Albisteak

Biziaren bermatzaileei so

Biziaren bermatzaileei so

Natalia Salazar Orbe

Martxa honetan, 300 urteren buruan basorik gabe geratuko gara". Iragarpen latz eta beldurgarri hori egin du Leo Simoesek, Begira Photo jaialdiko zuzendariak. Jaialdia antolatzeko egin duten ikerketa baten ostean atera dute ondorio hori. Balizko etorkizun beltz hori aldatzen laguntzeko harri koskorra jarri nahi dute. Hala, Basoa du izenburu eta ardatz aurtengo jaialdiak.

Ziklo tematiko bat abiatu du Begira Photok. "Bertan, gizakiak lurraldearekiko duen harremana, eta lurraldeak gizakiarengan eragina duela islatu gura du". Trilogia baten lehen atala da Basoa. Haren ostetik iritsiko dira Harria eta Ura. Hala, mendiek eta ibaiek eta itsasoek hartuko dute protagonismoa datozen edizioetan. Helburu berari eutsiko dio jaialdiak denetan: "Geografiarekin eta lurraldearekin zer gertatzen den kontatzen saiatuko gara. Beti ere, alde ekologikoa nabarmenduz".

Martxan den jaialdiak edizio "politikoagoei" zabaldu dizkie ateak. "Argazkilaritzak eta arteak ere jarrera hartu behar dute gizarteko arazoen aurrean. Bizi garen ingurunea errespetatzearen garrantziaren gainean pedagogia egin nahi dugu; gizaki gisa, basoetako baliabideak gehiegi esplotatzen ari garela jabetu gaitezen. Logika ekologikoa ekonomikoaren aurrean gailentzen den begirada zabaldu nahi dugu".

Betebehar hori gauzatzeko, erakusketetan ikus daitezkeen argazki gehienetan, itxuraz behintzat, ondo zaindutako basoak ageri dira. "Begirada poetikoa gailendu da".

Gizakiaren portaera aldatzeko ekarpena egiten saiatu gura du jaialdiak. "Ezkorra naiz, dena den. Ez dakit honek guzti honek konponbiderik duen. Hala ere, nahiko genuke aldaketa eragin ahal izatea. Baina hori ez dugu epe laburrean ezagutuko, noski".

Hiru erakusketak osatzen dute Kinua argazki elkarteak bultzatutako kultur egitasmoko Basoa-ren egitura: Zuhaitzen lekua, Frozen Trees eta Zuhaiztia. Misha Ridder, Regina Anzenberger, Pablo Castilla eta Ellen Bornkesselek ateratako zuhaitzen paisajeak daude ikusgai lehenengoan. "Hamabi argazkik osatzen dute, formato eta tamainu anitzetakoak. Bakoitzak basoari buruzko ikuspegi bat du; eta teknika bat baino gehiago landu dituzte".

Bertako ordezkaria

Euskal Herriko artista bati lekua ematen dio bigarrenak. Imanol Marrodanek landutako Frozen Trees Zornotzan ikus daiteke. Izoztutako zuhaitzen irudiak hartu ditu argazkilariak. "Urte asko egin ditu Anboto mendiaren inguruan lanean. Marrodanek ilusio handia zeukan proiektua garatu den lekutik gertu ikusgai jartzeko". Banakako erakusketa bakarra da; gainerakoak kolektiboak dira.

Maiatza, ekaina eta uztaila artean argazkiak jasotzeko nazioarteko deialdia egin zuen Kinua argazki elkarteak, Zuhaiztia erakusketa kolektiboa osatzeko. 44 argazkiz osatutako laginak hainbat lekutan dituzte ikusgai: "Zati bat Arte eta Historia museoko lehenengo solairuan dago, Durangon. Zuhaitzen lekua eta Zuhaiztia ditugu bertan. Bata bestearengatik ondo bereizita dago, marko eta guzti, ohiko erakusketetan legez". Erakusketaren beste atal bat Iurretan dago, belaki batzuetan jarrita. Beste zati bat Plateruena kafe antzokiaren fatxadan dute, eta, azkena, Abadiñoko Errota kultur gunean.

Barrualdeko eta kanpoaldeko erakusketak prestatu dituzte, beraz. Durango, Iurreta, Zornotza eta Abadiñoko agertokiek hartu dituzte bertako eta atzerriko artisten lanak. Argazkilaritza kalera ateratzeko nahia beti izan dute Leo Simoesek eta haren taldeak. Eraikinen fatxadak eta herrietako beste eremu batzuk baliatu dituzte horretarako. Iurreta eta Durango lotzen dituen zubia da ekimen horren adibideetako bat. Mugakideak dira bi herriok. Bata bestearen mendekoa zen aspaldi. Geroago, Iurreta desanexionatu egin zen, eta bere autonomia berreskuratu zuen. "Ibaizabal ibaiaren gainean belaki handietan kokatu ditugu argazkiak. Era horretan, argazkilaritza edozein herritarrengana irits daitekeela bermatzen dugu. Izan ere, egunero, gutxienez, 400 lagun pasatzen dira zubi horretatik".

Zornotzako Zelaieta kultur etxearen fatxada ere arbolen irudiez jantzi dute. "Etxe barruan erakusketarako nahikoa lekurik ez dago. Hala, belakiak jarri behar izan ditugu eraikin horren fatxadan ere".

Aurten bete dute jaialdia Durangotik eskualdera zabaltzeko betidanik izan duten ametsa. Ez da izan lan erraza. "Ez dago erakusketarako leku askorik Durangaldean. Argazkilaritza tradizio handirik ere ez dago. Argazkilaritza arte eta kultur jarduera gisa hartuta, noski". Hala ere, sustraiak lurrean barrena zabalduz doaz. Indarra hartuz doa, beraz, Begira Photo. "Hala dela pentsatu eta sinetsi gura dugu".

Pentsamendu garaikideaz

Argazkiak erakusteko jarduera hutsetik harago doa Begira Photo. Argazkilaritza Mintzagai jardunaldiak prestatu dituzte azarora begira. "Jaialdiak sormen artistikoa sustatzen du. Baina baita irudi fotografikoen inguruko pentsamendu garaikidea ere. Pentsamendua sustatzeko espazioa da hau. Argazki liburuek eta erakusketek sormena defendatzen dute, eta jardunaldiek, pentsamendua".

Jaialdiari bukaera emateko saiook azaroaren 11n eta 12an egingo dituzte. Hainbat gonbidatu izango dituzte hitzaldietan eta mahai inguruetan parte hartzeko. Hainbat gai izango dituzte mintzagai: sormena argazkilaritzan, argazkiak ikusleengana iritsi ahal izateko zabalkundea, eta kritika zein kritikarik eza. "Behin eta berriro errepikatzen ari garen ardatz horien inguruan eztabaidatuko dugu: lanaren sozializazioa, argazkilaritzaren inguruan dauden rol anitzak... Argazkilariez gain, badaude beste aktore batzuk: argitaratzailea, galerista... Argazkilaritza biltzen duen guztiari lekua egiten saiatzen gara pentsamendu foro honetan, rol anitzetatik aztertuta".

Irudien eta pentsamenduen zurrunbilo horretan barneratuta, jaialdia zenbait argazki liburu sustatu eta aurkezteko ere baliatu du Begira Photok. Carmen Riveroren Pérdida de lo absoluto; Ximena Almeydaren Calma, eta Jesus Mari Aruabarrenaren Friederike argazki liburuak aurkeztu zituzten joan den astean. Horiekin batera aurkeztu zituzten Noctis Photobooks eta Pewen Cuadernos de Fotografía proiektuak ere.

Basoaren misterioak utziko ditu agerian aurten Begira Photo jaialdiak. Ikuspegi anitzak islatzen dituzte argazkiek. Lanok, adarrez betetako baso ezkutuetan zein hiri barruko zuhaiztietan murgilduko dituzte ikusleak. "Irudietako askotan arbola bakar bat ageri da. Hala ere, zuhaitz mordo batek elkarrekin osatzen duten multzoa da baso bat. Landaketak, ziurrenik mendeetan zehar hor egon diren basoak eta eta hondamendiren bat edo beste uztartu ditugu; suteak, batez ere". Basoaren barreneko poesia azaleratzen duten irudiak euren jatorrizko bizilekuetatik kanpo atera dituzte, eta herritarrei, meditazio eta gogoetarako leku zoragarri gisa aurkeztu, irudi ezkorrak, gehienetan, bazter utzita. Eta beti ere, zaindu beharreko leku paregabe legez azalduta. Zuhaitzak bizitzaren berme direlako.

Oroimena sototik atera dadin

Oroimena sototik atera dadin

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Makuesa da Arantza Bengoa; elantxobetarra, alegia. Hitz berezi hori erabiltzen dute herrian herritarrak deitzeko. Arrantzaleen soto batean argazkia atera dio Iñigo Azkonak Bengoari, gutun azal bat eskuetan duela. Eta, argazkiari, testua jarri dio Xabier Enbeita bertsolariak era berean. Hala dio: "Berba idatziek beti ez dabe gaurko estresik euki. Orain dala ez horrenbeste arte hausnarketarako tartea eukien, euren artean hausnartu ostean ordena egokian gutuneratuten ziran. Mahatsa haretxezko kupeletan bezela, botiletan igeri edo usoekaz hegan, onduta helduten ziran. Garai haretako gutunak berba egiten eben". Elantxoben arrantzak izan duen tradizioa gordetzeko, Makuesak izeneko erakusketa osatu dute Azkonak eta Enbeitak. Liburua argitaratu zuten lehenik, eta erakusketa ere prestatu dute, 50 argazkirekin. Bilboko Itsas Museoan dago ikusgai, azaroaren 27ra arte.

Tradizioz, itsasoarekin eta arrantzarekin harremanetan egon da kostako herri hori. Elantxobeko ekonomiaren eta kulturaren ardatza izan da itsasoa urte luzez, eta jarduera horren inguruan antolatu dute makuesek bizimodua. Baina aldatzen ari da Elantxobek arrantzarekin izan duen lotura hori. Urteak dira Elantxobeko portuan arrantza ontzirik ez dagoela. Zehazki, sei urte igaro dira Anaitasuna izeneko azken ontziak herriko kaia utzi zuenetik. Eta, herriaren ardatza izan den jarduera hori betikotzeko, herritarrekin berekin osatu dute lana Azkonak eta Enbeitak. Herritarrei erretratuak atera, eta izoztu egin dute garai bateko Elantxobe. Arrantzaleen soto batean egin dituzte argazki guztiak. Eta irudietan sortzen den giroak itsasora murgiltzen du ikuslea, berehala.

Herritarrak protagonista

Saregileak, arrantzaleei jaten edo edaten eman dieten tabernariak, kontserberetan lan egiten zuten herritarrak... Horiek guztiek egin dute Elantxobe, Makuesak egitasmoaren egileen arabera. Eta, horregatik, elantxobetarrak elkartu eta beren historia eta istorioak lehen planora ekarri dituzte, itsasora lotutako Elantxobe hori gogoan gordetzeko. Herria itsasora lotuta egongo delako beti, Makuesak erakusketaren egileen arabera.

Sareak josten jarri dituzte, adibidez, Libe eta Amaia Gueneaga. 83 urtekoa lehena, eta 79 urtekoa bigarrena, sotoan biak. Irudia hartu du Azkonak, eta andre bien ahotsari hitzak jarri dizkie Enbeitak. "Zenbat lan sareetan antxoak noz jausiko, zenbat lan kontserba ontziak hutsik ez egoteko, zertarako ondorengorik ez badator? Itsasoa agortu dogun edo ez jakiteko be gure etorkizuna bermatu behar dogu". Berdin arrantzara lotutako hirukote bat. Sotoan, zutunik. "Aspaldiko lagunen oroitzapenetan lapurrak beti zelatan, konturatu orduko kontakizunaren berak haizeak eroaten dauz. Nora baina? Zertarako? Arrantzaleen liburuak hutsik dagoz lapurtutako istorioak noz itzuliko zain".

Elantxobe ez da garai bateko Elantxobe. Baina izandakoaren pasarte bat gorde dute Azkonak eta Enbeitak. Baita ezagutzera eman ere. Herrian bertan jarri zuten ikusgai erakusketa lehenik, eta, ordutik, Zarautz, Ondarroa eta Gernikatik igaro da erakusketa. Bilboko itsasadarrera ekarri dute orain.

Etorkizuneko Bilbo marrazten

Etorkizuneko Bilbo marrazten

Aitziber Laskibar Lizarribar

Aspaldi aldatzen ari den Bilbori beste bultzada bat eman eta erabat eraldatzeko lanean ari da udala. Irudikatzen ari da hiri eredu berria; gune bakoitzerako proiektuak lantzen, eta irudikatzen ari den hori marrazten. Jauzi horretarako gauza asko aldatu behar ditu. Eta, aldaketa horietarako, orain arteko plangintza egokitu beharra du. Hiri Antolaketarako Plan Orokorra da horretarako baliabidea. Berria egin beharra du, eta horretan ari da. Aurrera begirako proiektu nagusiak jasoko dituen oinarria izango da plan orokor hori. Oraingoz, ildo nagusiak jasotzen dituen testua aurkeztu du udalak. Aurreikusten dituen proiektu zehatzak jaso ditu bertan, eta, horietako batzuetan, ideiak betetzeko alternatiba desberdinak jarri ditu mahai gainean.

Egin nahi duen aldaketaren tamaina kontuan hartuta, herritarrak partaide sentiarazi nahi ditu udalak, eta parte hartzeko prozesu oso bat abiatu du horretarako: Aurrerago!. Bilboko zortzi barrutietako bakoitzean eginak dituzte aurkezpenak, prozesuan nola parte har daitekeen herritarrei bertatik bertara azaltzeko. Orain, bigarren fasea jarri du martxan.

Proposamenen gaineko eztabaidan aurrez aurre edo Internet bidez parte hartu ahalko dute herritarrek; bai norberaren izenean, bai elkarteen ordezkari gisa. Horretarako lehenengo baldintza izena ematea da. Azaroaren 18an amaituko da horretarako aukera. Bilboko Udalaren webgunean egin daiteke hori, www.bilbao.eus/aurrerago helbidean. Bertan, parte hartzeko inprimakia bete beharko da —udaltegietan ere izango da inprimakia betetzeko aukera—. Hiri Antolaketarako Plan Orokorrari buruzko informazio hitzaldira joatea, Bilbon erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago izatea dira parte hartzeko beste baldintzak. Prozesuan webgunearen bidez parte hartu nahi dutenek ere izena eman beharko dute, webguneko Foroa atalean.

Lantaldeetan zuzenean parte hartuko dutenak azarotik otsailera bitartean egingo diren batzarretako kide izango dira. Barrutika batuko dira lantalde horiek. Lau saio izango dituzte: plan orokorrari eta hirirako zein barruti bakoitzeko proposamenei buruzko informazio orokorra emateko izango da bat, eztabaidarako beste bi, eta lantaldeetatik ateratako ondorioak jasotzeko beste bat.

Behin plan orokorraren aurrerapenerako egindako ekarpenak jasota, jendaurrean egongo da proposamena bi hilez. Herritarrek eta eragileek iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izango dituzte orduan. Mikel Ocio Hiri Antolaketarako zuzendariak azaldu duenez, proposamen guztiak jaso eta aztertuko ditu udalak. Baita erantzun ere. Proposamenen egileei horiek aintzat hartuko diren edo ez erantzungo die, arrazoiak emanda.

Azken erabakia, hala ere, Bilboko udalbatzak izango du. Bertan erabakiko da zeintzuk izango diren plan orokor berria idazteko kontuan hartuko diren irizpide, alternatiba eta proposamenak. Behin betiko plana idazten hasterako 2017a izango da. Eta idazketarako beste hamabost bat hilabete beharko dira. Ociok 2018ko amaiera alderako espero du idatzia Hiri Antolaketarako Plan Orokor berria, bere zehaztasun guztiekin. Ondoren, beste urtebete inguruko tramitazioak egin beharko dira.

2020an hasiko dira lanak

Aurreikuspenen arabera, 2020. urtea izango da, beraz, plangintzan jasotako lanak egiten hasterako. Hori bai, aurrez lan batzuk prestatzen has litezkeela zehaztu du Ociok. Aurreikusitako plangintza osoa amaitzerako, berriz, hamabost-hogei urte igaroko dira.

Herritarrek zertan eragin ahalko duten ere aurreratu du Bilboko Hiri Antolaketarako zuzendariak: "Ideia batzuk hiriaren plan estrategiko gisa ditugu; horiek ez dira kolokan jarriko. Adibidez, ez dago zalantzan AHT Bilbora iritsiko dela, A-8a Errekaldetik desagertuko dela, Olabeaga eraldatu behar dela eta tranbiak Zorrotzaurrera joan behar duela. Galdera da nondik eta nola egin daitekeen hobeto".

Auzolanak eratutako Uribarri ezagutuz

Auzolanak eratutako Uribarri ezagutuz

Natalia Salazar Orbe
Diktadura frankistaren garaian sortu zen Gure Etxea auzo elkartea. Orain dela 50 urte, 1966. urtean. Beharrizan batek bultzatuta eratu zuten Uribarriko bizilagunek. Orduko egoera politikoari aurre egiteko, batetik, eta testuinguru ...

Hiria goldatzeko kimua

Hiria goldatzeko kimua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Inork iraultza egin nahi badu, egunero hiru aukera ditu: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan". Vandana Shiva ekofeminista indiarrak esandakoa izan du ahotan Hibai Castro Bilboko Laboreko kideak elkartearen jardueraz aritzeko. Oraindik ere ezezaguna da Labore, ez baitu hiriburuan bere burua aurkeztu. Baina bota du lehen harria. Zer jan eta zer erosi? Elikadura burujabetza helburu jardunaldiak antolatu ditu Bilbon, Gite-Ipes elkartearekin batera, urriaren 24tik 27ra bitarte. Elikadura burujabetzaren eztabaida hirigunera eramango dute jardunaldietan elkarte biek. Burujabetzari buruzko hausnarketak praktikara eramateko proposamenak aurkeztuko ditu Bilboko Labore elkarteak bertan.

Hausnarketa eta kezka berak elkartu ditu hiriburuko hainbat ekoizle, kontsumitzaile eta norbanako. Eta elikadura burujabetza bultzatzeko lanabes berria eratu dute Bilbon: Labore. Ekoizleak eta kontsumitzaileak modu zuzenean lotzeko espazio fisiko bat lortzea da, tartean, sortu berri den elkartearen helburua. Eta egitasmoari bultzada emateko bazkideak aurkitzea izango da, besteak beste, lehen lanetako bat, Castroren arabera. "Tokiko elikagaien salerosketa bermatuko duen espazio fisiko bat behar dugu hiriburuan, bertako nekazarien lanean oinarritu eta tokiko ekonomia mugituko duena. Kontsumitzaile eta ekoizleen arteko konfiantzazko harremanean aritu nahi dugu".

Ekoizpenari dagokionez, Euskal Herriko lurraldeen kohesioa bultzatu nahi du egitasmoak. "Hirigunean ala Bilbo inguruan ekoizten ez diren elikagaiak Euskal Herriko beste tokietatik ekartzea da asmoa. Euskal Herriko produkzioari lehentasuna ematea, alegia".

Ez dira hutsetik abiatzen Laboreko kideak. Hamaika dira Euskal Herrian azken bi hamarkadetan abiarazitako ekimenak. Eta Bilboko hainbat auzotan ere badaude tokiko produkzioa bultzatzen duten hainbat elkarte. Horiekin guztiekin elkarlanean aritu nahi du Laborek. Argi azaldu du hori Castrok. "Gu ez gatoz inor ordezkatzera. Asko dira gai honetan lanean ari direnak, eta guk gure alea jarri nahi dugu norabide horretan. Dauden elkarteekin hitz egin eta elkarlanean aritzea gakoa da guretzat". Harremanak egin dituzte dauden elkarteekin, eta oro har oso harrera ona jaso dutela azaldu du Castrok.

Edonola ere, Iruñeko Landare kooperatiba hartu dute Laboreko kideek eredu gisa. Duela hogei urte inguru sortu zen Nafarroako hiriburuko produktu ekologikoen kontsumitzaileen elkartea, eta 2.000 bazkide baino gehiago ditu gaur egun: 2.500 produktu baino gehiago dituzte hiriburuko Arrotxapean eta Atarrabian dituzten bi dendetan. Tokiko salerosketa bultzatzen du Landarek, eta elkartearen salmentako prezioaren %80 ekoizleek eramaten dute. Kudeaketa gastuak eta lokalekoak ordaintzeko erabiltzen da gainerako irabazia. Bukaerako prezioa ekoizle zein kontsumitzaileentzat "bidezkoa" izatea lortzen dute horrela.

Herritarren babes bila

Antzeko egitasmoa egin nahi du Laborek Bilbon. Eta bide horretan eman beharreko lau pauso aurreikusi dituzte jada. Bazkideak eta fundatzaileak aurkitzea izango da hasierako aldian elkartearen egiteko nagusia. Behin fundatzaileak lortuta, espazio fisikoaren eraikuntzan murgilduko da Labore. Eta lokalaren funtzionamendua bermatuko duen bazkidetza minimoa lortzea izango da eman beharreko hurrengo pausoa. Dendaren ateak behin betiko irekitzea izango litzateke laugarren eta azken urratsa. "Oraindik ere zenbakiak egiten ari gara. Pixkanaka haziko den egitasmoa izango da hau. Hasiera batean, sinesmenetik eta kontzientziatik proiektuan sinesten dutenak izango dira egitasmoari bultzada emango diotenak. Baina apurka-apurka zabaldu, eta herritar gehiagorengana iritsiko gara. Pixkanaka egingo dugu aurrera".

Bere buruaren aurkezpena egin behar du lehenik Laborek. Eta esku artean duten proposamenari forma emateko prozesu parte hartzailea jarri dute martxan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko. "Proposamena mahai gainera ekarri nahi dugu, eta herritarrekin eztabaidatu". Gite-Ipes elkartearen laguntza izango dute zabalpen horretan.

Nazioarteko Elikaduraren Eguna izan zen joan den igandean. Eta testuinguru hori baliatu dute hiriburuan elikadura burujabetzari buruzko hausnarketak eta kezkak mahai gainean jartzeko. Gaur egungo nekazaritza industriala iraunkorra da? Elikadura negozio bihurtzeak nora garamatza? Alternatibarik badago? Halako galderei erantzun praktikoak ematen saiatuko dira astelehenean hasiko diren jardunaldietan. Besteak beste, Iruñeko Labore kooperatibako kideak eta Juan Manuel Sanchez Gordillo Marinaledako alkatea (Andaluzia, Espainia) izango dira mahai inguruetan. Sarrera librea izango da.

Eguneroko jarduera

Bilbon gaia lantzen duen eragile eta norbanako asko dago. Eta, horien parte hartzea bultzatzeko, hiriburuko hainbat tokitan egingo dituzte mahai inguruak. Hala azaldu du Ibon Meñika Gite-Ipes elkarteko kideak. "Ekitaldiak deszentralizatu egin ditugu. Herritar eta elkarte gehiagorengana iristea erraztuko du horrek". Kafe Antzokian, Santutxu auzoko Karmelo ikastolan, Deustuko gazte lokalean eta Ekologistak Martxan plataformaren Ekoetxea egoitzan egingo dituzte solasaldiak.

Jardunaldien edukien garrantziaz aritu da Meñika. "Bilbo handian, hirigunean, eraldaketa klabeetan aritzea eta alternatibak ezagutaraztea oso interesgarria da. Elikatzea eguneroko jarduera da, eta kontzientziak astintzeko oso baliagarria: zer jaten dugun, nondik datorren, non ekoizten den, ekoizpen horrek zein helburu duen, non erosten dugun... hori guztia aztertu eta ondorioak konpartitzea oso garrantzitsua da". Hiriguneak ematen dituen aukerak ere aipatu ditu Castrok. "Hirigunean kokatzen dira supermerkatu eta denda handiak. Eredu horren alternatiba aurkitu nahi duenarentzat arnasgunea izan daiteke Laborek garatuko duen egitasmoa. Gune fisiko bat izatea oso garrantzitsua da bide horretan urratsak egiteko".

Txikitik handira, norbere eguneroko ekintzetatik abiatuta gogoetatzea beharrezkotzat jo du Gite-Ipeseko kideak. "Egunero era naturalean egiten duguna kontzienteki egiten dugun ala ez aztertzea oinarrizkoa da. Eguneroko erabakia da elikadurarena. Eta kontzientzia hartzen badugu, eraldaketarako aktibo bihur gaitezke".

Abiapuntua dira astelehenean hasiko diren jardunaldiak. Hiriburuko ekoizle, kontsumitzaile eta norbanakoak biltzeko eta hausnarketak partekatzeko beste urrats bat. Hiritarren kontzientziak goldatu nahi ditu Laborek. Kimatu dute lehen hazia. Ongarria behar du orain.