Albisteak

Euskara ikasteko aukera emango die Bilboko merkatariei Biribilkok

Euskara ikasteko aukera emango die Bilboko merkatariei Biribilkok

Aitziber Laskibar Lizarribar

"Euskaraz kasu egin zaiona berriro bueltatzen da dendara". "Zuk euskaraz hitz egiten badiezu, zabaldu egiten dira, konfiantza handiagoa hartzen dute zurekin, eta hori nabaritu egiten da". "Euskaraz entzunez gero, uste dut etxean bezala sentitzen direla; eskertu egiten dute". "Euskara bereizgarria da, eta euskaraz kasu egiten duen jendeak plus bat du besteekin". Biribilko programan parte hartu duten dendarien hitzak dira. Eta guztiek egiten dute bat: euskararen ezagutzak eta erabilerak euren negozioei onurak besterik ez dizkie ekartzen. Negozio ikuspegitik ere, aberastasun iturri da euskara.

Argudio horrekin egin dute euskararen gurdira igotzeko deia Biribilko egitasmoaren sustatzaileek. Bilboko Udalak Bilbao Dendak elkartearen, HABEren eta Bilboko euskaltegi homologatuen laguntzarekin antolatutako ekimena da Biribilko; Bilboko merkataritzan hizkuntza normalizazioa sustatzeko proiektua. 2009. urtetik dago martxan, eta, besteak beste, euskara ikasteko ikastaro berezituak antolatzen ditu merkatarientzat. Orain arte, 1.100 ikastaro eman dizkie dendariei, euskara ikasi edo euren maila hobetzeko.

90 euroren truke

2016-2017ko ikasturtean parte hartu nahi dutenek orain dute izena emateko aukera, datorren asteko osteguna arte. Euskara komertzialari buruzko oinarrizko ikastaroak eta hobetzekoak eskaintzen dizkie euskara ez dakitenei edo oso gutxi dakitenei Biribilkok, 90 euroren truke. 90 ordukoa izango da ikastaro bakoitza. Eta, ikastaroetan parte hartzeko baldintza bakarra, Bilboko merkataritzako lokal batean lan egitea da. Ikastorduak ere langile horiengan pentsatuta prestatu dituzte: goizeko txandan 08:00etatik 09:30era izango dira klaseak, eta eguerdikoak, 14:15etik 15:45era. Biribilkoren web orrian —www.biribilko.com— eman daiteke izena osteguna arte, Heziketa atalean dagoen inprimakia beteta.

Bestelako baliabideak ere eskaintzen ditu hizkuntza normalizazioaren aldeko proiektuak web orri berean: Hizkuntza baliabideak atalean itzultzaile automatikoa doan erabiltzeko aukera dago, merkataritzako errotuluen zerrenda, hiztegia, euskarazko oinarrizko esamoldeak, eta merkataritzan ohikoak diren dokumentu zein lan-euskarriak.

Harri malgua, belar gogorra

Harri malgua, belar gogorra

Aitziber Laskibar Lizarribar

Harrizko xafla malgua; algekin egindako lanparen estalkia; goroldiozko soinu isolatzailea; argi izpiak igarotzen uzten duen egurrezko xafla; dolar faltsu edo baliogabeak birrindu eta prentsatuta sortutako harlauza; edo zikintzen ez den bat eta arrastoak bere kasa konpontzen dituena. Material Connexion proiektuak Bilbon jarri duen materiotekan ikus daitezkeen produktu berritzaileetako batzuk dira. Punta- puntakoak, harrigarriak, eta sarritan, logika guztien kontrakoak diruditenak.

Material asko dira arkitektura eta barneen diseinuari begirakoak Zabalguneko eraikinean dagoen materiotekan; etxeetan eta eraikinetan erabiltzekoak. Baina beste mota askotakoak ere badaude: nekazal hondakinekin eta onddoekin egindako paper moduko bilgarria ikus eta ukitu daiteke, esate baterako. Petrolioaren alternatiba gisa azukre kanabera lehengai duen polietilenoa ere bai. Eta ioi eta litiozko bateria malgu moldagarria, argindarra behar duten arropa adimentsuentzako aproposa. Bada jantzi bakeroentzako ehun berezi bat ere, gastatzen den heinean kolore ezberdinetako lerroak bistaratzen dituena.

Munduko material iraunkor eta aurreratuenak biltzen dituen Material Connexion proiektuak Bilbora ekarri duen erakusketan dauden 600 material berezien laginetako gutxi batzuek besterik ez dira horiek. Guztien bistara eta eskura daudenak, edonork ikusi eta ukitzeko moduan.

Baina proiektuaren helburua ez da bitxikeriak erakutsi eta jakingura asetze soila. Berrikuntza eta teknologia sustatzeak eta alor horretan lanean dabiltzanentzat lagungarri izateak ematen dio zentzua. Ideiak ematea du xede. Munduan egiten diren materialen onurak ezagutaraztea, proiektu berrientzat inspirazio iturri izatea, eta bertako enpresa handi zein txikiek egiten dituzten material berritzaileen zabalkunderako plataforma izatea.

Hain zuzen, mundu mailako proiektua da Material Connexion, eta beste sei hiritan ditu materiotekak: New Yorken, Milanen, Tokion, Bangkoken, Daegun (Hego Korea) eta Skövden (Suedia). Bilbokoa da berriena, eta handiena. Online ere ematen da material berritzaile horien berri; saretuta dauden mundu mailako sortzaile, enpresa eta bezeroak batzen dituen plataformak 7.000 materialen erreferentziak ditu. Sustatzaileen esanetan, Bilbon jarri den egoitzari esker, Euskal Herrian berrikuntza eta teknologia alorrean ari diren ekoizleei nazioarteko merkatuan kokatzeko aukera emango zaie.

Italiako Material Connexionen luzapen gisara sortu da Bilbokoa. Hango presidente Rodrigo Rodriguezek azaldu du kokalekutzat Bizkaia aukeratu izanaren arrazoia: "Euskal Herria berrikuntzari oso zabalik dago, hiru parke teknologiko handi eta Mondragon taldea edo Tecnalia bezalako enpresa handiak ditu. Gainera, ikerkuntza eta garapenera bideratzen den dirua beste lekuetakoa baino askoz handiagoa da".

Ezagutza partekatzeko

Hartara, euskal enpresak sormenerako duten ahalmenean eta gaitasun zientifiko zein teknologikoan sakontzeko deia egin du. Ideiak sortu, gauzatu eta merkaturatzekoa. Horretan lagundu nahi du, hain zuzen, Material Connexionen Bilboko egoitzak, eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du proiektu bakoitzarentzat egokienak diren materialak identifikatzeko.

Sortzen den jakintza berritzailea partekatu ere egin nahi du; "ezagutza transferitu". Horregatik ari da elkarlanean EHUko Material Aurreratuen Ingeniaritzako unibertsitate masterrarekin, Deustuko Unibertsitateko Industria Diseinuko Ingeniaritza graduarekin eta Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroarekin.

“Ia mila kilometrora eta hamabi ordura dago Ibon, giltzaz itxita”

“Ia mila kilometrora eta hamabi ordura dago Ibon, giltzaz itxita”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Emakume indartsua da Lourdes Arronategi (Busturia, 1938). Asko bizitakoa, eta bizimodu gogorrak zaildutakoa. Espetxea betidanik egon da presente haren bizitzan, eta ohitua dago etxekoak kartzelaren hoztasunean ikusten. Denbora luzean ez ikusten ere bai. Halakoak ohiko bihurtuta, egoera krudelei garrantzia kentzeko jarrera du; irribarrea ateratzen du egoerarik latzenei buruz hitz egiteko ere. Edo isiltzeko, kontatu baino gehiago isiltzen baitu. Garraztasunari baino gehiago, anekdotei heltzen die. Preso dituen bi semeak bizitzen ari direna izendatzeko arazorik ez du, halere: "Oso gogorra da". Bost semeetatik Ibon eta Eneko ditu kartzelan. Frantzian bat, Espainian bestea. Biak, muturreko egoeran. Eta, azaleratzen ez duen arren, nabari zaio kezka.

Frantziako Valence kartzelan dute preso Ibon Goieaskoetxea Arronategi, ekainetik. Etxetik ia mila kilometrora. Familiara gerturatzeko lekualdatuko zutela esanaz argudiatu zioten espetxe aldaketa: "Bai, noski, familiara gerturatzeko...", errepikatu du amak, ironiaz. "Hori esan zuten; hurbiltzeko zela". Urruñan (Lapurdi) bizi dira Ibon eta Enekoren gurasoak: Lourdes Arronategi bera eta Gotzon Goieaskoetxea. Noizean behin joaten dira Busturiko etxera, baina gutxi, gero eta gutxiago. Semeak ikusteko hainbeste denbora errepidean egin behar izatearen ondorioz eta denboraren joanaren eraginez, gero eta nekezagoa egiten zaie Lapurditik Bizkairako bidaia. Gainera, hankak moztuta, aulki gurpildunean dago aita. Are gehiago zailtzen ditu horrek bidaien periploak.

Hiru eguneko bidaia

"Urruñatik 900 kilometrora dago Ibon; hamar ordura autoz. Hemendik [Busturia] ia mila kilometrora eta 11 ordu eta erdi edo hamabi ordura. Eta han, Ibon, une oro giltzaz itxita dago".

"Luze egin zait bidaia. Oso luze". Behin, behin besterik ez duelako egin Valencera. Duela pare bat hilabete inguru joan zen, semea komunikazio greban hasi aurretik. "Hiru egun behar dituzu bisita bat egiteko. Ostiral goizean goiz atera, gauean hara heldu, lo egin, larunbatean bisita goizean eta arratsaldean egin, berriro autoa hartu, eta Montpellierrerainoko bidaia egin; han lotan geratu, eta igande gauean heltzen gara etxera. Luzea da; oso luzea. Eta, noski, bidaia dirutza da. Gainera, bidean lo egin behar duzunez... ba, pentsa". Ezinbestean autoz egin behar dute joan-etorria, garraio publikoan egiteko modurik ez baitago. "Problemak daude".

Ekain arte, Fleury-Merogisko kartzelan zuten semea. Paris ondoan. Urruti, baina garraio publikoan joateko moduan. Hainbat garraiobide tartekatu eta denbora eta dirua inbertitu behar bazituen ere, aukera bazuen semea ikustera errazago joateko. "Parisen zegoenean, bakarrik joaten nintzen; garai batean bi astero edo... Eneko Ingalaterran egon zenean ere bakarrik joaten nintzen [han izan zuen preso Eneko semea, estraditatu zuten arte]. Baina orain, Valenceraino heltzeko... Zaila da. Eta, autoz joanda ere, bi gidari gutxienez behar dira".

"Esperimentuen kartzela"

Hala ere, amarentzat gogorrena ez da bidaia egin behar izatea, semeak han duen egoera baizik. "Urrun dagoela problema da, bai, baina benetan problema dena da espetxe berria dela, esperimentala, oso gogorra, eta estreinatu dutela bi euskaldun eramateko". Bi bizkaitar dituzte han, hain zuzen: Busturiko Ibon Beaskoetxea eta Gorlizko Alex Zobaran.

Hain zuzen ere, Zobaranen ziega erre dutela jakinarazi zuen atzo AEM amnistiaren aldeko eta errepresioaren kontrako mugimenduak. Igandean, izan ere, hainbat preso matxinatu ziren Valenceko kartzelan, eta espetxezanei giltzak kendu ostean bi solairu kontrolatu eta hainbat ziega erre zituzten; tartean, Zobaranena. Euskal presoa ez zen ziega barruan, baina haren ondasun guztiak erre zituzten, AEMren arabera.

Urtarrilean zabaldu zuten Valenceko kartzela. Esperimental gisa izendatua dute. Presoekin "esperimentuak" egitekoa da. "Beldurra ematen du pentsatzeak bakarrik". Arronategik ez du asmatzen esperimental izaera horren nolakotasuna hitzez azaltzen. "Berria da, zabaldu berria. Dena dago erabat informatizatua; izugarria da zelan dagoen dena; kamerak daude alde guztietan, oso kontrol zorrotza dute... eta oso gogorra da". Fikzioko filmetako irudiekin alderatu daiteke Arronategik hitzez baino keinuz eta xehetasunak aipatuta plazaratzen duen deskribapena. Pertsonen irauteko gaitasuna probatzen duten esperimentuetan oinarritutako filmetako irudien antzekoak iradokitzen ditu. "Presoen bizitzarekin esperimentatzeko kartzela berria da Valence, eta hara eraman dituzte Ibon eta Aletxu. Hori da min handiena egiten duena".

Horrek protestara eraman ditu Goieaskoetxea eta Zobaran. Egoera aldarazi nahian, "presionatzeko". Eta bi presoek argi dute zein den aldaketarako modu bakarra, Arronategiren hitzetan: handik atera eta zigorrak betetzeko kartzela arrunt batera eramatea, euskal preso gehiago dauden espetxeren batera. Horrekin batera, Euskal Herrira gerturatu ditzatela aldarrikatzen dute: urruntzean, sakabanatzean eta "pertsonaren suntsipenean" oinarrituta hartutako neurria bertan behera uztea.

Presoentzat bereziki gogorrak diren neurriak hartu dituzte bi bizkaitarrek hartarako. "Mitard-en sartu dira euren borondatez", kontatu du Goieaskoetxearen amak. Zigor ziegara joan dira. "Komunikazio greba" ere hasi dute. "Bisitak eten dituzte". Abuztuaren 8tik daude hala.

Ordutik, Frantziako espetxe esperimental horretan dauden bi euskal presoak zigor ziega banatan dituzte. Bakartuta, eta giltzaz itxita. Eguneko 23 ordu ziegan egiten dituzte. Ezer edukitzeko aukerarik ez duten ziega txikietan. Ez dute inor ikusten, eta egunean ordubete ateratzen dira patio txiki batera.

Arronategik azaldu du semeak ez duela aukerarik ziegan ezer izateko. "Ezin du libururik izan, adibidez, eta arroparik ere ez. Abuztuaren 8an jantzia zuen arropa berarekin jarraitzen du". Ez du besterik. "Ez dakit gauean garbituko duen edo", dio. "Tira, oraindik ez du hotzik egiten eta...". Mila kilometroko bidaia egin, eta arropa sartzen saiatzekotan da familia.

Hala ere, baikortasuna lehenesten du amak. "Artista da!". Eskulanetan oso trebea dela nabarmendu du, eta ezerezetik artea egiten dakiela. "Margorik ez du, baina kafearen hautsarekin oso marrazki ederra egin duela esan dit errainak". Kafea eta hortzetako eskuilarekin egindako irudia bidali berri dio postaz.

Eta semea "gogorra" dela errepikatzen du. "Ondo, gogor" egongo dela pentsatzen duela. Baina, jakin, ezin jakin. Izan ere, zigor ziegan egonik, apenas du telefono deirik. Ez du bisitarik, eta dei bakarra egin dezake astean. Alaba azken hamar egunotan ospitaleratua duela ere egunetara jakin du. "Astebetera edo hitz egin ahal izan du alabarekin eta lasaiago geratu da".

Hori guzti hori salatzeko, hainbat protesta egiten ari dira azkenaldian Goieaskoetxearen eta Zobaranen herrietan; espetxeetako arduradunei bidaltzeko sinadura bilketak ere bai. Arronategik dio herritarrak mugitzea beharrezkoa dela, eta esker ona adierazi nahi die mobilizazioetan parte hartzen ari direnei. Baina egoera berehala aldatuko den esperantzarik ez du. "Luze joko du honek, oso luze".

Urtebete "bakar-bakarrik"

Eneko semea bizitzen ari den egoera ere luze doa. Madrilgo Alcala-Meco espetxean dute, eta urtebete baino gehiago darama bakartuta. Anaiak bezala, ziega batean itxita ematen du ia-ia egun osoa: 22 ordu. Goizean ordubete atera daiteke patiora, eta, arratsaldean, beste ordubete. Egun osoan ez du inor ikusten. Urtebete baino gehiago darama horrela. "Urte bat denbora asko da. Asko bakar-bakarrik egoteko", dio amak. "Egunero, egun bat bestearen atzetik...".

Enekok badu liburuak izateko aukera, eta horretan ematen du denbora. Eta xakean. "Beste preso batek han utzi zuen xake taula bat du, eta bere buruaren kontra jokatzen du xakean. Besterik, ezer ere ez. Hantxe, egonean", kontatzen du semearen egunerokoa.

"Baina, tira", dio berriz. "Telefonoz deitzen duenean nik esaten diot: 'Zer moduz, Enekotxu laztana?'. Eta berak: 'Hemen... bakar-bakarrik...'. Nik esaten diot: 'Begira Arantza Zulueta. Begira zenbat denboran dagoen horrela, bakar-bakarrik. Beraz, ez kexatu'". "Zer esango diozu, ba...", argudiatu du elkarrizketa. Hain zuzen, horixe da amak semeari indarrak bidaltzeko duen modua: larritasunari garrantzia kentzea. Baina aitortu du Enekoren egoerak "kezka" ematen diola. "Goxoa da bera oso, sentimentala, eta bakarrik, bakartzean hainbeste denbora egoteak... kezka ematen dit, bai".

Hala ere, kezkei neurria hartua diola dirudien emakume gogorra da Arronategi. Naturaltasunez dio oso gertuko senide asko espetxean dituela. "Beti" izan dela horrela. "Jaio naizenetik", dio. "Oso familia abertzalea izan dut. Etxean beti ikusi izan dudana da".

Aita, gerra garaian preso

Arronategiren gurasoei erreparatu besterik ez dago. 1936ko gerra erdian sortu zen Ertzañaren lehen kideetakoa izan zuen aita. "Gernikan egiten zuen lan, Banco Vizcayan. Muruetan, baserrian bizi zenez, lanera joateko zerbait behar zuen. Motor bat erosi zuen. Orduan apenas zegoen motorrik, eta dotore joaten zen bera. Gerraren kontura nazionalak motorrak kentzen ari zirela esan zioten, eta orduan aitak esan zuen: 'Niri ez didate ba kenduko!'. Motorra hartu, eta euskal gobernuari entregatu zion". Jaurlaritzak gerrari aurre egiteko ertzain sartzeko eskatu, eta bere motorrarekin aritu zen orduz geroztik. Ama, osaba eta familia Gueñesko etxe batera joan ziren, ihesi. "Aita noizean behin Gueñesera joaten zen ama bisitatzera, eta ama haurdun geratu zen".

Busturiko etxean jaio zen Arronategi, familia hara itzuli baitzen. Alaba bakarra izan zen. Gurasoek ezin izan zuten seme-alaba gehiagorik izan. "Nazionalak sartu zirenean, haurrak Frantziara barkuan eramatera joan zen aita. Han harrapatu zuten alemanek, eta kontzentrazio zelai batera eraman zuten. Sendategi bat zuen esparru horrek, eta han egon ziren preso guztiak tuberkulosiarekin hil ziren".

Arronategiren aitak, ordea, ihes egin zuen. Landetara joan, eta hango etxe aberats batean aritu zen lanean administratzaile. "Ihes egin zuenean, aterpe emango zion etxeko alabari esan zion Bordeletik gorako leku batera joateko, bizikleta birekin eta kapa birekin". Bizikletaz iritsi ziren biak babesleku izango zuen etxeraino. "Baina aita gaixorik zegoen tuberkulosiarekin, eta han hil zen, Landetan". Lurperatu ere, aitak aterpe izan zuen etxekoen panteoi handian lurperatu zuten. "Ama hil zenean, pentsatu genuen aitaren hezurrak ere hona ekartzea, baina panteoi handi hartan gorpuak ez zituzten izenez banatuta lurperatu, eta ez genekien zeintzuk izango ziren aitarenak". Gorpuzkiak ere etxetik urruti geratu dira, beraz, betiko.

Familiaren istorio asko ditu kontatzeko Arronategik. Harro plazaratzen ditu, bizipenen gogortasunak bizi ikuspegia baldintzatu diola jakinda. Baina horrek ez du esan nahi sufritzen ez duenik edo amesgaiztorik izan ez duenik: "Duela zazpi urte Ibon atxilotu zutenetik, etxeko tinbrea entzuten dut gauero. Bazetorrela pentsatuz edo entzuten nuen atea, eta oraindik entzuten dut. Tinbre hotsarekin itzartzen naiz goizaldeko laurak aldera". Garrantzia kentzen dio, ordea, bai lehen bai orain bizitako laztasunari: "Gogorra da orain bizitzen ari garena, baina are gogorragoa izaten da antzekorik inoiz bizi izan ez dutenentzat. Guk badakigu zer den hau...".

Iritsi zaio agur esateko eguna

Iritsi zaio agur esateko eguna

Natalia Salazar Orbe
Bihar jokatuko du azken partida. Pablo Berasaluzeri iritsi zaio pilotari agur esateko eguna. Profesionaletan, bederen. Emozioz beteriko partida izango da. Ondoan, bere lagun min eta jarraitzaile sutsu Mikel Urrutikoetxea izango du....

Zein urrun dagoen ‘Gernika’

Zein urrun dagoen ‘Gernika’

Aintzina Monasterio Maguregi

Gernika Gernikara. Hori da azken urteetan Gernika Batzordeak herritarren izenean mantendu duen aldarrikapena. Pablo Picassok 1937an egin zuen Gernika artelana, Espainiako gobernu errepublikanoaren aginduz. Bere kolore zuri, gris eta beltzek 1936ko gerraren pasarte ilun bezain ezagunenetarikoa biltzen dute.

1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika, eta bertan bizitakoa islatzen du koadroak: gerraren krudelkeria eta berau jasan zutenen samina. Hori horrela, gernikarrek herrian nahi zuten koadroa, bere lekua herrian dagoela iritzita.

Hala ere, New Yorkeko MOMA Arte Modernoko Museotik Madrilera eraman zuten, Gernikara ekarri beharrean. 1981eko irailaren 10ean lekualdatu zuten Madrilgo Cason del Buen Retirora, eta orduz geroztik 35 urte joan dira. Orain Reina Sofia museoan du lekua Picassoren koadroak, baina Gernikak ez du amore eman.

Gaur egun, oraindik, herri baten aldarrikapenari eusten diote. XXI. mendean, sinadura bilketak egin dituzte. Duela hiru urte, www.change.org plataformaren bidez sinadurak batzeari ekin zion Gernika-Lumoko Udalak, eskaera Espainiako Kultura Ministeriora helarazteko. 23.631 pertsonak sinatu zuten agiria.

Aurretik ere, 2011ko otsailean, www. guernicagernikara.net webgunea prestatu zuen udalak, atxikimenduak jasotzeko. 16.000 pertsonak baino gehiagok bat egin zuten egitasmoarekin.

Hilabete lehenago udalbatzak koadroa Gernika-Lumora behin betiko ekartzeko beharrezkoak diren tramiteak bete ditzatela eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

Baina, oraingoz, protesta eta tramiteek ez dute fruiturik eman, eta auzia geldirik dago.

Isilpekoa azaleratzen

Gernika margolana Gernikara ekartzeko eskaria Gernika Batzordearen ekinbidez sortu zen 70eko hamarkadan. Batzorde horren sortzailea Juantxu Izagirre da, eta, haren esanetan, batzordearen sorrerak lau aldarrikapen ekarri zituen berarekin: Gernika Gernikara ekartzea, Gernika bakearen eta kulturaren hiri izendatzea, sarraskia agindu eta gauzatu zutenen erantzukizuna aitortzea, eta gertatutakoa ikertzea.

Izagirrek dio Gernikan inork ez zuela aitortu nahi bonbardaketan gertatutakoa, jendeak beldurra zuela, eta horregatik sortu zutela batzordea: "Uste genuen sasoia zela gertatutakoa normaltasunez kontatzeko".

Gernikan gertatutakoa Euskal Herritik kanpo ere ezagutzera eman nahi zuten, eta agerraldia egin zuten komunikabideen aurrean."Bonbardaketaren lekukoek haiek bizitakoa kontatu zuten, hemen gertatutakoa mundu zabalean jakin zezaten".

Agerraldi hura giltzarria izan zela dio. Koadroa Gernikara ekartzea garrantzitsua bazen ere, 1937ko apirilaren 26an gertatutakoaren egia jakinaraztea ere berebizikoa zen Gernika Batzordeko kideentzat.

Batzordearen lau helburuetara ahalik eta herritar gehien batzeko asmoz, herriko alderdi politikoengana jo zuten, baina ez zuten akordiorik lortu.

Gaur egun moduan, orduan ere borondate falta zegoela aipatu du Izagirrek. "Hala ere, ezagunak egin ginen, eta Madrilen asko entzuten ziren gure ekintzak", dio. 1979ko maiatzean, Picassoren artelanak Gernikan egon behar zuela zioen mozioa onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek.

Eskaera gauzatzeko, baina, tamaina horretako koadroa gordetzeko leku aproposa behar zela bazekiten Gernika Batzordeko kideek, eta museo bat eraikitzeko lehiaketa antolatu zuten 80ko hamarkadaren hasieran. "Ikerketa moduan egin genuen. Luis Peña Gantxegi arkitekto ezaguna ekarri genuen laguntzeko; baita ekonomia arloko unibertsitateko zenbait irakasle ere".

Haien aldarrikapenak babes handia izan zuen. Tartean, espero ez zutenena. Izan ere, UCD agintean zela, Mario Armero abokatu eta Trilateraleko kideagaz batzartu ziren Madrilen. Hark kontatu zien Santiago Carrillok eta Felipe Gonzalezek ondo ikusten zutela koadroa Gernikara eramatea.

Bestalde, margolari ospetsuaren alaba Paloma Picassok ere horren aldekoa zela adierazi zien telegrama bidez.

Ikerketa eta kultur arloari dagokienez, Alemaniaren enbaxadorearekin eta Pio Cabanillasekin ere batu zirela azaldu du Izagirrek. Itsasgarriak saldu, sinadurak batu... askotariko ekintzak egin zituzten. Eta herritarren ahotsaren bozgorailu bihurtu ziren.

Izan ere, orduko euskal politikariek Madrilgoekin ez zutela konfrontaziorik gura dio Izagirrek, eta, ondorioz, ez zutela lortu haiengandik gura zuten babesa.

Koadroaren erreplikak

Koadroa AEBetatik Espainiara eroan aurretik, 1977. urtean Gernikako epaitegian jarri zuten Picassoren koadroaren erreplika da batzordearen beste ekintza ezagunenetako bat. Udaletxearen aurrean zegoen orduko epaitegia, eta Arte Ederretako ikasle talde batek margotu zuen. Gero, haien artelana institutura eroan zuten, eta han izan zen hainbat urtetan. 1981ean, berriz, Picassoren jaiotzaren urteurrenean, kultur etxearen aurrean horma irudiak margotu zituzten herriko Arteskolako irakasle eta ikasleek.

90eko hamarkadaren erdialdean, euskal artista ezagunek egin zuten artelan ospetsuaren erreplika. Bakoitzak parte bat margotu zuen. Hura ere epaitegi aurrean jarri zuten lehenengo, eta institutura lekualdatu zuten gero.

Halaber, Gernika Espainiara eroan zutenean hainbat ekintza egin zituzten. Esate baterako, Klin, klan, klon kanpainaren barruan, koadroaren neurriak oinarri hartuta, Espainiako ministroari buruzko parodia antzeztu zuten Gernikako Pasealekuan, inguruko mendietatik adarra jotzen zuten bitartean.

Reina Sofian protestan

Bonbardaketaren 50. urteurrenean protesta Madrilera ere eroan zuten gernikarrek. Autobus bete herritar joan ziren Reina Sofia museora. Guernica Gernikara mezua elastikoetan zutela —bakoitzak letra bat— eta koadroaren aurrean jarrita egin zuten aldarrikapena. Batzuk barruan zeuden bitartean, beste talde bat museoaren ateetara kateatu zen.

Kateatuta zeudenak Poliziak atxilotuta eraman zituen, eta museo barruan zeudenek esan zieten haien kideak libre utzi arte ez zirela mugituko. "Ekintza hark Espainia osoan izan zuen oihartzuna", gogoan du Izagirrek.

Migrazioek utzitako arrastoak

Migrazioek utzitako arrastoak

Natalia Salazar Orbe

Beharrizanak bultzatuta zein beste herri batzuk ezagutzeko abentura goseak eramanda, betidanik, milioika gizon-emakumek utzi dute beren aberria eta beste leku batzuetara jo. Bidaia eta lekualdaketa horiek kulturen truke ugari ekarri dituzte. Eta jatorrizko herrira itzuli direnen kasuetan, bisitaldi horien eragin nabarmenak eraman dituzte. Horixe hartu dute ardatz, aurten, Ondarearen Europako Jardunaldiek. Etxetik kanpo: migrazioak eta kultur ondarea izenburupean, 300 jarduera inguru prestatu dituzte Bizkaiko 63 udalerritan. Historiaurreko gizakien migrazioak eta duela urte gutxira arteko migrazio mugimenduak aztertuko dituzte zenbait herritan. Jarraian, herri batzuetako jarduera horietako batzuk jaso dira.

AULESTI
Kridxedak

Historiaren kontakizunetan sarri ahaztuta utzi badira ere, emakumeentzako leku batzuk gorde dituzte jarduerotan. Aulestikoa da horien adibideetako bat. 1936ko gerraren aurretik eta ostean, hainbat eta hainbat neskatila joan ziren inude dirudunen etxeetara, neskame edo kridxeda lanak egitera. Emakume horiei egindako elkarrizketak jasota, film labur bat prestatu dute. Estreinaldia urriaren 28an egingo dute, ostiralez, udaletxeko ekitaldi aretoan. Euskarazko emanaldia 21:00etan hasiko da.

BARRIKA
Lehen migrazioak

Jakina da migraziorako joera antzina sortu zela. Horren adibide baten berri emango dute Barrikan. Bisita gidatu baten bidez, Kurtziomendi aztarnategia ezagutuko dute bisitariek. Historiaurreko gizakiek erabiltzen zuten silex lehengai garrantzitsua eskuratzeko gune nagusia zen berau. Duela 300.000 urtez geroztik ehiztari eta biltzailez osatutako lehenengo migrazio taldeek silexez egindako objektuak harrobi horretatik oso urrun zeuden Historiaurreko aztarnategietara nola eraman zituzten erakutsiko dute. Horrez gain, Kurtziomendi harrobiko silexa lantzeko tailerrak prestatu dituzte. Lanabes esperimentalak egingo dituzte horietan, Historiaurreko gizakiek egiten zutenaren antzera. Bisita urriaren 15erako antolatu dute; eta, tailerra, 29rako.

BASAURI
Eskarabillerak

Eskarabillerek trenetako eta lantegietako ikatzaren hondakinak jaso eta saltzen zituzten. Emakumeek egiten zuten lan hori. Eskarabillerak Basauriko historiaren isla dira, eta herritarren ikurra. Emakume horien eta XX. mendearen hasierako beste andre batzuen lana ezagutzeko, haien bizitzei buruzko bideo bat proiektatuko dute. Urriaren 9rako egin dute deialdia. Haurrentzako ipuin kontalariak eta tailerrak ere egongo dira.

BERANGO
Herritik mundura

Gerrek eragin dituzte migrazio mugimendu ugari; historian zehar iheslarien exodoa eragin dute. 1936ko gerran milaka gaztetxok alde egin behar izan zuten. Altair Markaidak hitzaldia emango du, bidaia horien ondorioz beste lurralde eta kultura batzuk ezagutu zituztenen jatorriei eta helmugei buruz mintzatzeko. Gertaera hark protagonistengan utzi zuen arrasto ezabaezina ere izango da hizketagai. Euskal kultura eraman zuten haiekin batera. Baita zabaldu ere. Urriaren 21ean entzun ahalko dira hitzaldi horren xehetasunak.

BERMEO
Euskaldunak Islandian

Euskal Herriko arrantzaleek urrutiko lurraldeetara jo dute mendeetan, baleak eta bakailaoa arrantzatzera. Islandiako lurretan izaniko zenbait esperientzia eta abentura jasotzen dituen erakusketa izango da ikusgai Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Eta hitzaldi bat ere emango dute hilaren 18an. Islandiako herritarrekin izan zuten harremana ezagutu ahalko da; bereziki, XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, merkataritzaren zein giza harremanen ikuspegitik. Gogora ekarriko dituzte bortitzak ere izan ziren desadostasunak eta bat egiteak. Horiek guztiek elkarrekin bizitako historia islatzen dute. Eta horien memoriak eta eragin kulturalak bizirik iraun dute gaur egunera arte, hainbat arlotan: linguistikan eta Islandiako jantzi tradizionaletan, kasurako.

BILBO
Historiako migrazioak

Gizakien migrazioak kultur trukerako tresnatzat eta komunitateen arteko komunikazio eratzat ere jo daitezke. Ideia horren gaineko gogoeta zabaltzeko asmoz, bost hizlarik historian zehar izan diren biztanleria mugimenduetako batzuk erakutsiko dituzte. Gizakia Afrikatik atera zenetik, eta godoak Inperioaren mugen barruan kokatu zirenera arte. Urriaren 18an hasiko dituzte saiook, Arkeologia museoan.

Beste herri gehienetan ere ekitaldi bat baino gehiago antolatu dute. Bilbon hainbat lekutan izango dira jarduerak. Iraganeko migrazioak azterturik, gaur egungo esperientziak islatuko ditu, besteak beste, Mundu Walk izeneko saioak. Munduko hainbat lekutako pertsonak bizi dira San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan. Jaioterriak utzi eta beste leku batera alde egin behar izan duten bizilagunak dira. Pertsona horiei merezitako aukera berria lortzen laguntzen dieten auzo elkarteak ezagutzeko ibilbide gidatu bat antolatu dute urriaren 4 eta 18rako.

Migrazio mugimenduetan ezin ahantz zitekeen Ameriketara artzain lanetan joan ziren euskaldunen historia. Bakardade handian murgilduta, artzainek zuhaitzen enborren azaletan grabatzen zituzten irudiak eta hitzak. Argazki erakusketa batean jaso dituzte arte iragankor horren zenbait eredu. Euskal Museoan izango da ikusgai.

Bizkaian izandako migrazioek eta euskal herritarrek Islandian eta Ameriketan utzitako aztarnei buruzko bost hitzaldi prestatu ditu, bestalde, Euskaltzaindiak. Euskararen aztarnak izango da lehenengoa. Gidor Bilbaok azalduko du pidgina komunikazio eredua. Hizkuntza horrek 745 berba dauzka. Euskara, islandiera, frantsesa eta ingelesezko 745 berba gordetzen ditu.

ELORRIO
Auzokide exotikoak

Kultur adierazpenez gain, lorategiak ere zibilizazioaren eta naturaren arteko lotura hertsien adierazpide dira. Hala dio Lorategi Historikoen Florentziako Gutunak. Hori hala dela egiaztatu nahi dutenentzako, Elorrioko jauregi batzuetako lorategietan barrena ibiltzeko aukera eskainiko dute urriko bi asteburutan. Urrutitik ekarritako zuhaitzak ikusi ahalko dituzte ibilaldi gidatuotan parte hartzen dutenek.

ERANDIO
Langileeen etxeak

Industrializazioak eskulan ugariren beharrizana sortu zuen Bizkaian. XIX. mendearen bukaeraz geroztik, Erandiora langile asko joan ziren bizitzera eta lan egitera. Altzaga auzoan hartu zituzten horietako asko. Horretarako, etxebizitza eredu berriak eraiki ziren: alokatzeko eraikinak, etxe merkeak eta etxebizitza multzoak egin ziren, besteak beste. Bisita gidatua egingo dute urriaren 22an.

KARRANTZA
Indianoen oihartzuna

Indianoen migrazio mugimendua da jardunaldiotan aztertuko den beste alor bat. XVIII eta XIX. mendeetan herritar askok, Ameriketan edo Filipinetan aberastu ondoren, patronatuak eta fundazioak sustatu zituzten euren jaioterrietan. Sainz Indo fundazioa da adibide horietako bat. Karrantzako bisita hori baliatuta, indianoek sorterrian izan zuten garrantzia eta oihartzuna aztertuko dituzte.

KORTEZUBI
Nomadak

Kulturaren eta historiaren transmisioak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da txikienek ere horren berri izatea. Haientzako jarduerak ere antolatu dituzte hainbat herritan. Kortezubi da horietako bat. Jokoak baliatuta, 6 eta 12 urte arteko gaztetxoek ikasiko dute Historiaurreko biztanleak ez zeudela beti haitzulo berean. Bizirik irauteko baliabideen bila leku batetik bestera mugitzen zirela. Halaber, Santimamiñe inguruan nagusi ziren animalia eta landare espezieak zeintzuk ziren ere azalduko diete. Euskaraz egingo dute jarduera, urriaren 15ean.

LARRABETZU
Burdin Hesiaren arrastoak

1936ko gerraren gehiegikeriak presente izango dira jardunaldien barruan. Armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zeneko 80. urtemuga bete berri da. Altxamendua gertatu zenetik hilabete batera hasi ziren eraikitzen matxinatuen kontra babesteko sistema, Larrabetzun. Milizianoek, herritarrek eta Gipuzkoatik etorritako errefuxiatuek eraiki zuten. Lubakiak hondeatu, eta metrailadore habiak eta babeslekuak egin zituzten. Hiru belaunaldi igaro dira orduz geroztik, baina, memoria historikoa berreskuratzearen garrantziaz jabetuta, larrabetzuarrek ondare hori berreskuratu dute. Eta bisita gidatuak egiten dituzte. Urriaren 29rako antolatu dute bat.

LOIU
Ingelesen hilerria

Migrazioak mugimendua eta bizitasuna iradokitzen baditu ere, mugimendu horren protagonistak, urteen poderioz, hil egiten dira. Bizitzaren prozesu horren erakusgarri, Loiun hilerri bitxi bat dago. Britainia Handiko koroaren mendeko enklabe bat da. 10.000 metro karratu dituen hilerria: Ingelesen hilerria. 1926. urtean egin zuten, katolikoak ez ziren pertsona ingelesak eta beste leku batzuetakoak ehorzteko. Azken mendeetako Britainia Handiaren eta Bizkaiaren arteko harreman sakonen lekukoa da.

OROZKO
Teilaginen hizkera

Gorbeialde ingurura ere iritsi ziren migratzaileak. Eta, gaur egun sarri gertatzen den legez, bertakoek nahi ez zuten lanbide batean aritzen ziren. Arearrietako teileria dago Orozkon. Bertakoek ez zuten batere gogoko ogibide hura; iraingarritzat jotzen zuten. Hala, sasoikako langileek hartu zuten: lehenengo, Kanbotik (Lapurdi) iritsi ziren, eta gero, Asturiastik. Kulturen truke horrek hizkera berezi bat sortu zuen: teilaginen hizkera, xiriga. Asturiasko ekialdeko teilaginek euren artean erabili ohi zuten mordoiloa Euskal Herrian ikasitako berbekin nahastuta osatu zuten. Felix Mugurutzaren eskutik izango da xiriga ezagutzeko aukera, urriaren 22an.

ZEANURI
Karea egiteko prozesua

Kareak izan zuen erabilgarritasuna ezagutzeko, San Justuko karobia bisitatzeko aukera eskainiko dute, Zeanurin. Hainbat gauzatarako erabiltzen zuten karea: eraikuntzan, morteroa lortzeko eta baserriak zuritzeko kare-esnea egiteko; nekazaritzan, ongarri moduan; abeltzaintzan, kortak desinfektatzeko...

Kareaz gain, energia sortzeko eremu bat ere badu herriak: Barazarko zentral hidroelektrikoa. Lurpean ezkutatuta dago. 1950eko hamarkadan Bizkaiko Labe Garaiei zerbitzua emateko egin zuten. Zehazki, 1948. eta 1950. urteen artean eraiki zuten. 3.000 pertsonak egin zuten lan eraikuntza lanotan. Gehienak etorkinak ziren. Undurraga auzoan bizi ziren horietako asko eta asko. Urriaren 19rako antolatu duten ibilbide gidatuari esker, toki berezi hori eta bertako 12 kilometro eta erdiko tunela ezagutuko dituzte bisitariek.

Informazio zehatzagoa bildu nahi izanez gero:

bizkaikoa.bizkaia. eus/jep

Eserlekuei izena jartzeko eguna

Eserlekuei izena jartzeko eguna

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kalkuluak eta zenbakien dantzak. Eserlekuak gora ala behera. Irabazi ala galdu. Indar korrelazioei buruzko inkestak eta emaitza posibleak. Kinielak. Azken astean askotarikoak izan dira Eusko Legebiltzarreko eserlekuen banaketari buruzko iritzi eta ikerketak. Etzi argituko dira zalantza horiek guztiak. Gaur dute alderdiek kanpaina egiteko azken eguna. Atsedena hartuko dute bihar. Eta igande gauean jakingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek zer erabaki duten. Eusko Legebiltzarra osatzen duten 75 eserlekuetatik 25 aukeratuko dira etzi Bizkaian. Bertan erroldatutako 947.633 herritarrek izango dute eserlekuen banaketa erabakitzeko aukera lurraldean.

Iragarpen guztien arabera, jeltzaleak gailenduko dira beste behin Bizkaian. Baina ikusteko dago Elkarrekin-Podemos koalizioaren agerpenak eserlekuen banaketan zer eragin izango duen. Iazko maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan indartsu sartu zen Ahal Dugu alderdia lurraldean. Eta indar horri eutsi dio Espainiako Kongresurako hauteskundeetan ere —EAJk baino boto gehiago lortu ditu ekainekoetan—. Lehen aldia du koalizio moreak Gasteizko parlamenturako hauteskundeetan, eta, alde batera edo bestera, mapa politikoaren kolorea aldatuko du hautagaitza berriak. Edonola ere, azken astean kaleratutako inkesten arabera, alderdi berriak ez du EAJren indarra higatuko Bizkaian.

Biltegi segurua da Bizkaia EAJrentzat. EAJren feudo izendatu izan da lurraldea sarri, jeltzaleek historikoki bertan izan duten nagusitasunaren adierazgarri gisa. Eta ez dirudi igandeko hauteskundeetan ezusteko handirik izango denik. Inkesten arabera, aise irabaziko luke EAJk lurraldean; 25 ordezkaritik 11 eserleku eman dizkiote azken azterketek. Lasai dago, hortaz, EAJ. Eta, hain zuzen, orain arte izan duen nagusitasunak emandako "egonkortasun" hori izan da jeltzaleen hauteskunde kanpainako bandera nagusia. Atzera begira jarri da EAJ azken hilabetean. Orain arteko gestioaren defentsari eutsi dio, eta egonkortasun hori aurkeztu du etorkizunerako "berme" gisa.

Eserlekuen dantza

EH Bildu da legebiltzarreko bigarren indarra. Indartsu sartu zen koalizioa parlamentura 2012ko hauteskundeetan—21 eserleku lortu zituen, jeltzaleek baino sei gutxiago—. Eta horietatik sei ordezkari lortu zituen koalizioak Bizkaian. Aurreikuspenen arabera, eserleku gutxiago lortuko ditu koalizio abertzaleak igandean erabakiko den legebiltzarrean. Eta bi dira, EH Bilduri dagokionez, hedabide zein ikerketek plazaratu dituzten zalantza nagusiak: bigarren posizioari eutsiko dion ala ez, eta, eustekotan, zer-nolako indarrarekin eutsiko dion. Inkesten arabera, bigarren indarrari eutsiko lioke Bizkaian, baina duela lau urte baino eserleku gutxiagorekin.

Elkarrekin-Podemos koalizioaren agerpenak badu beherakada horretan zerikusirik. Aurreikuspenen arabera, koalizio morearen agerpenak EH Bildu eta PSE-EE higatuko ditu gehien. Badaki hori Elkarrekin-Podemosek. Eta, norabide horretan, botoak berenganatzeko kanpaina egin du hasieratik, diskurtsoan erabakitzeko eskubidea eta eskubide sozialak erdigunean jarriz. Hutsetik abiatuko da koalizio morea; aldez aurretik ez du ordezkaritzarik izan Gasteizen, eta hirugarren indarra izan liteke datorren legegintzaldian. Edonola ere, berritasunaren kolpea galdua du jada koalizioak. Eta ikusteko dago orain arte erakutsitako indarrari eutsiko dion ala ez.

Ezbairik gabe, sozialistak eta popularrak izango dira igandeko hauteskundeetako galtzaile nagusiak. Ez du eginkizun erraza PSE-EEk Bizkaian. 2012ko legebiltzarrerako hauteskundeetan nabarmen egin zuen behera Idoia Mendia buru duen alderdiak. Eta norabide berean jarraitu du ordutik. Iragarpen guztien arabera, hondoa joko dute sozialistek igandeko zitan; hiru lurraldeetan ordezkaritza erdira jaisteraino.

Berdin PPk. Izugarria izan da azken hamarkadetan alderdiak izan duen beherakada. Eta horri guztiari azken urteetan izan diren barne gatazkak gehitu behar zaizkio. Bizkaian hiru ordezkari lortu zituzten 2012an, eta, inkesten arabera, eserleku bat galduko dute igandean.

Azken hamarkadan estatu alderdiek indarra galdu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Udaletan, Batzar Nagusietan eta legebiltzarrean gero eta ordezkari gutxiago dituzte PSE-EE eta PPk. Joera hori aldatu du Elkarrekin-Podemosen agerpenak. Eta badirudi indartsu sartuko dela legebiltzarrean. Edonola ere, berrikuntza dakar koalizio moreak: orain arteko estatu mailako alderdiek ez bezala, erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera erakutsi du. Legebiltzarraren osaketan, erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek izango lukete, hortaz, gehiengo osoa.