkidala. Arineketan, Jardines kaleko tabernetarantz joan naiz. Zabalik daude, baina batean futbola, bestean Viajar katea, eta beste bitan pelikulak dituzte. Santa Maria kaleko taberna guztiak, berriz, itxita. Schalke 04 taldearen jarraitzaile batzuekin gurutzatu naiz kalean; zerbait zabalik aurkitu nahian zebiltzan, ferragosto iberiar hau madarikatuz, eta laguntza eske begiratu didate, baina Txakur kalerantz egin dut ihes, hango tabernen esperantzan. Ez Kalderapeko, ez Egiluz, ez Txakurto, ez batean ez bestean, inon ez dute ziklismorik telebistan. Saibigainen film melodramatiko bat, Iñakiren taberna itxita, Txomin Barullon kanal txororen bat, Santiago plazako kebabean Al Jazeerako albisteak. Zazpikaleetan barrena hiruzpalau kilometro egin ostean, berriro bueltatu naiz Somerara: nire tabernak itxita segitzen du, eta K2n 1 Formulako karrera bat dago jarrita; Jaunak, Nekane, Madariaga, denetan kale. Degustazio batean sartu eta, desesperatuta, barrako andreari esan diot mesedez jartzeko ETB1. Mespretxuz begiratu ostean, burua jiratu du telebistarantz, karolina bat jaten duen bitartean; bazkalosteko pelikula txatxu horietako bat dauka jarrita andre maltzurrak. Ingurura begiratu dut: dena itxita. Eta argia piztu zait: Batzokian izango dute ETB1 jarrita. Samuel Sanchezek jokoan du lasterketa, ziur jeltzale guztiak daudela asturiarra animatzen. Eta joan naiz, baina Teledeporte zuten jarrita, patinaje artistikoa.

Bueltaka segitu dut arratsalde osoan, alferrik. Banekien lasterketa amaitua zela ordurako, baina ez dut etsi. Handik bi ordura, berriro pasatu naiz Batzoki aurretik. Teledeporten Euskal Herriko Itzulia ematen ari ziren diferituan, eta bezeroak adi begira, Samuel animatzen, braboka, oihuka, saltoka, ikusten ari ziren hura aspaldi gertatu zela konturatu gabe. Nik begiratu ere ez dut egin: etxera bueltatu eta ohera sartu naiz, hurrengo eguneko egunkariaren zain.

Udalerako lehen harria

Herritarren gogoa 1980ko hamarkada bukaeran zutenaren parekoa da. Baina oraingo honetan, orduan ez bezala, helburua lortuko dutela sinetsita daude. Usansolo Galdakaotik bereizi eta auzo izateari utzita herri bihurtzea: horixe nahi dute. Horretarako so...

Auzoaren datuak

Usansolo

Biztanleak: 4.678.

Herrigunearekiko distantzia: 3 km.

Auzoak: Pertxin, Lekue, Isisi, Labea, Gorosibai, Unkina.

Zerbitzuak: Besteak beste, posta bulegoa eta osasun etxea ditu. Galdakaoko ospitalea ere Usansolon dago.

Lemoako zabortegiaren kontrol zorrotzagoa eskatu du Zornotzako Udalak

Lemoako Bistibieta zabortegiko usaina ezinegona sortzen ari da Zornotzako, Galdakaoko eta Lemoako hainbat bizilagunen artean. Arazo horri irtenbidea emateko eskatu du Zornotzako Udalak, joan den martitzenean alderdi guztiek aho batez onartu zuten adierazpen baten bitartez.

Zornotzako ordezkari politikoek eskatu dute berehala har ditzatela zabortegiko funtzionamendua zuzentzeko neurriak. Herritarrak kezkatuta daude zaborren ondorioz sortutako gasekin. Horrez gain, Zornotzako Udaleko ordezkarien ustez, zaborra kudeatzeko prozedura ez da behar bezalakoa.

Ordezkariek adierazi dute "arauak bete daitezela" besterik ez dutela nahi; "ikuskapen aktibo eta eraginkorrak" eskatu dizkiete ingurumena zaintzeko ardura duten erakundeei. Horretarako, idatzi bat bidali dute Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta Galdakaoko eta Lemoako udaletara.

Besteak beste, udalak eskaera egin du zabortegiaren funtzionamendua luzatzeko plana geldiarazteko. Izan ere, zabortegia kudeatzen duen enpresak, Ekonorrek, 2023ra arte luzatu gura du zabortegiaren iraupena —aurreikusita dago 2014ra arte iraungo duela—. Zornotzako Udalak eskatu du geldiaraz dezatela iraupen hori luzatzeko tramitazio guztia.

Bilduren deia

Alde horretatik, Bildu koalizioak deia egin die gainerako alderdi politikoei Bistibieta zabortegiaren iraupena luzatzeko planaren aurka ager daitezen. Zornotzako udalbatzak erabaki instituzionalaren berri eman ostean egin zuen dei hori Urko Lopezek, herri horretako zinegotziak.

Kezkaren berri eman zuen: "Kiratsaz gain, ez dakigu arnasten duguna arriskutsua den ala ez". Gogorarazi zuten zabortegia malda batean dagoela, erreka ondoan. Zornotzako, Lemoako eta Galdakaoko Bilduko zinegotziek prentsaurrekoan azaldu zutenez, uholdeak edo euri jasak izanez gero kolokan jarriko litzateke uraren osasungarritasuna.

Salatu dute 2008az geroztik ez dela egin isurketen kontrolik. Bildu koalizioak gogorarazi duenez, onartu egin zuten urte horretan Ekonor enpresak usainen kontrolaren kontra jarritako gorako errekurtsoa.

Gaur egun, Lemoako zabortegiak 111.8165 metro koadroko lekua dauka, eta muga horretara iristen ari da. Bestalde, Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak gogorarazi du ezinezkoa dela Ekonor enpresak egindako eskaera, iraupena 2023ra arte luzatzekoa; izan ere, zabortegia handitzeko aurreikusitako lur eremua babestutako baso eremu urbanizaezin gisa jasota dago Lurralde Plan Partzialean. Plan hori 2010ean onartu zuten.

Lemoa herrian dago Bistibieta, Zornotzako Kortederra auzoaren ondoan. N-634 errepidea eta A-8 autobidea ere gertu ditu. Amiantoa eta beste substantzia kimiko batzuen hondakinak hartzen ditu zabortegi horrek.

Jaietako iragarki batengatik, auzitara

ERANDIO. Hegoalde kultur elkarteak eta Erandio Altzagako jai batzordeak salatu dute bost pertsona Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dituztela, iazko jaien propaganda liburuxkan agertutako iragarki batengatik. Hain zuzen, elkarte horie...