Albisteak

Gailurretako ikuspegiak lur arrasean

Gailurretako ikuspegiak lur arrasean

Mendia, gailurrak, elurra, arriskua, adrenalina, horma bertikalak, poza, hobetzeko nahia lortzea... Sentipen horiek guztiak eta beste asko daude mendia eta abentura kirolak pasio eta zenbait kasutan ogibide ere bihurtu dituzten kirolarien barrenetan. Ez da erraza pantaila handi batean proiektatzen diren filmen bitartez sentimendu horiek ikusleari helaraztea. Baina bada mendiaren bihotza proiekzio aretoetara eramatea lortzen duenik; irudi ikusgarriak eta ezin imajina daitezkeen planoak baliatuta, ikusleak liluratzen dituzte. Mendi Film Festival da lorpen horren erakusleetako bat. Gaur hasiko da mendi eta abentura kirolen inguruko zortzigarren zinemaldia.

Meru filmak egingo du inaugurazioa. Europan lehenengoz emango dute pelikula era horretako jaialdi batean. Jimmy Chin eta Elizabeth Chai Vasarhelyik zuzendutako lan horrek dokumentalik onenaren saria eskuratu zuen publikoaren eskutik AEBetako Sundanceko jaialdian. Donostiako Zinemaldian ere izan zen, Savage Cinema sailean. Eliteko hiru eskalatzaileren istorioa kontatzen du. Himalaiako gailur arriskutsuenari aurre egiteko saialdian, hiru zailtasuni egin beharko diete aurre: euren iragana, barne deabruak eta naturaren elementurik latzenak izango dituzte aurrez aurre.

Denera, 133 lan aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino hamar gehiago. Horien artean, 43 aukeratu dituzte. Lau Euskal Herrian ekoitzitakoak dira, eta, horien artean, bi euskaraz emango dituzte, jatorrizko bertsioa errespetatuta. Aurtengo jaialdiaren asmoetako bat zen bertako ekoizpena sustatzea eta euskara nabarmentzea. Horretarako oinarria jarria dute, beraz.

Mendi Short

Jaialdiaren barruan, beste hainbat jarduera izango dira. Iaz abiatu zuten film labur amateurren Mendi Short lehiaketa, eta jarraipena izango du aurten ere. Hori ere nazioartea da, eta Mendi Film jaialdian lantzen diren gai berberak jorratzen dituzte horra aurkeztutako lanetan: alpinismoa, eskalada, abentura kirolak, eskia, ekologia, ingurumena eta etnografia, besteak beste. Gehienez, bost minutu irauten dute denek.

Filmen emanaldi eta lehiaketarekin batera, hainbat jarduera prestatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak eta mahai inguruak. Lehen mailako profesionalak izango dituzte protagonista jarduera horiek guztiek. Bihar bertan izango da hitzaldi horietako bat. Hiru Michelin izar dituen Eneko Acha sukaldaria eta hamalau zortzimilako egin dituen Alberto Iñurrategi mendizalea izango ditu protagonistak. Erronka izango dute hizpide; biek ala biek ondo baino hobeto ezagutzen dute gaia hori. 11:30ean abiatuko dute saioa, BBK aretoan.

Arratsaldean, eskalatzaile baten bizimoduari buruzko azalpenak entzuteko aukera izango da. Slideshow - Eskalatzaile baten bizitza izeneko hitzaldia emango du Adam Ondrak. Munduko eskalada txapeldunak bere hastapenak izango ditu hizpide. Lehiaketan aritutako azken zortzi urteei buruzko gorabeherak ere kontatuko ditu. Patxi Usobiaga izan zuen entrenatzaile urte horietan.

Bestalde, proiektuak protagonista izango dituzte Mendi Talks saioek. Trebakuntza eta dibulgazio hitzaldi horietan parte hartzeko aukera dute ikus-entzuleek, galderak zein zalantzak planteatuz eta iritziak emanez. Domekan, National Geographiceko espedizio batzordeko zuzendari Rebecca Martinek erakunde horrek eskaintzen dituen bekaldien berri emango du. Esperientzia hori bizi izan du, adibidez, Eñaut Izagirrek, eta Patagonia ezezaguna bere proiektua zertan datzan azalduko du.

Saria

Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen dituen WOP fundazioaren saria ere banatuko dute jaialdian, hilaren 19an. Hainbat jarrera saritzea du helburu garaikurrak; besteak beste, honako hauek: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde lana; fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa; eta mendi, eskalada eta muturreko kirolekin lotutako ekintzak familiarekin uztartzen jakitea. Josep Manuel Angladari aitortuko dizkiote aurten ezaugarri horiek. XX. mendeko alpinismoaren historiako erreferente nagusietako bat da.

Saria emateko ekitaldiaren ostean, Walk On Project fundazioak ekoitzitako 2T on Chamlang filmaren mundu mailako estreinaldia egingo da. Urriaren 19an Nepalgo mendia igo zuen WOPeak espedizioa du ardatz. Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta Juanjo Otazu kamerariak osatu zuten espedizio hura.

Filmak ez ezik, liburuak eta literatura ere sarri baliatu dituzte mendizaleek ingurumenarekiko maitasuna irakurleari transmititzeko. Liburuon egileek eta irakurleek bat egiteko aukera izan dezaten, topaketa bat antolatu dute abenduaren 19rako. 11:00etan izango da, BBK aretoko atondoan. Ostean, Imanol Marrodan artista eta argazkilariak Anboto bere azken lanean oinarritutako Anboto, mundu higikor baten irudia hitzaldia emango du.

Hitzaldi eta mahai inguruez gain, hiru ikastaro ere eskainiko ditu jaialdiak. Lehenengoa bihar eta etzi egingo dute: eskaladako patologiei eta entrenamendu metodoei buruzko ikastaroa. Hilaren 19an eta 20an bi emango dituzte: mendi lasterketetako entrenamendu eta teknikari buruzko clinic-a eta Mendiklik mendi-argazkilaritza tailerra. Bestalde, Mikel Alonsoren Karakorum erakusketa urtarrilera arte izango da Rekalde aretoan.

Jaialdiaren azken egunean, hilaren 20an, Piugaz eskalada zentroa doan zabalduko dute, eskalada denei gerturatzeko. Eta, 12:00etan, lehiaketan saritutako pelikulekin Non-Stop saioak izango dira ikusgai. 17:15ean egingo dute sari banaketa.

Historia eta usadioen arteko herri zaharra

Historia eta usadioen arteko herri zaharra

Kolitza mendian ez da Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko seinalerik egiten jada. Eta aspaldi utzi zion Balmasedako zubi zaharrak muga zerga kobratzeari. Bizkaiko herri guztiak bezala, garaian garaikora egokitu da Balmaseda ere. Baina historiaren tes...

Ezagutarazi eta ezagutzeko plaza

Ezagutarazi eta ezagutzeko plaza

Hasi da. Gaur ireki dute Durangoko Azoka, eta asteazkenera bitarte milaka izango dira Landako azoka gunea bisitatuko duten herritarrak. Bost egunez, kulturaren epizentroa izango da Durango. Zazpiehun metroko espazioan eta 5 minutuko distantzian 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte datozen egunetarako. Ikasleen eguna dute azokan gaur, eta eskola bihurtuko dira Landakoko korridoreak goiz osoan.

Berezia izango da aurtengo azoka. Mende erdia da Gerediaga elkarteak Durangoko lehen Liburu eta Disko Azoka egin zuenetik, eta tamainako egitarauarekin ospatuko dute urteurrena. Kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, haurrentzako ekitaldiak, tailerrak, ikuskizunak... Badu non eta zer aukeratu egunotan Durangora doanak. Zortzi gunetan bilduko dira ekitaldi horiek guztiak: Ahotsenean, Szenatokian, Plateruenan, Irudienean, Saguganbaran, Kabi@n, Azoka TBn eta Areto Nagusian.

Orain arteko 50 urteak gogora ekartzeaz gain, aurrera begira ere jarriko da Gerediaga datozen egunetan. Jakin aldizkariarekin elkarlanean, euskal kulturari buruzko eta etorkizuneko ildoei buruz gogoeta egingo dute Gogoetaren Plazan Biharkoak gaur goiburupean egingo diren solasaldietan. Bihartik aurrera, bi saio egingo dituzte egunero. Buruz burukoak goizean, eta mahai inguruak arratsaldez.

Harremana sortzaileekin

Ahotsenean bilduko da aurten ekitaldi gehien, 70 kontzertu eta 50 solasaldi antolatu baitituzte Durangoko 50. Azokarako, eta sortzaileek beren lanen berri emango diete han biltzen diren herritarrei. Baina Ahotsenea ez da izango sortzaile eta hartzaileen elkargune bakarra, standen atzean ere beren lan berriak aurkezten izango baitira haietako asko. Eta ez dira gutxi aurten azokan izango diren nobedadeak. Orotara, 350 nobedade daude Landakoko 249 erakusmahaietan, eta horietan izango dira Euskal Herriko hainbat idazle eta musikari azken urteko uztaren berri ematen, eta autografo eta argazki saioak ere izango dituzte batek baino gehiagok.

Beren lana sustatu eta saltzeko gunea da azoka sortzaileentzat. Baina, oro har, beren lana ezagutarazteko eta Euskal Herriko beste sortzaileekin harremanetan jartzeko aukera da Durango, sortzaileen arabera. Azokan izango diren sortzaile bizkaitar horietako batzuekin hitz egin du HITZAk.

MARIA RIVERO

Musikaria

"Azoka euskal ekoizpen batzuen erakusleihoa da, baina ez denena"

Hutsa musika taldeko abeslaria da Rivero (Balmaseda, 1979). Amnesia diskoa kaleratu berri dute, eta Durangon izango da egunotan.

Disko berriarekin zoazte Durangora. Zer da zuentzat Durangon egotea?

Hutsa taldearen bigarren diskoa da Amnesia. Beti ez ditugu gure lanak Durangon aurkeztu, baina, oraingo honetan, entzuteko eta erosteko aukera izango da han. Nire ustez, Durango euskal ekoizpen batzuen erakusleihoa da, bertan ez baitira aurkitzen Euskal Herrian kaleratzen diren lan denak. Sortzaile asko falta dira azokan, nire ustez, beren burua ez dutelako zurrunbilo horretan kokatzen, edo ahalmen ekonomikorik ez dutelako. Autoekoizpen gunea dago azokan, baina horrek ez du arazoa guztiz konpontzen.

Azokan parte hartzea diru ahalmenaren arabera egiten denean, uko egin behar izaten diote askok. Edonola ere, guretzat, sustapenerako leku egokia da, gure diskoa han izango delako eta zuzenekoa ere egingo dugulako. Hortaz, nire lanari dagokionez, azokak onurak ekarriko dizkigu, eta ez kalterik.Taupaka egitasmoaren kideak gara gu, eta autogestioan oinarritutako sortzaileak biltzen gara bertan. Alternatibak eratzeko sortu gara, eta aurten azokatik bertatik egingo dugu ekarpena. Bestelako sortzaileekin eztabaidatzera, hitz egitera eta aurrera begira indarrak biltzera ere bagoaz Durangora.

Emanaldia ere egingo duzue Ahotsenean.

Ahotsenea oso garrantzitsua da niretzat. Saltzeko gune bat baino gehiago izan behar du azokak, eta aukera ederra ematen du Ahotseneak horretan. Herritar asko joaten da hara, eta talde berriak ezagutzeko prest, gainera. Talde berriak ezagutzeko ikusmin hori urte osoan izatea gustatuko litzaiguke.

Zein da Durangora joateko arrazoi nagusia?

Ez goaz diskoak saltzera soilik. Saltzen baldin badira, ederto, baina gure helburua inoiz ez da hori izan inondik inora. Are gehiago, gure lana webgunean deskargatzeko aukera dago. Gure lana ezagutaraztera goaz Durangora. Taupakaren gisako proiektuek gauzak egiteko beste era bat dagoela erakusten dute, denak ez duela egon behar kultura monopolizatu nahi duten bi enpresen esku. Uste dut gakoa sortzaileon indar metaketan oinarritzen dela, eta, noski, baita kultura eskubide bat bihurtzean ere.

JOSU BERGARA

Musikaria

"Gure lana plazaratzeko aukera eskaintzen digu Ahotseneak sortzaileoi"

Zuzeneko diskoa kaleratu berri du Bergarak (Ea, 1979). Eta diskoa azokara eramateaz gain, kontzertu bat emango du asteartean Ahotsenean.

Emanaldia duzu Ahotsenean. Zer eskainiko duzu?

Kanta txikien indarra nire laugarren diskoa aurkeztuko dugu. Kontzertua hirukote formatuan egingo dugu: biolina, teklatua eta gitarra elektro-akustikoa, Ariadna Villate eta Mikel Nuñez musikarien laguntzaz. Azkeneko disko hau, zuzenean grabatu dugun arren, mimoz eta patxadaz landu dugu, eta jendearen harrera oso ona izan da.

Garrantzitsua al da musikarientzat Durangon emanaldia egiteko gunea egotea?

Bai, noski. Ahotseneak gure lana plazaratzeko aukera eskaintzen digu sortzaileoi. Jendeak beste modu batean sentituko du musika emanaldia: bizi eta zuzenean.

Salmenta al da Durangora joateko arrazoi nagusia?

Niretzat, ez. Durangoko Azokan egoteko arrazoi nagusia egindako lana aurkeztea da, baita beste musikari eta eragile batzuekin egotea ere: musikari, argazkilari, antzerkilari, kazetari... Urtean zehar gutxi ikusten ditudan lagunak ere han topatzen ditut.

MIREN AMURIZA

Idazlea eta bertsolaria

"Ehunka liburuen artean nire aletxoa dagoela jakiteak du garrantzia"

Haurrentzako ipuin bat idatzi du Amurizak (Berriz, 1990). Baina emanaldi berezi bat ere eskainiko du Durangon. Mozambikeko errealitatea aurkeztuko du Ahotsenean, bertso, irudi eta testu bidez.

Patata! Patata! ipuina aurkeztu berri duzu. Garrantzitsua al da zuretzat Durangon egotea?

Patata!Patata! Katxiporretaren Plaza Ipuinak sailean argitaratu da, baita Jon Maiak idatzitako Txo, mikmak txikia ipuina ere. Bildumaren barrukoak izanik, idazleon izenek ez dute hainbesterako pisurik. Edonola ere, niretzat bada garrantzitsua ipuina Durangon egotea, oihartzunagatik baino gehiago, azokako ehunka liburuen artean nire aletxoa dagoela jakiteagatik.

Kapulana bat zintzilik emanaldia ere baduzu Ahotsenean.

Bertsozale Elkartearen eta Mundukide fundazioaren arteko elkarlanetik sortu zen emanaldia. Mozambiken izan nintzen udaran Mundukideren proiektu batean, eta ordubeteko emanaldia osatu nuen itzultzean, bertso jarriak eta bestelako testuak uztartuz. Testuokin batera, Eider Eibar ilustratzaileak eginiko irudi muntatze bat proiektatzen dugu, eta ikus-entzuleei gogoetarako tartea eskaini: kooperazioaz, Afrikaz dugun ikuspegiaz, hizkuntzaz, emakumeen ahotsaz eta haurtzaroaz, besteak beste. Ahotsenean emanaldiaren zatitxo bat emango dut Eiderren irudiekin lagunduta, bertso sorta bat eta testu labur bat.

Zein da Durangon egoteko arrazoi nagusia?

Liburua bilduma baten barruan argitaratu da, eta pentsatzen dut argitaletxekoek kontuan izango dutela azoka. Emanaldiarekin, ostera, urrian hasi ginen, eta aukera polita iritzi genion Ahotsenean eskaintzeari. Esango nuke herri batean ala azokan egin, entzuleetan egongo dela diferentzia, toki ezberdinetako jendea joango baita Durangora. Laburra izango denez, emanaldia egitea baino gehiago izango da datozenei amua egoki botatzea, osorik ikusteko gogoz gera daitezen.

GOTZON BARANDIARAN

Idazlea

"Azokan sorkuntzak zentralitatea izatea lortu du Ahotseneak"

Gidariaren okerra nobela kaleratu berri du Barandiaranek (Larrabetzu, 1974). Idazlearen laugarren lana da oraingoa, eta, idazlearen arabera, Durangoko Azokak garrantzia du sortzaileen lanak ezagutarazteko.

Laugarren lana daramazu aurten Durangora. Zer da zuretzat azokan egotea?

Egungo baldintzetan, liburu bat idaztea, argitaratzea eta, gainera, dirurik ez galtzea sano da gaitza. Idazleok urtebetetik gora eman genezake idazten, lanek libre utzitako ordu nekatuetan, etxekoekin egoteko denborari kukuka lapurtuta. Eta horrek ez dizu bermatzen inork argitaratuko dizunik. Eta, argitaratuz gero ere, ez dakizu inork irakurriko duen ere. Horregatik, azoka ezinbestekoa dugu gure sorkuntzak ahalik eta lagun gehienen belarri eta begietara helarazteko. Sekulako bultzada da argitaletxe txikiontzat, gure lanak bitartekarien esku utzi barik irakurlearen esku uzteko.

Zein da Durangon egoteko arrazoi nagusia?

Ez nuke arrazoi nagusi eta menpekorik ezberdinduko. Azokan kulturaren ekosistema osoa dago presente. Hasi sortzaileongandik eta zaleenganaino, antolatzaileak, kultur kazetariak, hezitzaileak, denak elkartzen gara azokan. Gure kultura bere osotasunean sentitzeko joan behar dugu azokara, gure kultura menostu, baztertu eta zapalduari bere alde zer egiteko prest gauden erakusteko. Azokak miraria lortzen du: lau-bost egunez kultura izatea euskal herritarren gehiengoaren erreferentzia. Hain zuzen, mirari hori urte osora hedatuta ohiko bihurtzea da gure erronka nagusia etorkizunean.

Ahotseneko kide ere izan zara urte luzez. Zer pisu dute sortzaileek azokan?

Ahotseneko kidea naiz eta izango naiz zutunik dirauen artean. Nire uste harroan, sortzaile, antolatzaile eta zaleoi esker, azokan zentralitatea sorkuntzak izatea lortu du Ahotseneak. Eta, Ahotseneak ez ezik, Irudieneak, Szenatokiak eta osterantzeko guneek ere produktu komertziala ekosistemaren parte bat dela ulertaraztea ekarri dute, eta horri sekulako garrantzia eman beharko geniokeela uste dut. Gure kulturak iraungo badu, kultura espainol, frantses eta ingelesdunak desagerraraziko ez badute, eskema integral hori barneratu behar dugula iruditzen zait: denok dugula denon beharra.

ADUR LARREA

Komikigilea

"Komikigintza suspertu nahi bada, oinarriak jarri behar zaizkio"

Gabriel Arestiren bizitza kontatzen duen komiki biografikoa sortu du Larreak (Bilbo, 1982), eta Durangon izango da egunotan.

Arestiren beste alde bat erakutsi duzu zure lanean. Ezezaguna al da oraindik?

Uste dut haren obra era zabal eta askotarikoan aztertua izan dela, baina haren bizitzari dagokion zatia akaso pixka bat ostenduago dagoela. Ni neu, Arestiren alderdi gertukoagoko bat erakusten saiatu naiz. Haren obra literarioari baino gehiago, pertsonari jarri diot arreta. Hori horrela izanik ere, askotan fikzioa erabiliz eta interpretazio erabat subjektiboekin eraiki dut narrazioa bera.

Euskal komikigintzan ez da lan askorik kaleratzen urtean zehar. Garrantzi berezia du Durangon lan horiek egoteak?

Bai, nola ez. Baina ez hori bakarrik. Komiki uzta suspertu nahi badugu, oinarri sendoak jarri behar zaizkio komikigintzari; hezurdura egonkor bat saretu behar da, ez dadin izan hor-hemenka dagoen fenomeno bat.

Zein da Durangon egoteko arrazoi nagusia?

Liburu bat erakusgarri edo salgai izateko plaza bikaina da, baina, era berean, ikusle gisa ere oso interesgarria da. Hain eskuragarriak ez ditugun gauzak eskuratzeko edo era orokor batean zer egiten den ikusteko aukera ematen du azokak.

Lauaxeta saria, euskara eskolara itzularazi zuten gurasoentzat

Lauaxeta saria, euskara eskolara itzularazi zuten gurasoentzat

Garairik latzenetan euskararen aldeko hautua egin zuten guraso aitzindariak omendu dituzte aurtengo Lauaxeta sariek. 1970ean guraso ausart haiek erein zituzten haziek fruitua eman dutela ekarri zuten gogora joan den asteazkenean Foru Jauregian egindako ekitaldian. Joseba Arrieta Txertudi, Josu Meabe Mintegi eta Sabin Zubiri eta Josune Zearra senar-emazte zenduak egin zituzten guraso haien guztien ordezkari. Unai Rementeria ahaldun nagusiaren eskutik jaso zuten aurtengo Ohorezko Lauaxeta saria. Zubiri eta Zearraren izenean haien seme Bingen Zubirik jaso zuen.

Txalo zaparrada artean hartu zituzten Foru Jauregiko aretoa gainezka bete zuten ikusle guztiek. Ez da izan nolanahikoa haiek egin duten beharra. Dantza eta abesbatza taldeak sortzen ari ziren garaian, euretako asko heldutasunera iritsiak ziren. Ordurako seme-alabak ere bazituzten, eta, etxean eta kultur jardueretan ez eze, harago ere euskara landu eta errotu behar zutela sinetsita zeuden. Haiei euskara zelan eman ziezaieketen hausnartzeari ekin zioten.

Hizkuntzak eskoletara itzuli behar zuela pentsatuta, ikastolak sortzeko hastapen lanak egin zituzten. Ez zen lan erraza izan. "Eta ikastoletan zer ikasiko dute?", galdetzen zieten gurasoetako batzuek. "Euskara, bada", erantzun haiek. Guraso batzuk beldur ziren, seme-alabek beharrezko prestakuntza eskuratzeko modua izango zuten ez zekitelako. Hala ere, batzuek, ordura arte ibilitako ikastetxeetatik atera eta ikastola hasi berrietara eraman zituzten haurrak. Hala, ikastolen proiektua abiatu zuten.

Lan gogorra egin behar izan zuten. Zubirik gogora ekarri duenez, "gure ama Begoñazpi ikastolako alma mater-ra izan zen. Denean aritzen zen. Eta administrazio osoa gure etxean eramaten zen".

Euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normaltzeko ahalegin berezia egin duten pertsonak, kolektiboak eta erakundeak aintzatesten dituzte Lauaxeta sariek. 2012az geroztik, Ohorezko Lauaxeta sariaz gain poesiako eta ikusentzunezko lanak ere saritzen dituzte.

Aurten, Jon Gerediaga Goitiak jaso du 35 urtetik gorakoentzako poesiaren alorrekoa. Argia, lurra, zuhaitza eta zerua lanagatik egin diote aitortza.

35 urtez beherakoei zuzendutakoa Beatriz Chivite Ezkietari eman diote, Metro poema liburuagatik. Epaimahaiaren esanetan, "poema helduak dira. Hizkera argi eta sotilaren bidez argazkien gisako poesiak eman dizkio irakurleari". Amak hartu zuen saria alabaren izenean.

Ikusentzunezkoen saria, azkenik, Joseba Gorordo zuzendariak jaso du, Sabino Aranaren begiak izaneko dokumentalagatik. Arana bizi zen garaiko testuingurua ezagutzeko grinak eraman zuen Gorordo lan hori egitera. Izan ere, haren ustez, "Sabino Arana beti izan da epaitua gaurko pentsamoldearekin. Gaizki ulertua izan da". Euskara ikasi zuen euskaldun berri bat izan zela ekarri du gogora; "baita euskara modernoaren sustatzailea ere".

Euskararen nazioarteko egunaren atarian egin zuten ekitaldian presente izan zen une oro euskararen erabilera sustatzeko beharrizana. Mendigoxaliarena Lauaxetaren kanta Eñaut Elorrietaren ahotsean entzun zitekeen ekitaldi osoan, behin eta berriz askatasunaren aldeko aldarria errepikatuz: "Dana emon bihar jako matte dan askatasunari".

Liburuen zaindariak

Liburuen zaindariak

Lehen eguneko urduritasunik gabe, baina ilusio berarekin jarraitzen dute beharrean Bilboko Iparragirre kaleko Elkar liburu dendan Gotzone Ajuriak (Galdakao, 1966) eta Edu Arnaizek (Bilbo, 1963). Denda enblematiko horrek 25 urte bete ditu. Irailaren 5ean ireki zituen ateak lehen aldiz. Orduan, Urretxindorra izenarekin zabaldu zuten. Orduz geroztik, erreferente bilakatu da euskarazko materiala eta gainerako liburu eta diskoak aurkitu gura dituztenentzat. Hala aitortu diote bezeroek Ajuriari. "Behar duzun hori Elkarren izango duzu. Han ez bada, ez duzu beste inon aurkituko". Horixe esan zion lagun batek haietako bati. Hori dute adierazgarri, Arnaizen arabera: "Produktu bat ez badaukagu, lortu egiten dugu".

Denetariko bitxikeriak eskatzen dizkiete bezero batzuek. Arnaizi egindako azkenetako bat, honako hau: Agatha Chirstieren Orient Express-eko hilketa liburua ingelesez, italieraz, alemanez eta katalanez. "Alabak 18 urte betetzen dituela eta opari berezi bat egin nahi diola esan zidan emakume batek".

Aurreko batean, Frantziako turista bat etorri zitzaion. Rene Descartesen Metodoari buruzko diskurtsoa liburua euskaraz gura zuen. "Liburu hori hizkuntza guztietan eskuratzeko bilduma egiten du. Hemen geneukan euskarazkoa. Duela urte asko atera zen. Eta poz-pozik joan zen".

Ajuriak eskaera bitxiago bat izan zuen entziklopedia mordoa saltzen zen sasoian. "Badirudi gezur bat kontatuko dudala, liburu dendarien kondaira bat, baina benetan gertatu zitzaidan: bezero batek entziklopedia bat gura zuen, baina ez edonolakoa. Baldintza bitxi batzuk bete behar zituen: tamaina jakin batekoa izan behar zuen, eta, ahal izanez gero, berdea. Apalategian egoki geratuko zitzaion entziklopedia bat gura zuen".

Irudi modernoagoa

Elkarrek ez zuen euskalgintzaren zabalkunderako berritasun izugarririk eraman Bilbora. Kirikiño eta Lauaxeta ezarrita zeuden hiriburuan 1990 hartarako. Baina bestelako berritasunik eraman zuen, Ajuriak gogoratu duenez: "Hiru solairuko liburu denda bat zen, eta ordutegi oso zabala geneukan: 09:30etik 20:00etara, etenik gabea. Aitzindariak izan ginen horretan".

Arnaizek uste du haize berriak eraman zituela hiriburura. "Irudi modernoagoa ekarri zuen: gaur-gaurko komertzioa, euskarari eta euskal kulturari dedikatua gehienbat".

Kulturgintzaren garapena ere ezagutu dute. Haren eskutik egin du bidea liburu dendak. Arnaizek gogora ekarri duenez, "bizpahiru argitaletxe zeuden hasiera hartan. Argitaletxe berri mordoa sortu dira. Baita argitaletxe txiki batzuk ere. Eskaintza pilo bat zabaldu da; ekoizleak ugaritu egin dira". Hasieran, produktu jakin batzuk baino ez ziren egiten. Orain, arlo askotara zabaldu da euskararen mundua.

Pirateriaren kalteak

Musikari dagokionez, pirateriak kalte handia egin duela sinetsita daude. "Diskoetxe handiak txikitu egin dira; talde bakoitzak bere diskoetxea jarri du". Eta salmentak asko gutxitu dira. Dena den, kaltea ez da hain gordina izan euskal taldeentzat. Ajuriak argitu du: "Euskal musika oso ondo saltzen dugu. Erosle militanteak daude".

Elkarrek jakin du Internetek sortu dituen erronketara eta teknologia berrietara moldatzen. Datorrenari aurre egin behar zaiola sinetsita dago Arnaiz: moldatu eta egokitu egin behar dela uste du.

Liburuen pirateria diskoena beste nabaritu ez badute ere, sumatu da. Ajuriak azaldu du lehenago Planeta sariduna edo urteko libururik onena ateratzen zenean izugarrizko arrakasta izaten zuela. "Gaur egun ez da horrelakorik gertatzen".

Hala ere, Elkarrek, teknologia berrietara ez eze, erosketa joeretara ere moldatzen ikasi du. "Duela 25 urte norbaitek esan izan baligu jostailuak saldu behar genituela, zorotzat hartuko genukeen". Baina, ikusi dute dibertsifikazioa beharrezkoa dela. "Zerbait gehiago eskaini behar da. Liburuekin bakarrik ezin da. Era horretan, jendea erakartzen duzu".

Euskarazko jostailu batzuk betidanik izan dituzte. Matrakarenak, esaterako. Geroago ekarri dituzte beste etxe batzuetakoak ere. Ez edozein etxetakoak, ordea. "Besteak beste, atzean esplotazio eredurik ez dutenak dira". Gutxiengo batzuk bermatzea dute helburu. Arrakasta ikusita, apustu serioa egin dute. Sartu bezain laster, bistan dira jostailu mordoa. Garaia ere badela aitortu dute dendariek; sumatzen da Gabonak ate-joka ari direla.

Liburu dendaren azken aldaketarekin batera barneratu zituzten jostailuak. Hiru eguneratze izan dituzte. 2010ekoa izan zen nabarmenena. Arnaizek gogora ekarri du orduko hura: "Goian lanak egiten ari zirela liburu denda ez ixtearren, beheko solairuan saltzen genituen liburuak. Bezeroak bideratzeko pasagune antzeko bat egin genuen, plastikoak baliatuta. Performance kutsua eman zion hark liburu dendari".

Elkarrek, gainera, irudi korporatiboaren aldeko apustua egin du. Hala, apurka kokatuz joan dira. "Gaur egun, edozein Elkar dendatan sartuz gero, badakizu enpresa horren lokal batean zaudela". 2005ean egin zuten aldaketarekin utzi zioten Urretxindorra izateari, eta Elkar bihurtu ziren. Ajuriak dio askok oraindik izen zaharra erabiltzen dutela.

Liburu denda bera garatu eta egokitu egin den bezala, bezeroen profila ere zabalduz joan da. Ajuriaren arabera, "hasieran, euskaldunak ziren, batez ere. Baina, gaur egun, papá eta mamá esaten dutenak ere baditugu".

Azokari begira

Durangoko Azokak hankaz gora jarriko du, aurten ere, denda. Aurkeztu berri diren liburu eta diskoek leku handiagoa hartuko dute. "Kaleratu berriak jarri beharko ditugu", esan du Arnaizek. Nabarmendutako lanen artean izan dute, hain zuzen ere, Joyceren Ulises-en euskarazko bertsioa. Bidaia berri bati ekin beharko dio berriz ere, ordea, lan berriei tokia egiteko.

Jostailuen eremutik gertu hartuko dute lekua. Star Warsen errepublikaren aldeko Lego-ek inperioaren kontrako borrokarako tokia hartua dute lehenengo solairuan. Atetik sartu eta berehala, bestelako produktuak ere badaude: literatura, fikzioa, best seller-ak, haurren txokoa, musika, gaztetxoentzako klasikoak, irakasgaiak indartzeko liburuak eta euskarazko jostailuak aurkituko ditu erosleak han.

Bigarren solairuan, denetarik aurki daiteke: saiakera, literatura, hizkuntzak, oposizioetarako liburuak, psikologia eta pedagogiari buruzkoak, historia, antropologia, artea, arkitektura, klasikoak edota gastronomiari, bidaiei eta eskulanei buruzkoak. Baita autolaguntzari buruzkoak ere —asko saltzen ari dira—. Argitaletxeak ere, dozenaka: Txalaparta, Erein, Susa, Elkar, Igela, Siglo XXI, Larousse...

Arnaizen txokoan gehien saltzen diren euskal idazleen lanen artean hauek daude: Goizalde Landabaso, Karmele Jaio eta Mikel Peruarena Ansa. Su zelaiak lanari Euskadi Literatura saria eman zioten, baina egileak uko egin zion. Polemika horrek irakurle askoren jakin-mina piztu duela uste du liburuzainak. Gainerakoan, asko saltzen dira Jose Mugicaren biografia, Pio Barojaren Los caprichos de la suerte, Nobel saridunak eta Arturo Perez Reverteren lanak ere bai.

Eta hirugarren solairua geratzen da oraindik. Erdi biltegi gisa ere erabiltzen duten horretan, bada liburu bitxi edo zaharrak hartzen dituen txokotxo bat. "Euskarazko bitxiren bat gordetzen dugu hemen", aitortu du Arnaizek. Besteak beste, Auñamendi entziklopedia osorik dute, behar bezala ordenatuta. Baita Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat liburu zahar ere.

Ospakizun festa

Hainbat istorio eta pasadizo gordetzen dituzte hautsik hartzen uzten ez dieten liburuen apalategiek. Inaugurazio ekitaldiko Jose Maria Gorordo alkate ohiarena ekarri du gogora Arnaizek. "Joan Baezek Bilboko zezen plazan grabatu zuen diskoa genuen galdetu zidan". LPa atera zionean, buelta eman zion eta To the major of Bilbao zioen eskaintza erakutsi zion, harro. Ez zuen diskorik erosi. "Etxean izango zuen, seguruenik".

Inaugurazio ekitaldian izan zen handitasunik ez da egongo, baina urteurren biribila ospatzeko festa txiki bat prestatu dute hilaren 11rako. 19:30ean liburu dendara joaten direnek mokadutxo bat hartzeko aukera izango dute. Beharginekin mintzatzeko modua ere izango da, baita eztabaidak sortzeko ere.

Arnaizek oso gustukoak ditu bezeroekiko harreman horiek, nahiz eta lanak horretarako beta handirik uzten ez dion. Elkarren hasi zenean, goitik behera jausi zitzaion liburu saltzailearen mitoa. "Haren mito erromantikoa nuen: eserita imajinatu izan dut beti, liburuak irakurtzen, kafea hartzen eta bezeroekin hizketan. Mito hori erori egin zait. Gurea bezalako mugimendua duen liburu denda batean, ez da horrelakorik". Seinale ona ere ez litzateke izango kontrakoa. Erromantizismo hori etxerako utzi beharko dute. Zorionez, kulturak eta hura kontsumitzeko goseak bizirik diraute. Eta Elkarrek gose hori asetzeko lanean jarraituko du.

Bolintxu: Bilboko altxor ezezaguna

Bolintxu: Bilboko altxor ezezaguna

Mendeak dituzten haritzak eta ehunka haritz gazte. Lizarrak. Urritxak. Haltzak. Sahatsak. Zuhandorrak. Zerua estaltzen duten itzelezko landare bobedak. Edonor barnera bildu, harrapatu eta kondairazko mundura eramaten dutenak. Txorien kantuak. Oreinak,...

Hotzari aurre egiteko kultur eskaintza beroa

Hotzari aurre egiteko kultur eskaintza beroa

Neguko hotzean pentsatuta, manta baten azpiko etxeko epeltasuna eta kafesne bero bat irudikatzeko joera izaten da sarri. Horretarako beta beti izango da. Hala, berogarriak jarri eta kalera ateratzeko sasoia iritsi da. Aitzakiarik ez dago. Bilbon ez, gutxienez. 130 jardueratik gora dakartza aurten Kultur Gabonak programak.

Denera, 132 ekitaldi prestatu dituzte hiriko barruti guztietan. Ez dira faltako antzerkia, kontzertuak, zinea, arte eta argazki erakusketak, folklorea, ipuin kontalariak, txotxongiloak eta magia. Aspertzeko tarterik ez da izango batean eta bestean. Egitaraua azaroan abiatu zuten, eta urtarrilera arte iraungo du.

Zinea izango da leku askotan eta sarri landuko dituzten diziplinetako bat. Egunik Laburrena film laburren zikloa antolatu dute Castaños, Otxarkoaga eta Zorrotzako udaltegietan: abenduaren 18, 22 eta 23an izango dira emanaldiak. Bestalde, urtarrilaren 4an Otxarmetraje 2015 film laburren lehiaketa hartuko du Otxarkoagak.

Zine kurduak toki handia hartuko du Santutxuko udaltegian: abenduaren 14tik 18ra bitartean, hari buruzko erakusketa jasoko dute. Bertan, bost film eskainiko dituzte. Horien artean, hauek izango dira: Kobane, volver a empezar, Los niños de Diyarbakir eta Canción de mi madre.

Euskal film laburrak

Deustura Udazkeneko Kultura zikloa baliatuta, euskal zinegileen zenbait film labur emango dituzte bertako udaltegian. Abenduaren 15ean egingo dute ekitaldia. Bertako egileen lanak ikusteko aukera izango da 19:30etik aurrera.

Arte eszenikoek ere leku handia hartu ohi dute Kultur Gabonak programan. Aurten beste horrenbeste gertatuko da. Nagusientzako XIV. Antzerki Astea egingo dute Otxarkoagako udaltegian, datorren astetik aurrera. Abenduaren 10ean hasita, hilaren 17ra arte iraungo du saioak. Besteak beste, antzezlan hauek eskainiko dituzte: Los diamantes de Marbella, Epa Galdakao, No me hables de Felipe V eta Beti gazte. Antzezlan gehienak gazteleraz izango dira.

Bilboko Zirkuituak bere ibilbidearekin jarraitzen du. Hala, sortzaile berrien lanak ekarriko dituzte Uribarri, San Frantzisko eta Basurtura. Hiriko proposamen freskoenak hartuko dituzte hiru barruti horietan.

Gainerakoan, zirkuituetatik kanpoko antzerki saioak ere aurkitzeko aukera izango da, batean eta bestean. Joseba Usabiagak, esaterako, Oroitzapenak lana taularatuko du, hilaren 10ean, Deustuko udaltegian. Hilaren 17an, Futbolariak eta printzesak eramango du Castañosera, Eidabek.

Musikaren atalean, hainbat kontzertu izango dira. Naroa Gaintzak 22 metro koadro bere azken diskoa aurkeztuko du abenduaren 10ean, Castañoseko udaltegian.

Bestalde, Erizek eta Mariak osatzen duten Hutsa bikoteak egun bat geroago eramango du agertoki berera Amnesia bere azken lana. Finantzaketa kolektiboaren bidez lortu du talde akustikoak diskoa kalera ateratzeko laguntza.

Mila Musika Hari zikloak gitarra izango du protagonista. Gitarraren inguruan sortzen diren musikei buruzkoa da. Gitarrak mundu osoan dituen adierazpide eta aldaera guztien eta, oro har, harizko musika tresnen inguruan sortzen diren musikei buruzko gorabeherak izango dituzte aztergai. Kontzertuak ere izango dira: hilaren 10ean egingo dute zikloko bigarrena eta azkena izango dena, Abandoko udaltegian.

Gabonetako Abesbatza Kontzertu Klasikoak ere ez dira faltako. Bizkaiko Abesbatzen Elkartearekin elkarlanean antolatzen dira. San Ignazio, Deustua, Castaños, Abusu, Zazpikaleak, Abando, Errekalde, Santutxu eta Basurtu auzoetan egingo dituzte kontzertu horiek, hilaren 12tik 30era bitartean. Ziklo hori osatzeko, Nagusientzako Abesbatzen XI. Astea egingo dute Otxarkoagan, hamaika abesbatzaren parte hartzearekin.

Expodistritok pintura, grabatua eta argazkigintza lantzen dituzten erakusketak eramango ditu udaltegietako aldi baterako erakusketa zikloetara. Horien artean, nabarmentzekoak dira Hiri asko bere baitan eta Musika eta paisajeak. Lehenengoak argazkilaritza, literatura eta musika uztartzen ditu. Bigarrenak, berriz, pintura lanak jaso ditu.

Urteetan ohiko bihurtu den jaiotzen eta diaporamen erakusketa ere ez da faltako Otxarkoagan.

Helduak ez eze, umeak ere kontuan izan dituzte programazioa eratzeko orduan. Hainbat auzotan magia edo ipuin kontalarien saioak izango dituzte. Lau urtetik gorakoentzako Olentzerorena eramango du Alberto Bargosek Deustuko udal liburutegira, hilaren 12an. Jakin eta Jolasek, berriz, Skratx aurkeztuko dute Deustuko udal liburutegian. Clown saioei dagokienez, Puski eta Txurruskik Barre laborategian izandako abenturen eta gorabeheren berri emango dute, Uribarrin.

Urtea kulturaz gozatuz eta berau uztartuz eta zabalduz bukatzeko aukera eskainiko du Kultur Gabonak egitasmoak. Berdin hasi ahal izango dute urte berria bilbotarrek.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

kulturabarrutik.net

Kulturaren plaza bihurtu den azoka

Kulturaren plaza bihurtu den azoka

Lagunarteko afari batean sortu zen Gerediaga elkartea, 1965ean. Eta urte berean egin zuten Durangoko Lehen Liburu eta Disko Azoka. Eskualdeko kultur ondarea berreskuratzea helburu zuen azoka hura Euskal Herriko kulturaren plaza bihurtu da 50 urtean. I...

Jalgi hadi plazara

Jalgi hadi plazara

Leloak dioen bezala, euskarak 365 egun izan beharko lituzke. Hala ere, egun oraindik beharrezkoa da hari bultzada emateko egun bat ospatzea, normalizazioa lortzeko bidean: abenduaren 3a. Aurretik, motorrak berotzen hasiak dira hainbat herri eta elkart...

Ur gainean bizi den itsas gela

Ur gainean bizi den itsas gela

Sukarrietako Txatxarramendiko zubiaren eta Busturiko Itsasbegiko tren geltokiaren artean dago Txatxarramendiko itsaskitegia. Urdaibaiko biosferaren bihotzean dago, itsasadarrean kokatuta. Trenbidea igaro beharra dago hara heltzeko. Ibilaldi polit bat eginez irits daiteke, eta inguruan dituen bankuetan eserita, lasaitasun osoz, paisaia paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Duela gutxi atondu du Busturiko Udalak aisialdirako gune hori.

1930. urtean eraiki zuten Txatxarramendiko itsaskitegia, izen bereko irlaren inguruan. Garai hartan, langosteroa edo haztegi moduan ezagunagoa zen. 1919an ateak ireki zituen Pako ostatuaren parean kokatu zuten. Busturiko udalerrian dago, nahiz eta Pako ostatuaren propagandan Sukarrietan kokatzen zuten.

Itsaskitegiaren betebeharra Pako ostatuko sukalde eta mahaietarako itsaskiaren aterpetxe izatea zen. Behin-behinean gordetzen zituzten han; ezin hobeto gorde ere, mahaikideen plateretan zerbitzatuko ziren itsaskiak, txirlak, lanpernak edo arrainak. Horietako batzuk —txirlak esaterako— barnealdea inguratzen zuen balkoi korrituaren pasagunetik zeuden eskegita, saskietan sartuta; eta besteak —otarrainak, adibidez— igerilekuan zehar aske ibiltzen ziren, salabardoarekin pasagunetik harrapatzen zituztenera arte. Bitartean, noizbehinka botatzen zitzaien ogi apurrekin elikatzen ziren.

Igerilekua barruan

Eraikina bitxia da, gainera. Konporta automatikoak eta altuera jakinean hormak zeharkatzen dituzten zenbait hodik eraikinaren barnealdera itsasaldietako ura sartzea eta irtetea ahalbidetzen dute. Baina barnealdea ez da erabat husten, itsasbeheran ura ateratzen denean itxi egiten den konporta baitago zoruaren arrasean. Horrela, itsasbeherei esker barnealdean igerileku txikia egotea lortzen zuten. Ura, itsasgora bakoitzarekin berriztatzen zen.

1968. urtean Pako ostatuak ateak itxi zituen, eta eraikin txiki berezi hori bertan gelditu zen. Urteen poderioz, haren egoera okertuz joan zen, inork ez baitzuen hartu mantentze lanik egiteko ardurarik.

Ahaztuta geratu zen; hutsik. Itsasgora eta itsasbeheren laztanen laguntasun bakanarekin. Urte askoren ondoren, iritsi zen hari zegokion garrantzia aitortzeko prest zegoen talde bat. Hozkailurik ez zegoen garai hartan horren garrantzia handia hartu zuen eraikin etnografiko eta historiko hura memoriatik desagertzeko zorian zegoela ikusita, Urdaibaiko Galtzagorriek zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuten. 2001ean eraikina zaharberritzeari ekin zioten. Urdaibairen alde lan egiten duten boluntarioek osatzen dute talde hori.

Zaharberritze lanak egiteko, hainbat erakunderen diru laguntzak izan zituzten. Hala ere, ezinbestekoa izan zen beraien denbora eta esfortzua jarri zuten hogei bat boluntarioren lana. Prozesua luzea izan zen. Hiru hilabetetan gauzatu zuten zaharberritzea. Edertasun handiko eremuari zegokion itxura emateaz gain, garai hartako ostatu sektorearen indutria jardueraren adierazle zen eraikina zaharberritu zuten.

2003. urtean hasi ziren hausnartzen zein erabilpen eman ziezaioketen Txatxarramendiko itsaskitegiari. Esku artean zituzten zenbait proposamenen artean, erabilera didaktikora zuzentzea erabaki zuten. Hala, Txatxarramendiko Itsaskitegiaren Itsasgela bihurtu zuten. Ingurumen heziketarako ekipamenduz hornitu zuten. Bisitatu ere egin daiteke.

Tradizioaren eta modernitatearen bilgunea izateko nahiarekin osatu zuten Txatxarramendiko itsaskitegia. Tradizioa jasotzen du, itsasoko eta kostaldeko kontuez hitz egiten delako bertan, bereziki; eta modernitatea, berriz, energia berriztagarrien bidez —eguzki energiaren bidez zehatzago esateko— itsaskitegia argiztatzea lortu dutelako.

Itsaskitegiaren barruan hainbat informazio panel daude; baita kanpoaldean ere, itsaskitegira joateko bidean. Herritarrek edota bisitariek inguru horretan egin diren lanen berri izan dezakete.

Bestalde, barrualdea girotze aldera, arrantza tradizionaleko tresnez eta hainbat itsaskiren maskorrez apaindu zuten. Era berean, itsasgora eta itsasbeherekin sartzen eta irteten den urak sortzen duen barruko igerilekuan, itsas bazterreko animalien lagin txiki bat dago ikusgai.