Albisteak

Herdoilez jantzitako itsasadarra

Herdoilez jantzitako itsasadarra

Burdina Bilboko itsasadarraren garapena baliatu duen metala izan da. Itsasadarra burdin koloreak janzten zueneko garaiak dakartza gogora Itsasadarra itsas museoan zabaldu duten erakusketak. Ikusmenaz gain, ukimena, entzumena eta usaimena dantzan jartz...

Uste baino euskaldun gehiago

Uste baino euskaldun gehiago

Ezkerraldean euskarak presentziarik apenas duela zabalduta dago nonahi. Baita eskualdean bertan ere. Hori horrela ez dela frogatzen dute, egunean-egunean, milaka herritarrek Barakaldo, Santurtzi, Sestao eta Portugalete herrietan. Nahi baino gutxiago bai, baina euskararen ezagutza eta erabilera goraka doaz. Herriotako bakoitzean ia %20 dira euskaldunak. Bateko eta besteko udalak zein eragileak beharrean ari dira Europako hizkuntzarik zaharrenak merezi duen lekua berreskura dezan. Horretarako, hainbat plan, proiektu eta programa darabiltzate.

Euskaltegiak dira, zalantzarik gabe, euskalduntze prozesuan lan handiena egiten duten agenteak. Milaka lagun euskaldundu dituzte. Eta Berbalagun egitasmoak euskara praktikatzeko gune ugari eskaintzen ditu.

Bizkaiko hiririk handienen artean bigarrena da Barakaldo, Bilboren atzetik. Ia 100.000 biztanle ditu. Horrenbeste jende hartzen duen udalerri horretan poliki-poliki ari da pausoak ematen euskara. Duela gutxi hasi da udala euskararen sustapen proiektua lantzen. Baina dagoeneko emaitza batzuk jaso dituzte, eta pozik azaldu da Mertxe Andres bertako Euskara teknikaria. "Apurka ari da nabaritzen; batez ere, familia barruan. Baita kalean bertan ere: parkean, kiroldegietako aldageletan... sarri entzuten da gurasoren bat euskaraz berbetan seme-alabei".

Horixe dute, hain zuzen, lehentasuna: familia. Eremu horretan erein gura dute euskararen hazia, etorkizunera begira fruitu emankorrak eman ditzan. Ikastetxeetan euskara ikasi zuten lehenengo barakaldarrek 30 urte inguru dituzte egun, eta horietako batzuk hasiak dira seme-alabak izaten. "Eurentzako arnasguneak sortzen saiatzen gara".

Denok euskaraz programa jarri dute martxan eginahal horretan. Euskaraz garatzen diren tailer batzuk dira. Umeek zein gurasoek, denek euskaraz egin behar dute. Hori da baldintza bakarra. "Elkarrekin jolasten aritzen dira, eskulanen bat egiten dute... Hori guztiori, euskaraz".

Hasieran helduei zaila egiten zitzaien euskaraz jardutea. Baina apurka lortu dute parte hartzea handituz joatea. Kultur etxeetan antolatzen dituzte saioak, bi ostiraletik behin. Parte har dezaketenen kopurua mugatua da: hogei umerentzako lekua dago, eta haur bakoitzeko, heldu bana ari daiteke. Batzuetan jendeak kanpoan geratu behar izaten du.

Euskaraz ez dakiten guraso batzuk kexatu egin dira, euskaraz aritzeko gai ez direnez, ezin dutelako parte hartu. Eta nahiko lukete. Hala, urte berri honetarako asmo berriak ditu udalak: "Guraso horiek euskararen unibertsoan murgiltzeko beste tailer batzuk sortzea pentsatzen ari gara". Helduak euskararen oinarrizko ezagutza batzuk ikasten ariko dira tailerraren lehen atalean, haurrak jarduera batean edo bestean ari diren bitartean. Eta, azken orduan, denak elkartuko dituzte, elkarrekin jolasean, ikasitakoa praktikan jartzeko.

Baina familia girotik kanpo ere eragin guneak izan gura ditu udalak. Euskara sustatzeko proiektuaren barruan bestelako programa batzuk ere badarabiltza: Zabaldu atea euskarari eta Euskara plazara dira horietako bi.

Paisaia euskaldundu

Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia areagotzea du xede lehenengo programak. Gutxienez, hizkuntza paisaia aldatu gura dute. Horretarako, besteak beste, doako itzulpengintza zerbitzua eskaini diete merkatari eta ostalariei, eta euskarazko gidak ere argitaratu dituzte. Izan ere, eremu horretan apenas entzuten den. Horren arrazoiak zein diren azaldu du Andresek: "Gurean, euskal hiztunaren profila pertsona gazte batena da. Gehienetan, euskara etxetik kanpo ikasi du, eskolan edo euskaltegiren batean. Hala ere, hitz egiteko orduan, gaitasun handiagoa dauka gazteleraz". Denden zein tabernen jabeak pertsona nagusiagoak izan ohi dira. Beraz, gehien-gehienak ez dira euskaldunak. Eta, normalean, bezeroen aldetik ez dute aurkitzen euskarari presentzia emateko presiorik. "Ez dute horretarako beharrizanik sumatzen". Beraz, gakoa horretan datza. Apurka euskarak bere lekua hartuko duen itxaropena badu udaleko teknikariak.

Euskaraz badakitenak edo ikasten ari direnak erabiltzera ausartzeko programa da, bestalde, Euskara plazara. 16 urtetik gorako barakaldarrentzat da. "Ekintza xumeak planteatzen ditugu, konpromiso handia eskatzen ez dutenak". Besteak beste, bertso gosari bat antolatu izan dute. "Ordubete eta erdiz bertsolaritza zer den azaltzen izan ziren bi bertsolari; bertsoak nola eratzen dituzten kontatzen zein bertaratutakoek emandako gaiak baliatuta bertsotan ere aritu ziren. Oso gustura ibili ziren denak".

Ehun lagun inguru elkartu ziren zita hartan. Arrakasta handia izan zuen, baina euskaltegien laguntza izan zutelako ere izan zitekeen, ikasleak joatera animatu zituzten eta. "Beraz, arrakasta hori gazi-gozoa izan daiteke. Dena den, ikusi dute posible dela euskaraz gozatzea".

Benetako erabilera sustatzea da, azken batean, helburu nagusia. Umeak eta guraso gazteak dira, bereziki, euskara ahoan dantzan darabiltenak. "Sektore horretan aurrerapausoa ikusten da". Gazteek, ostera, jakin badakiten arren, ez dute askorik erabiltzen. "Asko kostatzen zaie", euren gustuetara egokitutako tailerrak eskaintzen dizkieten arren.

Udalaren proiektua osatzeko orduan herriko euskara eragileekin ari dira elkarlanean. Euskararen Aholku Batzordea eratu dute horretarako. Ezinbestekotzat jo du Andresek elkarlan hori.

Santurtzitik Santurce-ra

Euskarak arrasto handia utzi du Ezkerraldean. XX. mendearen hasieran galdu zen, Barakaldon jaiotako azken euskaldunak hil zirenean. Toponimoek edo leku izenek gorde dute eremuaren izaera euskalduna. Santurtzi da horren adibideetako bat. Euskarazko izenetik sortu zen-eta gaztelerazko Santurce, gerora.

45.000 biztanle ditu Serantes mendiaren magalean kokatzen den herri horrek. Populazioaren %19,8 da euskalduna. Euskarak presentzia berreskuratzeko sareak sortzea da euren helburua. Hala azaldu du Itxaso Lejarza euskara teknikariak. Udalean bertan, erabilera plana darabilte, "herritarrak tramiteak egitera doazenean, euskarak presentzia izan dezan". Udalaren agiri guztiak gazteleraz eta euskaraz, ele bitan argitaratzen dituzte.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ere onartu dute, Ezkerraldeko gainerako udalen antzera. Aldundiaren Alkarbide sarearekin elkarlanean ari dira. "Umeak D ereduan matrikulatzeko kanpainak eta antzekoak ateratzen dituzte".

Euskararen egunaren harira hainbat jarduera antolatu ohi dituzte. Horiek guztiak herriko eragileekin batera prestatzen dituzte. "Elkarlan horren oinarriak jartzen eta bultzatzen saiatzen gara aurrerantzean gauza gehiago egin eta antolatu ahal izateko. Euskara ikustea da helburua, eta erabiltzea".

Ikastetxeetako umeen gurasoak dituzte, Santurtzin ere, jomuga, beste esparru batzuen artean. "Akordioa dago udalaren eta udal euskaltegiaren artean gurasoentzako euskara eskolak diruz laguntzeko". Arrakasta handia du programa horrek: iaz, lau talde izan zituzten, eta aurten, zazpi. Denak ala denak, beteta.

Berbalagunen garrantzia

Gainerako beste hainbat herritan bezala, Berbalagun egitasmoko taldeek ondo funtzionatzen dute Santurtzin. "Gurean 200 lagun inguru ari dira. Oso arrakastatsua da. Talde mordoa sortu dira, eta jarduera pila antolatzen dira horren inguruan. Hilero ateratzen da euskararen agenda, herrian euskaraz antolatzen diren gauza guztiak jasotzeko. Jende askok parte hartzen du". Balorazio formalik egin ez badute ere, bistakoa da azken urteetan euskararen erabilerak gora egin duela herrian.

Jomuga berriak

Inplikazio handiagoa edo txikiagoa baliatuta, Ezkerraldeko udal guztietan sinetsita daude euskarari bultzada ematea beharrezkoa dela. Portugaletek 46.000 biztanletik gora ditu, eta %20 dira euskaldunak; 9.326, hain zuzen ere, Eustaten azken datuen arabera. Udalak euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murriztea du helburu. Eta horretarako baliatu gura dute Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Euskara hainbat arlotan sustatzea dute xede. Aurreko planek jasotzen zituztenez gain, liburugintza, publizitatea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak ere jomugatzat hartu dituzte. Hala azaldu du Garbiñe Okerantza Euskara teknikariak.

Liburugintzari dagokionez, helduen euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko irakurketa tailerra sortuko dute. Horrez gain, idazleekin hitzaldiak antolatuko dituzte.

Hizkuntza paisaiak zer-nolako garrantzia duen jabetuta, arlo sozioekonomikoan sentsibilizazio lanak egin ditu udalak merkatarien artean. Besteak beste, errotuluak aldatzeko diru laguntzak eskaini ditu.

Kirolaren eremuan ere hitzarmena sinatu dute oraintsu kirol taldeekin. Abenduan itxi zuten ituna. Haren arabera, kirol elkarteak "ahal duten neurrian saiatuko dira euskararen erabilera areagotzen. Eta udalak konpromiso horiek gauzatzeko laguntza eta aholkularitza eskainiko die". Pauso zehatzik ez dute adostu oraingoz; maiatz alderako aurreikusi dute konpromiso zehatzak adosteko epea.

Horrez gain, argi daukate familia dela haurrek euskara ikasteko duten lehen gunea. Hori dela eta, guraso, ikastetxe eta euskaltegiekin elkarlanean "aparteko lana" egiten ari dira: hitzaldiak, tailerrak eta Gurasolagun antolatu dituzte, besteak beste.

Gazteek euskaraz jakin badakite, baina ez dute erabiltzen. Hala, hutsune hori nola bete aztertzen ari dira. "Sentsibilizazioa eta motibazioa landu nahi ditu Portugaleteko Udalak ikastetxeekin batera. Bigarren Hezkuntzan eta eskolaz kanpoko jardueretan eragin gura du, batez ere".

Erabilera goraka Sestaon

Sestaon oso antzeko egoera dute. 28.600 biztanle ditu langabezia tasa handiena duen herri horrek. Horietatik, %20 dira euskaldunak; "bostetik bat", zehaztu du Gorka Alvarez Kultura, Euskara eta Kirol zinegotziak. Batez ere, umeek eta gazteek osatzen dute euskaldunen profila. "Hala ere, gero eta gehiago animatzen ari dira guraso berriak".

Argi du euskararen erabileran aldaketa nabarmena izan dela azken urteetan. "Eustatek emandako datuen arabera, gaur egun %45ek jakin edo ulertzen dute euskara. Duela 30 urte kopuru hori ez zen %10era iristen. Hortaz, ezagutzak izan duen adinakoa izan ez bada ere, euskararen erabilerak jauzi nabarmena izan du azken urteetan".

Gaur-gaurkoz ez da posible herrian %100ean euskaraz bizitzea. Kalean, ostalaritzan eta merkataritzan lan handia dago egiteko, beste herrietan bezala. Hala ere, gero eta gehiago dira alor horietan ere zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenak. Eta gero eta presentzia handiagoa du kalean, "batez ere, umeen jolasguneetan". Han ere, agerikoa da helduekin lan egin beharra.

Udala ari da arlo horretan eta beste batzuetan lanean. Besteak beste, ondoko programa eta ekimenak ditu martxan: Eman Giltza, gurasoentzako moduluak, Ku-ku tailerrak, Kontuleku, Euskal Jaia, Nahi Dudalako, Zinea Euskaraz, solasaldiak euskal idazleekin eta Oparitu Euskaraz.

Oraindik lan handia dago egiteko, beraz. Hala ere, gehienek uste dute kaltegarria dela euskarak Ezkerraldean duen presentziari buruz nagusi den mezua. Andresek azaldu du: "Askok pentsatzen dute: 'Zertarako ahaleginduko naiz ikasten, hemen jendeak ez badu erabiltzen?'. Baina hori ez da egia". Santurtzin gauza bera gertatzen da. Lejarzak argi du: "Uste dugun baino askoz euskaldun gehiago daude gurean". Han ere erdaldun itxura horrek kalte egiten dio herriari, eta bertako biztanleengan etsipena sortzen duena, horren zalantzarik ez du. "Etiketa txar bat jartzen digute. Eta baliteke euskara ikasteko asmoz dabiltzanek uste izatea ez dela beharrezkoa, ez diela inongo onurarik ekarriko".

Gaur egungo kulturaren hazitegi

Gaur egungo kulturaren hazitegi

Dantza eta antzerki garaikidearen aterperik ez zegoela eta, sortzea erabaki zuten Luque Tagua eta Laura Etxebarriak 1986an. Fundiciones Ligeras del Norte enpresarena izandako eraikina eskuratu eta kultur aretoa sortu zuten: Fundicion jarri zioten izena. 30 urte betetzen ditu aurten aretoak, eta erreferentzia gune garrantzitsua da gaur egun gune alternatiboen zirkuituan; dantza eta antzerki garaikideen esparruan, batez ere.

Europan ikusiak zituzten horrelako aretoak Fundicion aretoko arduradunek, eta imitazioz-edo Bilbon antzeko zerbait egitea erabaki zutela azaldu du Taguak. "Europan nahiko hedatuta zeuden kultura garaikidea bultzatzeko espazioak, eta, hemen genuen gabeziaz jabetuta, eredu hori Bilbora ekartzea pentsatu genuen". Baina orduko Bilbo ez zen gaur egungoa. Itxi berria zegoen orduan Euskalduna fabrika, eta langile borrokak utzitako arrastoak agerian ziren oraindik. Hiriburuan apenas ziren egokitutako ikuskizun aretoak. Eraiki gabe zegoen Euskalduna jauregia, eta urrun zen oraindik Guggenheim museoaren itzala. Egoera horretan ireki zituen ateak Bilboko Ramon y Cajal kaleko bigarren solairuko aretoak.

Arte eszeniko garaikideak biltzeko aretoa zen sortzez Fundicion. Baina ez edonolakoa. Elkartzeko lantegi gisa definitu du Taguak hasieran buruan zuten egitasmoa. "Ez genuen dantza areto soil bat eraiki nahi; ideia eta pertsonak elkartzeko espazioa nahi genuen. Dantza eta antzerki garaikideari baldintza eta kimu berriak sortzeko gune bat, alegia". Bere ibilbidearen lehen urteetan Euskal Herriko artistak eta nazioartekoak elkartu zituzten bertan, eta Bizkaiko lehen dantza garaikidearen konpainia ere sortu zuten lehen urte haietan. "Berrikuntzarako espazioa izan zen, eta jende asko elkartu genuen gurean".

Aldaketak filosofian

Baina artistak elkartzea ez zen nahikoa, Fundicioneko kideen arabera. Eta hartutako bide hori aldatzea erabaki zuten aretoa ireki eta hamar urtera. Dantza eta antzerki sorkuntza albo batera utzi, eta arreta arte eszenikoen garapenaren kudeaketa lanetan jartzea erabaki zutela azaldu du Taguak. "Hizkuntza administratiboa ikasi eta babesleen kontuari garrantzia ematen hasi ginen orduan. Arte garaikideak baliabideen hazitegia behar zuela ohartu ginen, eta bide horretan jarri ginen, aretoa sortu eta hamar urtera".

Filosofia aldaketa lekualdaketa fisikoarekin uztartu zuten. 1996an, Francesc Macia kaleko eraikinera egin zuten jauzi, ibai ertzera. "Hor zegoen Guggenheim museoa eraikitzeko egitasmoa, eta hiriaren ardatz kulturala bertan kokatzen genuen orduan".

Ordutik hona, hiru dira Fundicion aretoak dituen lan ildo nagusiak: urte osoko egitaraua, Guggenheim eta Euskalduna aretoetara heltzen den Dantzaldia jaialdia, eta dantza ikuskizunak kaleetara eramaten dituen Lekuz Leku jaialdia. Dantza eta antzerki garaikidea era askotan erakusten dituzte hiru lan ildoen bitartez, aretoko arduradunaren arabera. Dantzaldiak areto itxietako ikuskizunak biltzen ditu, eta museoetara joan ohi diren herritarrak erakartzen ditu. Hamazazpigarren jaialdia egingo dute aurten.

Lekuz Leku jaialdiaren helburua hiriko pasieran dabiltzanentzako ikuskizuna egitea dela adierazi du. Hamabost minutuko lanak aurkezten dituzte Euskal Herriko zein atzerriko artistek jaialdian. "Bete egiten da itsasadarraren ingurua. Oso harrera ona izaten du, eta, gainera, beste tokietan ikusi ezin daitezkeen piezak ikusteko aukera izaten dute herritarrek. Berezia izaten da". Uda giroari ongietorria emateko jaialdia da Lekuz Leku, eta ekain erdialdean antolatzen dute.

Unean uneko jaialdiez gain, urte osoko egitaraua du Fundicion aretoak. "Zirimiriaren antzekoa da aretoaren eskaintza. Dosi txikietan ematen da, baina etengabekoa da". Ohiko programaziotik kanpokoak dira Fundicion aretoak antolatzen dituen eskaintza artistikoak, Taguaren arabera; "arrisku pittin bat dutenak", alegia. Baina emanaldiak eskaintzetik haragokoa da Fundicionek egiten duen lana. Behin eta berriz egin du indar ideia horretan. "Sorkuntza garaikideak gehiago behar du aurrera egiteko. Sortzaileek beren lana areto batean aurkeztu baino lehen, lan handia egin behar dute. Ibilbide luzea eta gogorra da hori, eta urrats horiek gurekin egitea proposatzen diegu".

Artistentzako egonaldiak

Egonaldiak antolatzen dituzte pauso horiek ematen laguntzeko. Sortzaileei beharrezkoa duten laguntza praktiko guztia eskaintzen dietela azaldu Fundicioneko kideak. "Beren lana prestatzeko lokala, material teknikoa eta lanaren hedapenerako laguntza eskaintzen diegu". Laguntzea da, sinple esanda, egiten dutena; sortzaileen eskutik joatea, alegia. Euskal Herrian gabezia handia dago horri dagokionez, Fundicioneko kidearen arabera: "Euskal Herrian ditugun azpiegiturak izan daitezke oso profesionalak agertokiaren gainean, baina oso hauskorra da haren inguruko egitura".

Gaur egun enpresa gisa funtzionatzen duten egitasmo indartsu gutxi daudela dio Taguak, eta dantza zein antzerki garaikideko egitasmo gehienak pertsona bakarraren gain dauden egitasmoak direla. "Sorkuntza garaikidea egiten arduratzen den jendeak oso azpiegitura hauskorrak ditu. Zabalkunde lanaz ari naiz, programatzaileekin egin beharreko kontaktu lanaz... Horixe hartzen dugu gure gain. Helburua ez da saioak lortzea soilik, programatzaileekin konplizitatea lortzea baizik".

Ikusleen, programatzaileen eta sortzaileen artean konplizitate hori eraikitzen 30 urte daramatza Fundicion aretoak. Eta asko dira konplizeen sarera atxiki zaizkien artistak, Taguaren arabera: Rodrigo Garcia, Damian Muñoz, German eta Jorge Jauregi, La Ribot artista, Asier Zabaleta... "Euskal Herrikoa nahiz kanpokoa, mundu guztia pasatu da hemendik". Kukairen aterpe ere izan da Fundicion aretoa, esaterako. "Ezagunak dira orain, baina hastapeneko lehen urrats horiek gurekin batera egin zituzten Kukai konpainiakoek. Gure aretoan egin dituzte entseguak, eta gu arduratu gara dantza ikuskizunen programazioan beren lana txertatzen".

Kukai bezala, asko izan dira 30 urteotan aretoari eskua emanda hazi eta ezagun egin diren artistak. Horregatik dio hazitegia dela aretoa. Eta hazitegi horretan kimu berriak etengabe sortzeko lanean jarraituko dutela. "Euskal Herrian sortzaile handiak ditugu, eta, laguntzen ez baditugu, nekez egingo dute aurrera".

Konpainiako kidearen arabera, funtsezkoa da, bertakoekin ez ezik, atzerriko sortzaileen eta bertakoen arteko harremanak ere lantzea. "Joan eta etorrikoak dira sortzaileekin lantzen ditugun harremanak". Euskal Herrira ekartzen dituzte nazioartekoak, eta bertakoei nazioarteko aretoen ateak irekitzen dizkiete. "Hemengo sortzaileak ezagutzera ematea berebizikoa da guretzat". Taguak argi du, egiten diren inbertsio ekonomikoak kontuan hartuta, oso errentagarria dela Euskal Herriko dantza eta antzerki garaikidea.

Garai zailetan ireki zituen ateak Fundicion aretoak, 1986an, eta 30 urte igaro ondoren, gaur egungoak ere zailak direla dio Taguak. Ekonomikoki arte eszenikoek ez dute erraza bizirik irautea. "Gutxiengo bat gara. Gureak ez dira kontsumo espektakuluak, eta ez dira horren ikusgarriak. Baina bizirik irauteko beharrezkoa dugu. Erakundeek ulertu beharko lukete kultur eskaintza handiek eta txikiek osatzen dugula Bilbo, eta horrelako proiektuak beren politiketan sartu beharko lituzkete. Baina horretarako apustua egin behar da, eta ausarta izan behar da". Zailtasunak zailtasun, baikor ageri da Tagua, eta duela 30 urteko ilusio berarekin jarraituko dute lanean aurrerantzean ere.

Zesta biziberritzeko kluba

Zesta biziberritzeko kluba

Kezkatik itxaropenera egin dute zesta-puntako jarraitzaileek. Iragan den larunbatean, Xistera kluba aurkeztu zuten Markina-Xemeinen, eta jendez betetako frontoian giro hori sumatu zitekeen. Euskal Herri osoan zesta-puntan aritzen diren 21 klub eta kirol elkarteak bilduko dituen kluba da Xistera, eta haren helburu nagusia kirola biziberritzea da. "Duela bi urte, Gernika-Lumon foro bat egin genuen zestaren mundua nola zegoen aztertzeko, eta ikusi genuen ez zegoela aurrerabiderik", dio Ibon Urreisti Xisterako presidenteak. Etorkizun eskasa ikusten zioten pilota modalitateari, eta, horregatik, zerbait egin beharraren beharraz sortu dute Xistera. Klubak batuko dituen klub bat izango da, eta, helburu hori lortu ahal izateko, afizionatu mailako zirkuitu bat sortuko dute urtea amaitzerako.

Hain zuzen ere, hori baita zesta-puntaren egoera eskasaren arrazoietako bat: ez dagoela zirkuiturik. Patxi Jauregi Euskal pilota federazioko presidenteak egoeraren larria azaldu du: "Profesional mundua hari batetik zintzilik dago, eta pilota eskoletan etorkizuneko plataformarik ere ez dago". Alegia, gazteak zesta-puntara lotuko dituen oinarriak beharrezko direla ondorioztatu zuten Gernika-Lumoko foroan. "Gipuzkoako edo Bizkaiko txapelketak badaude, eta kluben artean antolatzen dituzten partidak ere bai, baina urte osoa irauten duen zirkuiturik ez, eta horrek gazteak aspertzeko arriskua dakar", Urreistiren arabera. Eta hala gertatzen da. Haren arabera, 12 eta 15 urte arteko gazte askok zesta-punta beste kirol batengatik alboratzen baitute etorkizunik ikusten ez dutenean. Eta horregatik sortu dute kluben arteko klub hau, egoera hori bideratu, eta zestan aritzen diren gazteei etorkizun bat eskaini ahal izateko.

Xistera behin aurkeztuta, urte osoa iraungo duen zirkuitu bat diseinatzen hasiko dira otsailean kluba osatzen duten klubetako kideak. Jauregik honela azaldu du: "Oraindik zehaztu gabe dagoen arren, urtean dozena bat torneo egitea pentsatuta daukagu, hilabetean bat. Pilotari denek elkarrekin jokatuko lukete, eta sailkapen moduko bat egingo litzateke. Urte amaieran, aurrelari eta atzelari onenen artean, master bat jokatuko litzateke". Zirkuitu horretako partidak, gainera, ETB1 katean ere emango dituzte, "jokoari ikusgarritasuna emateko".

Buruan duten zirkuitu horrek onura ugari ekarriko lituzke berekin, jokalariek elkar ezagutzeko aukera izango luketelako. Euskal Herri guztian egin asmo dituzte jaialdiak, "elkarrekin hartu-emanak sakontzeko". Hala ere, pixkanaka hasiko dira jaialdi horiek antolatzen, Urreistiren arabera. "Poliki eta ondo egin beharra daukagu lan, oinarriak ondo sendotuta". Horregatik, lehen urtean sei torneo inguru egingo dituzte, urtetik urtera gehiago antolatuz. "Etorkizunean, gauzak ondo joanez gero, ederra litzateke koadro profesional indartsu bat izateko aukera izatea, baina, gaur-gaurkoz, afizionatuetara mugatuko gara. Kirola egiteko gogoa sustatu nahi dugu batez ere", dio Jauregik.

Kluben arteko elkartasuna

Jokalariek elkar ezagutzeko baliabide bat izango da Xistera, baina baita klub txikiak babesteko ere. "Hemen, gutxien duena izango da indartsuena", Urreistiren arabera. Izan ere, herri txikietako klub txikiak zirkuituaren barruan sartuz gero irabazteko asko izan dezaketela uste du. "Ereñon talde bat izatea bultzatzen badugu, gure laguntzarekin indartsuagoak izango dira, eta, era berean, gure zirkuiturako frontoi bat gehiago ere izango dugu", dio. Horregatik, Xisterarekin talde txikiek bultzada handiagoa izango dutela uste du.

Hain zuzen, talde txikiak sortzen ere laguntzen ari dira klubetik. Duela hilabete gutxi, Ereñon zesta-punta talde bat sortzen lagundu zuten, eta, otsail amaiera inguruan, Lekeitioko taldea ere aurkeztuko dute. "Espero dugu, Xisterari esker, 8-10 talde berri sortuko direla, jende asko dagoelako bere garaian puntista izan zena, eta gauzak egiteko prest legokeena", Jauregiren ustez. Horrela izanez gero, frontoi luzea duten herrietan zesta-punta taldeak sortzeko aukera ikusten du.

Gaur-gaurkoz, 21 zesta-punta klub biltzen ditu Xisterak. Horietatik sei Bizkaikoak, beste hainbeste Gipuzkoakoak, bost Iparraldekoak, hiru nafarrak, eta bakarra Arabakoa. "Etorkizunean gehiago izatea espero dugu, eta apurka sustraitzen joatea", Jauregiren arabera. Oraingoz, ilusioa da elkartean eta zaleengan zabaldu den sentimendua. Hortik harago egingo ote duten jakiteko, denbora igaro beharko da. "Zesta-punta biziberrituko duen egitasmoaren abiapuntua izan dadila nahi dugu Xistera. Ez besterik". Urteek esango dute arrazoia izan duten ala ez.

2017. urte hasieran estreinatuko dute Getxoko itsas estazio berria

2017. urte hasieran estreinatuko dute Getxoko itsas estazio berria

Hasi da atzerako kontua. Getxoko transatlantikoen itsas terminal berria 2017. urte hasieran estreinatuko dute. Hala, ate berri bat irekiko zaie Bizkaira itsasoz etorriko diren etorkizuneko bidaiari eta turistei. Proiektua aurrera eramateko, itsas estazioaren obren kontratuak adjudikatu ditu Bilboko Portu Agintaritzak, 6,7 milioi euroko aurrekontuarekin.

Terminal berria hamabost metro garai izango da, eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango ditu. Bilboko Portu Agintaritzak nabarmendu du eraikina "modernoa, dinamikoa eta argitsua" izango dela. Beiraz hornitutako kontainer handi baten itxura izango du, zinkezko estalki arin batez estalia. Dinamismo hori lortze aldera, itxiera okerra izango du estalkiak. Era berean, estazioan eraikiko dituzten sei argi zuloei esker, argitasunik ez da faltako. 4,6 milioi euroko kostua izango du —BEZik gabe—, eta Excavaciones Viuda de Sainz SA enpresa arduratuko da lanez. Obrak 11 hilabete igarotzerako amaitzea aurreikusi dute.

Bidaiarien ontziratze eta lehorreratze beharrei erantzuteko, eraikinaren diseinuan bereizi egin dira bidaiarien eta bagajeen fluxua. Gainera, bidaiarien joan-etorria errazteko, aparteko eskailerak egongo dira sartzen eta ateratzen ari diren erabiltzaileentzat. Orotara, bi solairu eta solairu bitarte bat izango ditu eraikinak. Ataria beheko solairuan egongo da, turismo informazioko erakusmahaiarekin batera. Bertan egingo diete harrera bidaiariei, eta bertan erregistratu beharko dituzte bagajeak. Lehen solairuan, itxarongelaz gain, ontziratuko diren bidaiarien kontrol eremua eta lehorreratzeko gunea egongo dira. Solairuartean, berriz, OPI aretoa eta bulegoak eraikiko dituzte.

Pasabide mugikorra

Getxoko itsas estazio berria Europako terminalen abangoardian egongo dela adierazi du Portu Agintaritzak: "Bisitariek izango duten lehen pertzepzioa eraikin moderno, dinamiko, bero eta atsegin batena izango da, hartzen dituen gizartearena bezalakoa".

Terminal berria diseinatzeko garaian kontuan hartu dituzte ontzi enpresek emandako datuak. Alde batetik, itsasontzien nazioarteko segurtasun arauak aintzat hartzeko eta nazioarteko puntako terminalen erreferentziak izateko. Portu Agintaritzak jakinarazi duenez, materialak aukeratzean "funtzionaltasuna, iraunkortasuna, mantentze erraztasuna eta segurtasuna" lehenetsi dituzte.

Itsas estazioaz gain, terminala osatuko duen beste pieza garrantzitsu bat eraikiko dute: plataforma mugikor bat, finger edo gang-way estilokoa, aireportuetan erabiltzen direnak bezalakoa. Plataforma horri esker, bidaiariak zuzenean sartuko dira terminalera edo itsasontzira, kaia zapaldu beharrik gabe. Pasabide mugikorrak erosotasuna eta segurtasuna eskainiko die bidaiariei. Obraren kontratua Prosertek enpresari adjudikatu dio Portu Agintaritzak, 966.000 euroko aurrekontuarekin —BEZik gabe—, eta lanak amaitzeko hamar hileko epearekin.

Datuei erreparatuz gero, Bilboko Portuaren izena gero eta gehiago ari da hedatzen Europan barrena. Iaz, inoiz baino ontzi handiagoak porturatu ziren. Gainera, munduan barrena nabigatzen duten transatlantiko handienen artean daude haietako asko. Esaterako, nabarmentzekoa da Anthem of the Seas, munduko handienen artean bigarrena. 348 metro luze da, eta 4.200 pertsonak bidaiatu dezakete. Anthem of the Seas ontziak Bilbora egin zuen inaugurazio bidaia. Beste zenbait transatlantiko aipagarri ere ailegatu dira Getxora. Tartean, Britannia, 330 metro luze eta 4.000 bidaiarirentzako lekuarekin, eta Celebrity Eclipse, 317 metro luze eta 2.645 lagunek bidaiatzeko aukerarekin.

Mendean hartzeko garbiketak

Mendean hartzeko garbiketak

Efemerideak gogora ekartzeko garaiak izan ohi dira urte berriak; urtemugak oroitzekoak eta urteak ekarriko duenari begira jartzekoak. Baina, oraindik ere, badira oroimena falta duten gertakariak. Aurten 80 urte beteko dira armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela.

2018an izango da martxan Bilboko lurpeko geltoki intermodala

Bilboko Termibus autobus geltokia lurpeko geltoki intermodal bihurtzeko proiektua martxan da. Udalaren Gobernu Batzordeak erabaki du nori eman lanak, eta proiektuaren ildo nagusiak jakinarazi ditu. Geltoki berria 2018ko lehen seihilekoan martxan egongo dela ziurtatu du, eta, behin betiko proiektua idatzi gabe dagoen arren, lurpeko geltokiaren gainean plaza bat egingo dutela iragarri du. Hotel bat, merkataritza gunea eta kirolgune pribatua egitea ere aurreikusten du udalak onartu duen proiektuak, besteak beste.

Construcciones Amenabar eta Excavaciones Viuda de Sainz izeneko Aldi Baterako Enpresa Taldeari eman dio adjudikazioa udalak. Juan Maria Aburto alkateak jakinarazi duenez, horiek aurkeztutakoa da udalari gehien gustatu zaion proiektua, eta lehentasuntzat jarrita zituen irizpideak hobekien bete dituena.

Lurren truke

Udalak ez duela intermodala egiteko dirurik jarri beharko nabarmendu du alkateak. Geltokiaren kudeaketaren eta 5.000 metro koadroko lurren truke egingo dituzte lanak enpresek. Horrela aseko ditu enpresa pribatuen nahiak udalak, eta, trukean, udalak ez du dirutan ordainduko geltoki berria. 22 milioi euro inguruko kostua izango duten lanak udal zorrik gabe egingo dira.

Adjudikazioa onartuta, enpresa taldeak udazkena arteko epea izango du proiektua zehaztu eta plan ekonomikoa egiteko. Aldi berean, kontzesiodun elkartea sortuko da: geltokia egin eta kudeatuko duen taldea. Antolamenduko Plan Berezia onartuko dute ondoren, eta geltokiaren proiektua idatzi eta egingo da. Kontzesiodun elkarteak 40 urtez izango du geltokia eta aparkalekua kudeatzeko ahalmena. Izan ere, autobus geltokiarekin batera, parkinga ere egingo dute lurpean.

Geltokiaren gainean geratuko den eremuan, plaza publiko bat eta gehienez 14 solairu izango dituen eraikin pribatu bat egingo dituzte. Hainbat jarduera pribatu bilduko ditu eraikinak: zehaztu gabe daude oraindik guztiak, baina, besteak beste, merkatal gunea izango duela jakinarazi dute. Eraikinak, plazara ez ezik, sarbide zuzena izango du lur azpiko geltokira ere.

Alkatearen arabera, lur azpiko lanak urte erdi aldera hasteko modua izango da. Horretarako, ordea, behin-behineko geltoki eremu bat prestatu beharko da. Izan ere, egun Termibusek hartzen dituen lurretan egingo da proiektu berria. Hortaz, lanek irauten duten bitarterako, beste eremu batera eraman beharko da autobusen geltokia.

Geltoki aldaketa, laster

2016ko bigarren seihilekorako behin-behineko geltokia prest egongo da, udalak zabaldutako informazioaren arabera. Egungoaren ondoan egongo da aldi baterako geltokia ere; Bilbao Ria 2000 sozietateak Garellanon bertan duen lur zati batean. Elkarteak datorren urteko azarora bitartean utziko du lurra, eta ordurako amaituta beharko dute lur azpiko geltokia egiteko lanek. Hori guztia oinarri hartuta, intermodal berria 2018 hasieran martxan egotea aurreikusten du udalak.

Orduan inguruak asko irabaziko duela ziurtatu du alkateak. Alde batetik, gaur egun autobusen joan-etorriek Luis Briñas kalean sortzen dituzten eragozpenak betiko amaituko direla adierazi du. Bestetik, autobusek lur azpiko geltokian sarrera eta irteera ez dituztenez alde berean izango, pilaketa eta arazoak arinduko direla azaldu du.

Plaza berriak auzokideei bizi kalitatea hobetuko diela ere nabarmendu du udalak, eta, urte gutxitan, eremua erabat aldatuta geratuko dela. Hain zuzen, 7.000 metro koadroko plazari Sabino Arana etorbidean izandako aldaketaren onurak gehitu behar zaizkiola adierazi du, autobidea kendu izanari esker 62.000 metro koadroko eremu irekia irabazi dela nabarmenduta.

Urte beltza andreentzat

Urte beltza andreentzat

Emakumeentzako urte beltza izan da aurtengoa ere, zalantza izpirik gabe. Gizonen esku denetariko indarkeria jarduerak pairatu dituzte. Leire Rodriguez eta Almudena Matarranzen izenak entzun dira bereziki indarkeria matxistari lotuta. Aurten gizonek hi...

Mendialdea, plastikoak itota

Mendialdea, plastikoak itota

Milaka plastikoek janda agertu zen Bilboko Arraiz mendialdeko gune bat urtarrilaren erdialdean: zabor poltsek lurra zeharo estalita eta zuhaitzetako adarrak erabat itota. Artigas zabortegitik ihes egindakoak ziren plastikoak. Haize bolada handiak izan...