Alaitz Armendariz
Toki abandonatua da gaur egun Kukutza III gaztetxeak hartzen zuen lursaila; hamalau urtez mugimenduz betetako gunea izan zena. 1998an Cerezo lantegia izandako eraikina okupatu egin zuten, Errekalde auzoak zuen kultura azpiegituren faltari konponbide bat emateko asmoz. Kultura beharrak asetzeko asmoa zuten, eta baita lortu ere. Baina 2011n makinek desagerrarazi egin zuten.
Eraitsi zutenetik bost urte bete dira asteazkenean, eta Errekaldeberriz auzo elkarteak mozio bat aurkeztu du Bilboko Udalean. Irailaren 29ko udalbatzan eztabaidatuko da gaiaren inguruan; ostegunean. Bi gauza eskatuko ditu auzo elkarteak: Kukutza III.aren orubean eraikitzeko zegoen betebeharra ez dela bete gaitzetsiko duen adierazpena onartu dadila, eta orubea enkantean atera dadila, bertan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.
Errekaldeberriz elkarteko kideek komunikabideei igorritako ohar batean salatu dutenez, legearen arabera, orubean eraikitzen hasteko epea duela urtebete iraungi zen. Epe-muga bete zenetik urtebete igaro da. Baina orubeak hutsik eta utzita jarraitzen du, eta ez dirudi egoera epe laburrera aldatuko denik. Elkarteko kideek galdera bat mahaigaineratu dute: "Kukutza eraisteko arrazoia teknikoa izan bazen, eta ez politikoa, zergatik ez dituzte eraikitzaileak derrigortzen legea bete eta eraikitzera?". Haien ustez, horrek erakusten du erabakia "politikoa" izan zela, eta adierazi dute udalak orain ere "politika" egiteko aukera duela, auzoari "lapurtu" zitzaiona babes ofizialeko etxebizitza gisa itzulita.
Kukutza "presaz, modu basatian eta herritarren gainetik pasatuta" eraitsi zutela gaitzetsi dute. Azaldu dutenez, ez zen eraisketa agindua gelditu konponbide bat negoziatzeko, udalak "agintaldiaren hasieran" egin nahi baitzuen "bidegabekeria" hori, "ondorio politikorik ez izateko". Hain zuzen, Iñaki Azkunak udal hauteskundeak gehiengo absolutuz irabazi eta hurrengo egunean egin zuten eraisketa eskaera, 2011ko maiatzean. Horren bidez, Kukutza bezalako hiri ekimen "alternatibo" bat desagerrarazi nahi izatea leporatu diote udalari.
Eraikinaren jabe zen Cabisa enpresa Castroko (Espainia) "ustelkeria kasuetan" nahasirik zegoela adierazi dute oharrean. Gainera, azaldu dutenez, Cabisaren jabeek orubea epaitegietan erosi ondoren, lurzoru hori berriz kalifikatu zuten, bertan etxebizitzak eraiki ahal izateko. Horrela, "zoruaren balioa esponentzialki areagotzea" lortu zuten.
Eraisketa egiteko araudia ez zela bete ere salatu dute: "Solairuz solairu eraitsi behar zen arren, dena batera bota zuten, eta horrek ondoko etxebizitzetan arrakalak eragin zituen". Enpresari baimena emateko "presen" helburu bakarra "Kukutzaren alde hazten ari zen elkartasun olatu erraldoia gelditzea" zela irizten diote.
Errekaldeberriz elkarteak adierazi du "harrigarria" dela udalak "ustezko etxebizitza" batzuen salmentan "komertzial" lanak egitea. Gogorarazi dute 2014ko azaroan hirigintza zinegotziak eta Cabisak hitzarmen bat sinatu zutela; horren arabera, urbanizazio lanek zortzi hilabeteren epean hasi behar zuten. Udalak 2014ko otsailaren eta 2015eko urtarrilaren artean onartu zuen birpartzelazioa. Ondorioz, duela urtebete, 2015eko irailean, lanek hasita behar zuten, beranduenez.
Indarrezko ordezkapena
Epea ez betetzeak ondorioak izan beharko lituzke enpresarentzat, auzotarren iritziz. Hirigintza zinegotziak 2011n esan zuen etxebizitzak ez balira eraikitzen hasiko aurreikusitako epean, lursaila "enkantean" jarri beharko litzatekeela. Elkarteak argi du eraikitzeko betebeharra ez dela bete, eta, horregatik, hurrengoa eskatuko dute mozioan: udalak jabea indarrez ordezkatzea, lurzoruaren tasazioan %50eko beherapena egitea eta bertako etxebizitza guztiak babes ofizialekoak izatea.
Eraikinaren jabe zen Cabisa enpresaren arabera, bere egitasmoa gauzatzeko "ezinbestekoa" zen gaztetxea eraistea; bestela ezingo zituen etxebizitzak eraiki. Kukutza eraisteko asmoen aurka herri mugimendu zabala eratu zen, eta hainbat manifestazio egin zituzten desadostasuna adierazteko.
Kultur eragileek Bilboko Udala jo zuten Kukutza hustearen arduradun. Errekaldeberriz elkarteak hamar urtetan zehar Kukutzak auzoari egin zion zerbitzua gogora ekarri du: "Bilboko Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak batera antolatutako jarduera kopurua 300 aldiz gainditu zuen Kukutzak". Ertzaintzak eraikina husteko sekulako baliabide erakusketa egin zuen arren, sei ordu behar izan zituzten Kukutza barruan erresistentzian zeuden 50 lagunak ateratzeko. Ertzaintzaren jokabidea ere auzitan egon zen: protesten aurkako oldarraldietan ehun pertsonatik gora zauritu ziren, eta 103 lesio txosten aurkeztu. Herritarrek eginahalak eta bi egin arren, 2011ko irailaren 21ean ekin zioten makinek eraikina birrintzeari.
Epaiketa prozesu luzea
80 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten Kukutza eraistearen kontra antolatutako protesten ondorioz, eta bi kartzelatu egin zituzten. Horietatik 42 epaitu zituzten: Kukutzan itxialdia egin zutenetako 23ri "usurpazio delitua" egotzi zieten, eta protestetan parte hartu zuten 19ri "desordena publikoak" eragitea. Hasieran, desordena eragitea egotzita auzipetutakoentzat bederatzina hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskaltzak, eta sortutako kalteengatik, Bilboko Udalarentzat 84.000 euroko kalte-ordaina. Urteetan luzatu diren epaiketa prozesuen ondoren, ia guztiak absolbitu dituzte, nahiz 23 fiskaltzak jarritako helegiteen erantzunaren zain dauden oraindik.