Albisteak

Musika, alde guztietatik

Musika, alde guztietatik

Natalia Salazar Orbe

Musikarekiko lotura estua dauka Urduña herriak. Datuek hala uzten dute agerian: 4.000 biztanle pasatxo ditu, eta musika talde ugari; denetarikoak: Santa Zezilia musika banda, abesbatza bat, Getxa Goi txistulari taldea, Kolektibo Liborio musika taldeen elkartea, hainbat musikari profesional eta euskal musika tresnen Fita Fik eskola. Era horretako herri bat izanik, aspalditik ospatzen dute musikarien eguna. Azken urteetan, denek elkarrekin antolatu dute. Hala, hilaren 22a Santa Zezilia eguna dela eta, Urduñako Musika Astea egingo dute.

Gaur hasita, bi asteburutarako hogei kontzertutik gora prestatu dituzte, eta hainbat jarduera. Betiere, "musika bizitzara ekartzeko asmoz. Nahiz eta berez Urduña herri musikala izan, eta musikarekin harreman zuzena duen". Hala azaldu du Eriz Perezek. Santa Zezilia bandarekin batera Musika Astea antolatzen duen Kolektibo Liborio elkarteko kidea da, eta Kultura zinegotzia.

Denetariko musika estiloez gozatzeko aukera emango du jaialdiak: rock, blues, pop, jazz, runba... Aurten berritasunak ere izango dira, gainera: "Bolero talde bi izango dira, rockabilly taldeak, flamenkoa, kubatar musika eta funkya. Denetarik dago entzuteko. Edozein gunetan edozein kontzertu" aurkituko dute bertakoek eta bisitariek.

V. Poteo Musikalaren barruan egingo dira kontzertu gehienak, Kolektibo Liborio elkarteak antolatuta. Bospasei tabernatan egiten dira saioak, aldi berean. Eguerdi edo gau aldera antolatzen dituzte kontzertuok. "Urduñan, jende ugari elkartzen duten lekuak dira tabernak". Hala, musika eramaten dute gune horietara. Virginia Alonso eta The Pushermen ariko dira gaur, lehen saioan.

Bihar eta etzi egingo dituzte aldi berean talde gehien elkartuko duten bi saioak. Arrakasta handiko ekitaldia izan ohi da. "Jendeak eskuko egitaraua hartzen du, eta tabernaz taberna joaten da leku bakoitzean zer dagoen entzutera".

Jarduera berezia

Urteekin kontzertu saioak antolatzen eta egokitzen asmatu dute. "Lehen aldian hamar kontzertu egin genituen aldi berean. Baina jendea kexatu egin zen, ezin zituztelako talde guztiak ikusi. Beraz, moldatu egin ditugu". Jarduera "bitxia" da. Eta, aurten, taberna gehiagok bat egin dute proiektuarekin.

Herriko musikari askoren lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du jaialdiak. Beti izaten dute lekua Musika Astean. The Pushermen, Versen, Peri & Gros, Siroka... Harrobi handia eta kalitatezkoa eta profesional mordoa dituzte Urduñan.

Agertokiei dagokienez, hainbat izango dira: Romulo, Mugalde eta Amnesia Inn tabernak, besteak beste. Foru plaza, gaztetxea, Alondegia, Andra Mari eliza eta herriko kaleak ere astinduko dituzte batzuen eta besteen soinuek.

Izan ere, musika modernoaz gain, klasikoak eta herrikoiak ere izango dute lekua. Urduñako musika taldeen kontzertuak emango die hasiera ospakizunei, gaur. Hainbat taldek parte hartuko dute: Fita Fik musika eskolak, Biguri eta Barcina jota abeslariek, herri kantak abesten dituen taldeak, Fernando Egiluzek, Urduñako Oilarrak taldeak, Getxa Goi Txistu taldeak, Urduñako Abesbatza elkarteak eta Santa Zezilia bandak.

Bestelako jarduera bitxi bat ere prestatu du bandak berak: Kontzertua familian. Datorren asteko ostiralean egingo dute, Alondegian. Zinemako, telebistako eta telesailetako soinu banden abestien kontzertua emango dute. Jarduera horrek ez daukala berritasunik aitortu du bandak berak. Baina, musikaz gain, bideo zatiak eta mozorroak ere baliatuko dituzte.

Familia osoarentzako ikuskizuna izango da. Hala iragarria zuen Jesus Urrutia Graciak. Santa Zezilia bandaren zuzendari gonbidatua da bera: "Denek gozatuko dute, adina gorabehera. Oso melodia ezagunak ditugu esku artean: Game of Thrones telesailarena eta The Magnificent Seven filmarena, kasurako. Haurrentzako filmen doinuak ere izango dira. Musikaren festa handi bat izan dadin saiatuko gara".

Berritasunak eta emozioak ematen diote xarma musikari, haren esanetan. "Jendeak gustuko izaten du musika klasikoa, eta ez da galdu behar; beti egongo da hor. Esperimentatzeko aprobetxatu behar dugu, ordea, eta gauza berriak egin behar ditugu".

Urteetan musika talde edo eragile bakoitzak bere kabuz antolatzen zituen musika emanaldiak bateratu egin ditu Musika Asteak. Santa Zezilia bandak lan handia egin du hainbat urtetan. Hala sinetsita dago Eriz Perez. "Oso garrantzitsua da musika banda bat izatea Urduña bezalako herri txiki batean. Tradizio handiko elkartea da". Taldeak egitarau propioa du jaialdiaren barruan.

Musika Astearen sustraiek heldu diote Urduñari; urteekin finkatu egin da jaialdia. "Jendea zain izaten da, euren agendetan sartua izaten dute". Etorkizunean ere bide horretatik jarraitzeko modua izan nahiko lukete. Eta berritasunak ere ez dituzte baztertu. "Ondo legoke pauso bat aurrera ematea". Hori lortzeko bidea egiten lagunduko dieten bidelagunen bila jarraitzen dute. "Bisitariei bertaratzeko deia egin nahi diegu. Asteburu bakar batean hogei kontzertutik gora ikusi ahal izango dituzte gurea bezalako herri txiki batean".

Gutxiago euskarari

Gutxiago euskarari

A. Laskibar- N. Salazar
Aldundiak 1.165 milioi euro izango ditu datorren urtean sailetan gastatzeko. Aurtengo kontuekin alderatuta, %1,1eko murrizketa esan nahi du horrek: 12,6 milioi euro gutxiago. Sail batzuek aurrekontu handiagoa izango dute, halere...

Eredu herrikoia amets

Eredu herrikoia amets

Aitziber Laskibar Lizarribar
Konpartsak, jai batzordeak, eragileak, herritarrak. Horiek izaten dira Bizkaiko herri eta auzo gehienetako jaien antolatzaile eta sustatzaileak. Jai eredu herrikoia defendatzen dutela esan ohi da, eta parte hartzaileak dire...

Gernika-Lumok, Nabarnizek eta Kanalak ere iragarri dute galdeketa

Gernika-Lumok, Nabarnizek eta Kanalak ere iragarri dute galdeketa

Ander Zarraga

Etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketetan parte hartuko duten herrien zerrenda luzatzen doa Busturialdean. Bermeo eta Busturia izan ziren kontsulten alde adierazpenak egin zituzten lehenak, orain Gernika-Lumo, Nabarniz eta Kanala auzoa batu zaizkie, eta apirilaren 2an egingo den galdeketarako herri gehiago batzea espero dute antolatzaileek.

Gure Esku Dago-k herrietan antolatu dituen dinamiken barruan, zapatuan 50 bat pertsonak elkarretaratzea egin zuten Busturiko Madariaga dorretxean. Ana Tere Bengoetxek hartu zuen adierazpena zabaltzeko ardura: "Herri heldua garelakoan gagoz, eta badakigu gure geroa zelan antolatu gura dugun", azaldu zuen, besteak beste, egitasmoaren zergatia.

Erabakitzeko eskubidea gauzatu gura dutela adierazi, eta datozen hilabeteetan Busturialdeko herri gehiago batuko zaizkien itxaropena azaldu zuen. "Inori ezer inposatu gabe, herritarrek geroa denon artean erabakitzeko eskubidea dugulako".

Aniztasuna

Zapatuko bateratzean jatorri, iritzi politiko eta herri ezberdineko pertsonak batu zirela nabarmendu zuen Alex Zenarruzabeitia Gure Esku Dago-ren Bizkaiko koordinatzaileak: "Hau ez da bakarrik abertzaleen kontu bat, ez da lurraldetasunaren inguruko kontu bat, ariketa demokratiko bat baizik; herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan ari gara lan egiten".

Euskal gizartea osatzen duten pertsona guztiengana heldu nahi dutela nabarmendu zuen. "Erabakitzearen alde egiten dugula diogunean, denaren inguruan erabaki nahi dugula diogu —adierazi zuen—. Busturialdean galdeketa egitea beharrezkoa zela ikusten genuen. Busturialde osoan egitea nahiko genuke, baina, oraingoz, Bermeo, Gernika-Lumo, Nabarniz, Kanala eta Busturian egitea lortu dugu".

Busturialdea osatzen duten hogei herrietatik bost horietan galdeketak egingo dituzte. Hala ere, beste herrietan ere lanean ari direla nabarmendu zuen Zenarruzabeitiak.

Galdeketa egingo duten herriak "iceberg baten tontorra" bezala deskribatu zituen, beste herri askotan egiten ari diren lana goratu nahian. Hain zuzen, oraindik ere, beste herri batzuetan galdeketak egitea posible dela uste du. Eta oraingoz galdeketarik aurreikusi ez arren beste prozesu mota batzuk abiatu dituztenen garrantzia ere nabarmendu zuen: "Etorkizunean hartuko dugun erabaki hori hartzeko momentuan, herritarrak ahaldun sentitzea nahi dugu".

Gernika-Lumon ere bai

Orain arte Gernika-Lumon galdeketarako bidean ekintzak egin badira ere, orain arte ez zegoen argi kontsulta egingo ote zen ala ez. Galdetzea lantaldeko kideek elkarrekin erabaki dutela jakinarazi du Iban Mintegi Gernika-Lumoko lantaldeko kideak, eta erabaki horren inguruan informatzeko jarduerak egiten jarraituko dutela erantsi.

Bermeon, Busturialdeko beste herri garrantzitsuenean, uztailaren 2an egin zuten erabakitzearen aldeko adierazpena plazaratzeko jaia, herritarren parte hartze zabalarekin. Antolatzaileek adostutako adierazpena irakurtzeaz gain, jai giroan ospatu zuten eguna, eta bozketa sinboliko bat ere egin zuten.

Busturia da adierazpena egin zuen eskualdeko lehen herria. Ekainaren 5ean plazaratu zuen ekimenean parte hartzeko nahia.

Hasiera batean, Busturialdean antolatzea kostatu zitzaiela aitortu dute sustatzaileek. Izan ere, haien esanetan, herri bakoitzaren errealitatea desberdina da; ez da gauza bera Gernika-Lumo edo Bermeo bezalako herrietan antolatzea, edo txikiagoak diren beste herrietan jendea mugiaraztea. Hala ere, behin jendea mugiarazita, erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketak antolatzeko ekimenak pixkanaka sortzen ari direla azaldu dute.

Sukarrieta eta Gautegiz Arteagaren artean banatuta dagoen Kanala auzoko herritarrek ere erabakitzeko eskubidearen alde bozkatuko dutela adierazi zuten zapatuko elkarretaratzean. Hala ere, auzo hori osatzen duten bi udalerrietan ez dute erabakitzeko kontsultaren inguruko adierazpenik egin.

Oraingoz Bizkaian dagoen halako kasu bakarra dela adierazi du Zenarruzabeitiak, eta erabiliko duten prozedura aztertzen ari dira. Hala ere, herritarren nahia nabarmendu du hark: "Borondatea badute, eta, hortik hasita, ikusiko dugu zer egin".

Haur eskola duina nahi dute Galdakaon

Haur eskola duina nahi dute Galdakaon

Natalia Salazar Orbe
Galdakaok beste haur eskola bat behar duen zalantzarik ez du inork. Hala ere, udalak proposatutako kokapena ez dute egokitzat jo hainbat gurasok, gaur egungo haur eskolako hezitzaileek eta oposizioko alderdiek. Desadostasun hori ad...

Bidezkoa dena kontsumitzeko deia

Bidezkoa dena kontsumitzeko deia

Alaitz Armendariz
Hamalaugarren aldiz, Bidezko Merkataritzaren Astea egingo dute Bilbon egunotan. Atzo hasi eta igandera bitarte, Areatzako kaian karpa handi bat egongo da, eta hainbat jarduera egingo dituzte, euren produktuak salgai jartzeaz gain. Be...

Aldaketen hiriburua

Aldaketen hiriburua

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Begi birekin begiratu beharrean, bi objektiborekin begiratzen zion Jesus de Etxebarria argazkilari bizkaitarrak munduari (Bilbo; 1882-1962). Argazki kamera hartu, eta hiru dimentsiotan Bilbo betieretzeko saioa egin zuen. Modernoa ...